Mugikorren inguruko kezka Bertizaranan eta Malerrekan ere zabaltzen ari da

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 29a

Mugikorrek haurren artean izaten ahal dituzten ondorioekin kezkatuta, lanean hasi diren Malerrekako eta Bertizaranako gurasoak. Argazkian batzuk falta dira.

Sakelako telefonoek haurrengan eta nerabeengan izaten ahal dituzten ondorioekin kezkatuta, Malerrekan eta Bertizaranan ere lanean hasi dira gurasoak. Bertzeak bertze, gaztetxoek etxera deitzeko pegatinak paratu dituzte hainbat tokitan eta horrez gain, konpromiso orria sinatu dute.

Malerrekan eta Bertizaranan ere ari dira: mugikor propioa izateak haurrengan eta nerabeengan izaten ahal dituen ondorioekin kezkatuak daude, eta kezka horiei taldean erantzutea errazagoa izanen dela pentsatuta, Malerrekako eta Bertizaranako hamar laguneko guraso taldea bildu eta mugitzen hasi da. Doneztebetik Joana Oteiza, Silvia Apeztegia eta Saioa Diosdado dira, Saldiastik Begoña Mitxeo, Iturendik eta Elgorriagatik Jaione Irisarri, Narbartetik Begoña Bertiz eta Esther Iriarte, Sunbillatik Larraitz Martin eta Ainara Ibarra, eta Legasatik Miren Urriza. Eskualdeko eta Euskal Herriko bertze guraso talde aunitzen gisa, bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, «sakelako telefonoa emateko adina gibelatu» nahi dute eta bertzetik, «mugikorra ongi erabiltzen erakutsi». 

Ondorioekin kezkatuak 

Malerrekan eta Bertizaranan ere, haurrek eta nerabeek mugikorrekin «harreman hurbila» dutela diote guraso hauek, «toki guzietan bezala». Zehaztu dutenez, «herri handietan, lehenago izaten dute mugikor propioa eta ttikietan, orokorrean, orain arte DBHra pasatzerakoan ematen zaie. Inon eskribitu gabeko praxia da hau: DBHra pasatu eta zuzenean mugikorra». Beraiek, ordea, «argi» dute; «mugikorrei alde onak ikusten dizkiegun arren, alde txarrak handiagoak dira. Hamabi urteko nerabe batek ez daki mugikor bat ongi erabiltzen, bere burua ez dago horrelako gailu bat edukitzeko prestatua. Bere garuna ez dago arrunt garatua adin horretan eta eskuragarri duten informazio guzia ezin du ez entenditu, ez asimilatu».

«Inon eskribitu gabeko praxia da hau: DBHra pasatu eta zuzenean mugikorra»

Gaztetxoak ez daude prest, eta gaineratu dutenez, «familiak ere ez. Arlo horretan mila buelta ematen dizkigute orokorrean, baina zoritxarrez, erabilpen txarra arrunt hedatua dago eta ondorioz, arriskuak hor daude. Gailu hau nahiko berria da eta orain ikusten ari dira bere ondorioak: ikasteko kontzentrazio falta, elikadura arazoak, depresioak, menpekotasuna...».

Urte hasieratik lanean 

Kezka horretatik abiatuta, urtarrilean hasi ziren Malerrekako eta Bertizaranako gurasoen taldea sortzen, eta bidea «hagitz erraza» izan dela onartu dute: «Aunitzek arazoa ikusten genuen eta hain gazterik mugikorra ematearen arriskuak zein diren jakin nahi genuen». 

Galdera horri erantzuteko, bi solasaldi antolatu zituen Doneztebeko Erreka Guraso Elkarteak. Horietako bat martxoaren 26an,Nafarroako Mugikorrik Gabeko Nerabezaroa Elkarteko kideekin egin zuten, eta bertzea maiatzaren 14an, Altxa Burua ekimeneko Mikel Cerezorekin. 

Etxera deitzeko pegatinak 

Bertzelako jarduerak ere egin dituzte. Alde batetik, «etxera deitzeko pegatinak paratu ditugu hainbat establezimendutan eta haurrek eta nerabeek pegatina duten toki horietatik etxekoei telefonoz deitzeko aukera dute». Donezteben Avia gasolindegian, Apezteguia Berrian, kiroldegian, liburutegian eta Suma, Lacar eta Garmendi TX dendetan paratu dituzte; Sunbillan farmazian, Marisol janari dendan, eta Fonda eta Bustitz ostatuetan;  Narbarten Esther dendan; Elgorriagan Abaoan eta herriko ostatuan; Iturenen herriko ostatuan eta Legasan Arotxa jatetxean eta Kattalin aterpean. 

