Europako Junior Pilota txapelketa jokoan da egunotan Belgikako Ath hirian. Euskal pilota selekzioarekin joanak dira Umore Onako Alize Sagardui Lekuona goizuetarra eta Sarako Izarrako Manex Etxeberri Pacheco saratarra. Lehen jardunaldia Wall Ball espezialitateari eskaini zioten eta euskal ordezkaritzak sei final posibleetatik sei jokatu zituen eta urrezko eta zilarrezko hiruna domina lortu zituen. Tartean, emakumezkoetan, sub15, sub17 eta sub19 mailetako finalak jokatu zituen Alize Sagardui goizuetarrak eta lehen bietan txapeldun eta hirugarrenean txapeldun orde izan zen.
Hiru finalak Valentziaren kontra jokatu zituen Alize Sagarduik eta Onintza Galdosek osatutako bikoteak. Sub15 finala 2-1 irabazi zuten, sub17 finala 2-0 eta sub19 finala 0-2 galdu zuten. Azken honetan, Galdosek min hartu zuen lehen jokoan eta ezin izan zuen segitu. Horren ondorioz, lehen jokoa galdutzat eman zioten. Intza Arruti sartu zen bigarrena jokatzera Sagarduirekin batera, baina bigarren jokoa ere galdu egin zuten.
Gizonezkoetan ere Wall Ball modalitateko hiru finalak jokatu zituen euskal selekzioak. Sub15 mailan, Aner Goikoetxeak eta Xuhar Iparragirrek 2-1 irabazi zioten Valentziako bikoteari. Bertze bietan zilarrezko domina lortu zuten. Sub17 mailan, Ibon Erauzkinek eta Unai Zufiriak 1-2 galdu zuten Valentziaren kontra, finalerdian Belgika indartsua menperatu eta gero. Sub19 mailan, berriz, euskal selakzioak 0-2 galdu zuen Belgikaren kontra.
Gaur, ostirala, txapelketak nazioarteko jokoarekin segituko du eta, larunbatean, Llargues modalitaterekin amaituko da.
Junior mailako euskal pilota selekzioa
EMAKUMEZKOAK
Uxue Lopez de Ocariz Perez (Zaramaga)
Malen Lamadrid Mejías (Txumuluxueta)
Onintza Galdos Zancada (Lea Ibarra)
Alize Sagardui Lekuona (Umore Ona)
Larraitz Galardi Macazaga (Oiarpe)
Intza Arruti Lertxundi (Ziotza)
GIZONEZKOAK
Ibai Arroitajauregi Bernedo (Tornosolo)
Manex Etxeberri Pacheco (Sarako Izarra)
Dorkaitz Meabe Etxaburu (Txumuluxueta)
Ibon Erauzkin Oianguren (Lagun Onak)
Unai Zufiria Mayoz (Behar Zana)
Xuhar Iparragirre Aburuza (Behar Zana)
Aner Goikoetxea Betanzos (Lea Ibarra)
HAUTATZAILEAK
Egoitz Amantegi Zubillaga (Wall Ball)
Iñaki Esnal Aizpurua (Joku Zuzenak)
FEDERAZIOKO ARDURADUNAK
Lur Ziarrusta Intxaurtza
Aimar Amondo Gerrikabeitia