Europako Junior Pilota txapelketa jokoan da asteburu honetan Belgikako Ath hirian. Euskal pilota selekzioarekin joanak ziren Umore Onako Alize Sagardui Lekuona goizuetarra eta Sarako Izarrako Manex Etxeberri Pacheco saratarra eta biek ere domina uzta ederra lortu dute. Denera, euskal selekzioak hamar domina eskuratu ditu, urrezko lau, zilarrezko bortz eta brontzezko bat. Alize Sagardui goizuetarrak bost domina lortu ditu (urrezko bi wall ball, zilarrezko bi eta brontzezkoa) eta Manex Etxeberri saratarrak bi (urrezkoa nazioarteko jokoan eta zilarrezkoa Llargues modalitatean). Gainera, aitortza berezia egin zioten Sarako pilotariari eta txapelketako gizonezko pilotari onenaren saria hartu zuen.
Osteguneko lehen jardunaldia Wall Ball espezialitateari eskaini zioten eta euskal ordezkaritzak sei final posibleetatik sei jokatu zituen eta urrezko eta zilarrezko hiruna domina lortu zituen. Tartean, emakumezkoetan, sub15, sub17 eta sub19 mailetako finalak jokatu zituen Alize Sagardui goizuetarrak eta lehen bietan txapeldun eta hirugarrenean txapeldun orde izan zen.
Ostiralean, nazioarteko jokoarekin segitu zuten. Gizonezkoen euskal selekzioa jaun eta jabe izan zen sub19 kategorian. Manex Etxeberri Pacheco saratarra, Dorkaitz Meabe, Ibai Arroitajauregi, Unai Zufiria, Ibon Erauzkin, Xuhar Iparragirre eta Aner Goikoetxea aritu ziren. Ligaxkako lau partidak irabaz zituzten, denak 6-1 edo 6-2 emaitzarekin. Finalaurrekoa ere 6-2 irabazi zuten, baina finalean jokatu zuten partidarik onena, etxeko taldeari, Belgikari, 6-0 irabaziz.
Emakumezkoen sub19 taldeak, bere aldetik, zilarrezko domina eskuratu zuen. Alize Sagardui goizuetarra, Malen Lamadrid, Intza Arruti, Uxue Lopez de Okariz eta Larraitz Galardi aritu ziren. Ligaxkako lehen bi partidak galdu ondotik, azken biak irabazi behar izan zituzten finalerdietara sailkatzeko. Finalerdian Valentziaren kontra egokitu zitzaien. Ligaxkako partida beraien kontra galdua baldin bazuten ere, finalerdian 6-2 irabazi zuen euskal selekzioak. Finalean, Herbeheren kontra 3-6 galdu zuten, 3-2 aurretik joan eta gero. Halere, sari bikaina izan zuten, zilarrezko domina
Larunbatean, Llargues modalitaterekin bukatu zuten. Euskal selekzioko gizonezkoek (Manex Etxeberri Pacheco saratarra, Ibai Arroitajauregi, Dorkaitz Meabe, Ibon Erauzkin, Unai Zufiria, Xuhar Iparagirre eta Aner Goikoetxea) zilarrezko domina lortu zuten. Aurreikuspen guztien kontra, Valentziari 6-4 irabazi zioten finalerdian. Finalean, Belgikaren kontra 2-6 galdu zuten, baina markagailuak erakusten duena baino lan gehiago eman zuten.
Emakumezkoen selekzioa ere lehen aldiz aritu zen Llargues modalitatean eta lehen brontzea lortu zuten. Alize Sagardui goizuetarra, Onintza Galdos, Intza Arruti, Larraitz Galardi, Malen Lamadrid eta Uxue Lopez de Okariz izan ziren taldeko kideak. Finalerdian, gerora txapeldun suertatu zen Herbehereen kontra 3-6 galdu zuten, baina brontzerako lehian 6-5 irabazi zioten Belgikari, azken tantoan erabakitako partidan. Historia egin dute, lehendabiziko parte hartzean brontzea eskuratuta.
Euskal selekzioko emakumeek domina uzta ederra lortu dute.
Txapelketako domina zerrenda ikusgarriari eta erakutsitako joko mailari esker, Euskal Pilota Selekzioak txapelketako selekzio onenaren saria ere lortu zuen. Manex Etxeberri Pacheco saratarrak, bere aldetik, pilotari onenaren saria eskuratu zuen.