Konpromiso orria

Bertzetik, «familiendako konpromiso gutuna sinatzeko aukera» zabaldu dute. Zehazki, 2025-2026 ikasturteari begira, borzgarren, seigarren eta DBH 1eko seme-alabei telefono adimenduak ez emateko konpromisoa eskatu dute. Hala ondorioztatu dute «gurasoak gero eta kontzienteago garela mugikorra hain goiz ematearen arriskuez». Kontatu dutenez, «seigarren mailako seme-alabak dituzten familien % 27k heldu den ikasturtean mugikorra ez emateko konpromisoa hartu dute eta borzgarren mailako ikasleen gurasoen kasuan, % 20k erran dute heldu den ikasturtean ez dietela seme-alabei mugikorrik emanen».

«Helduok ere lanketa egin beharra dugu»

Helduek ere ikasteko 

Garrantzitsua iruditzen zaie «bai familiak, baita haurrak ere, arriskuen inguruan kontziente izatea» eta aldi berean, «ongi erabiltzeko estrategiak ematea». Sakelakoaren erabilera egokiak nolakoa izan behar lukeen galdetuta, berriz, honela esplikatu dute: «Arreta behar duten momentuetan sakelakoa alde batera uztea, adibidez, eskolan, lanean...; erabiltzeko denbora kontrolatzea; lagunekin dauden bitartean sakelakoaren erabilera murriztea; familian eta lagunekin zuzeneko hamarrena lehenestea; pantailetatik aldenduz elkarrizketa aktiboak indartzea; sare sozialetan, modu arduragabean, informazio pertsonala ez partekatzea; pasahitzak eta segurtasun neurriak eguneratuak eta aktibatuak izatea; mezuak, irudiak edo bideoak bidali aitzinetik haien inpaktua eta legezkotasuna kontuan hartzea...». Eta bide horretan, «helduok eredugarri» izan beharko genukeela azpimarratu dute: «Aunitz dugu hobetzeko. Mugikorrik gabe larrugorrian sentitzen gara eta helduok ere lanketa egin beharra dugu». 

Ikastetxeei mezua 

Hortik haratago, Malerrekako eta Bertizaranako guraso hauen irudiko, hori baino gehiago ere egiten ahal da. Hala, ikastetxeei, adibidez, «bertze aldera ez begiratzeko» eskatu diete: «Ikasleek debekatua dute mugikorrak eramatea, baina hala ere, eramaten dute eta bertze aldera begiratzen dute». Horrekin batera, «arriskuez ohartarazteko ikasleendako tailerrak egiteko» proposamena egin dute. 

Administrazioari eskaerak

Administrazioari ere egin diote eskaria. Alde batetik, «eskoletan eta institutuetan sakelakoen erabilera arautzea» nahi dute, eta horrez gain, «ikasleei eta irakasleei gailu digitalen erabilera arduratsua erakusteko tailerrak bultzatzeko» eskatu dute; baita «haurren eta nerabeen datu pertsonalak babesteko legeak zorrotz betearazteko» ere. Gehiago ere bai. «Gazteak, gurasoak, irakasleak... gizarte osoarendako kanpainak egitea ere ongi litzateke, erabilera arduratsua sustatzeko, eta adinaren egiaztapen sistemak hobetzea eta eduki mugatuak kontrolatzea ere bai». Akitzeko, «sare sozialak eta jokoak erabiltzeko adina gainbegiratzeko» eskatu diote administrazioari. 

Gurasoei gonbita 

Gurasoei, berriz, «arriskuez informatzeko eta azken azterketak ikusteko» aholkatu diete, eta nola ez, «ekimen honekin bat egiteko gonbita» ere egin dute: «Animatu daitezela ekintzetan parte hartzera. Proposamen berriak esku zabalik hartuko ditugu». 

Bitartean, lanean segitzeko asmoa dute, «momentuko planik zehaztu ez» badute ere, helburu argiarekin lanean, eta «beharren arabera antolatuz».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun