Nekazaritza lanak sute arriskuagatik debekatzea erabaki erabat arbitrarioa dela uste du EHNE sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 6a

Nekazaritza eta abeltzaintza lanak eta unean uneko baldintza atmosferikoak bateragarri egin zituen protokolo bat gauzatu da azken urteetan.

Nafarroako EHNE sindikatuak uste du Amparo López Barne, Nafarroako Gobernuko Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilariak atzo arratsaldean emandako Foru Agindua «erabaki erabat arbitrarioa dela» eta nekazaritza erakundeek aurreko bi urteetan suteen prebentzioaren inguruan Administrazioarekin egin duten lana «hankaz gora jarri duela sinadura batekin».

Denbora horretan, nekazaritza eta abeltzaintza lanak eta unean uneko baldintza atmosferikoak bateragarri eginen zituen protokolo bat gauzatzeak, emaitza onak eman zituela uste du EHNEk. «Hala, lan horiek meteoalerten bidez erregulatzea erabaki zen (muturreko tenperaturaren abisuak), koloretan bistaratuta: berdea, gorria, horia eta laranja, dagoen arriskuaren arabera».

Gaur, aipatutako Foru Agindua aplikatu behar den egunean, «Nafarroako zatirik handiena berdez dago, eta zenbait zonaldetan abisu horia baino ez dago», dio EHNEk. Biharko, erribera aldea laranja izanen da, erdialdea horia eta berdea, iparraldea eta Sakana. Eta ortziralean, erdiko aldea laranjaz. «Urrutira joan gabe, gaur goizean bertan, gure lurraldearen iparraldean, ihintzaldiak izan direla» gogorarazi du sindikatuak.

Horrela, Nafarroako eremu bakar bat ere ez da gorriz kontsideratzen datozen egun hauetan, «eta horregatik nekazaritza eta abeltzaintza lanak egiten jarrai daiteke, bere garaian nekazarien erakundeen eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ahaleginarekin egin zen 28 orrialdeko txostenak zehazten duen bezala».

EHNE sindikatuaren iritziz, «Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justizia Sailetik orain ezarritako aginduak ez du soilik dokumentu hori ezabatzen, baizik eta landa eremuko jendea ordezkatzen dugunon eta gure lanaren gainetik dago, azken hori funtsezkotzat jotzen baita duela ez asko, mundu mailako pandemia bat izan genuenean. Badirudi hori ere ahanzturan geratu dela, eta gaizki emanak direnean bakarrik hartzen gaituzte aintzat».

 

«Argudio horrekin, pentsa liteke AHTren edo Belateko tunelaren obrak ere gelditu beharko direla»

Nafarroako EHNEk gaitzetsi egiten du erabaki hori, «erabat arbitrarioa iruditzen baitzaigu, debekuaren iraupena irizpide subjektibo bati uzten baitzaio: baldintza meteorologikoak aldatu arte iraungo du. Eta berriro diogu lehen sektorea behar bezala araututa dagoela baldintza horiei dagokienez, aipatutako meteoalertekin».

Ikusitakoa ikusita, lehen sektoreak bere jarduera guztia gelditu behar badu suteak eragin ditzakeelako argudioarekin, «pentsa liteke AHTren edo Belateko tunelaren obrak ere gelditu beharko direla (leherketak eta makineria astunaren erabilera direla eta), trenen zirkulazioa edo errepideetan ertzak garbitzeko lanak», dio EHNEk. «Horrek guztiak txinpartak eta balizko suteak sor ditzake, baita, muturrera eramanez, herriko bestak edo erromeriak direla eta lurzoru urbanizaezinean egiten diren galdaratxoek ere. Horrelako lan eta ekitaldi guztiak ere debekatuko al dira?» EHNEren erranetan, «argi dago, gobernuaren erabaki batzuekin, zentzutasuna galdu dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun