Unibertsitatera Sartzeko Probari buruz Lekaroz institutuko Lorea Agesta, Mattin Maritorena, Olaia Rementegi, Iradi Iratzoki eta Asier Barberenarekin

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 22a, 09:00

Goian, ezkerretik hasita, Lorea Agesta, Mattin Maritorena eta Asier Barberena. Behean, ezkerretik hasita, Iradi Iratzoki eta Olaia Rementegi.

Unibertsitatera Sartzeko Probaren ohiko deialdian, Lekaroz institutuko 62 ikaslek egin zuten proba. Horietako bortz izan ziren Lorea Agesta Telletxea doneztebarra, Mattin Maritorena Agerrea elizondoarra, Olaia Rementegi Ariztia urdazubiarra, Iradi Iratzoki Eizagirre narbartearra eta Asier Barberena Opoka elizondoarra.

Zer moduzko esperientzia izan zen Unibertsitatera Sartzeko Proba?

Lorea Agesta: Uste nuen arrunt nerbioso egonen nintzela, baina egia erran, nahiko lasai ibili nintzen hiru egunetan. Azterketa batzuen aitzinetik arrunt nerbioso nintzen, adibidez, Matematikan. Baina azkenean, esperientzia polita izan zen. Lagunekin arrunt ongi pasatu nuen.

Mattin Maritorena: Nahiko esperientzia polita izan zen. Lehendabiziko azterketa aitzinean izan nuenean, esperientziaz gozatzen saiatu nintzen, azken finean, banekielako denak berdintsuak izanen zirela eta esperientzia hau behin bakarrik bizitzen dela kasu gehienetan. Gainera, arras giro ona ikusi nuen, denak berdin geundelako proba egin bitartean.

Olaia Rementegi: Esperientzia gogorra baina aldi berean polita izan zen. Hiru egun arras gogor izan ziren, harat eta honat, baina lagunen artean dena errazagoa izan zen, eguneko 24 orduak haiekin pasatu nituelako eta urduritasuna ohartu gabe joaten baita. Gainera, jende berria eta hainbat ikuspuntu ezagutu nituen.

Iradi Iratzoki: Hasieran nahiko nerbioso nintzen, baina azterketak egiterakoan, lasaiago sentitu nuen neure burua. Azterketa batzuk bertzeak baino hobeki atera zitzaizkidan. Gainerakoan, nahiko esperientzia ona izan zen, lagunekin hagitz ongi pasatu nuelako.

Asier Barberena: Pertsonalki, esperientzia polita iruditu zait. Lehendabiziko azterketa egin baino lehenago arras nerbioso nintzen, baina lehenbizikoa egin ondotik, lasai joan nintzen gainerakoetara.

Zenbat azterketa egin zenituzten?

Lorea Agesta: Lehenbiziko egunean hiru egin nituen: Gaztelania, Ingelesa eta Historia. Bigarren egunean bertze hiru: Euskara, Matematika eta Frantsesa. Eta hirugarrenean bakarra, Ekonomia.

Mattin Maritorena: Sei azterketa egin nituen: Bortz nahitaezkoak (Gaztelania eta Literatura, Euskara, Matematikak II, Espainiako Historia eta Ingelesa) eta hautazko bat (Kimika).

Olaia Rementegi: Giza eta Gizarte Zientzietako zortzi azterketak egin nituen, egin nahi nuen graduan ikasgai guziak hartzen direlako kontuan. Baina egina erran, azterketa batzuk ez nituen aunitzik prestatu, nota baxua behar baitut.

Iradi Iratzoki: Zortzi azterketa egin nituen. Lehenbiziko egunean, Gaztelania, Ingelesa, Historia eta Filosofia; bigarrenean Euskara, Matematika eta Frantsesa; eta azkenekoan, Ekonomia bakarrik.

Asier Barberena: Sei azterketa egin nituen: bortz nahitaezkoak (Gaztelania eta Literatura, Euskara, Matematikak II, Espainiako Historia eta Ingelesa) eta hautazkoa Kimika.

Nolako ikasturtea izan da?

Lorea Agesta: Ikasturtea arrunt agudo pasatu zait. Ez zait hagitz gogorra iruditu. Azterketa asteetan estres pixka bat izan dut, eduki pila bat ikasi behar baitituzu. Hala ere, nahiko ongi organizatu naiz eta ongi joan dira. Bertzetik, klasean arrunt gustura egon naiz klasekideekin. Ez nuke berriz errepikatuko ikasturtea, baina aunitz ikasi dut.

Mattin Maritorena: Maila pertsonalean, ikasturte ona izan da. Aunitz gozatu dut gelako giroarekin eta ikasleon eta irakasleen arteko harremanarekin. Akademikoki, ez da zailegia izan. Ikasturte honek lana eskatzen du, baina gaur egun, gauza guziek bezala. Beraz, hori ongi eginda eta egunero zerbait egiten saiatuz, ongi moldatzen ahal da, bai ikasturte honetan, baita Batxilergo guzian ere.

Olaia Rementegi: Ikasturte polita izan da, malko eta irri aunitz izan direlako. Eguneroko esfortzua beharrezkoa da eta antolakuntza ona izateak aunitz laguntzen du. Hala ere, erraz gainditzen den ikasturtea dela uste dut.

Iradi Iratzoki: Azterketa asteak kenduta, orokorrean, ikasturtea, ez zait hain gogorra iruditu. Azterketa garaian esfortzu pixka bat egin behar da eta ikasten ordu bastante pasatu, baina bertzenaz, nahiko lasai ibili naiz. Gainera, klasean arrunt gustura ibili naiz eta hagitz ongi pasatu dut.

Asier Barberena: Kurtsoa ez da arras gogorra izan, egunero pixka bat ikasiz gero, ez da gogorra. Gainera, arras gustura ibili naiz ikasleon eta irakasleen artean harreman onak izan ditugulako.

Zer ikasteko asmoa duzue?

Lorea Agesta: Hurrengo urtean Kazetaritza eta Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasteko asmoa dut.

Mattin Maritorena: Lehen Hezkuntza ikasi nahi nuke.

Olaia Rementegi: Haur Hezkuntzako gradua Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi dut, eta hori ez bada posible, Elizondoko Lanbide Eskolan Haur Hezkuntzako Goi Mailako Zikloa eginen dut.

Iradi Iratzoki: Psikologia ikasi nahiko nuke Iruñean edo Donostian.

Asier Barberena: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasi nahi dut.

Zerbait gaineratuko zenukete?

Lorea Agesta: Batxilergoa egiten dugun guziok bizian behin pasatu behar dugu USP. Beraz, ez du merezi nerbioso egotea azterketa aitzinetik. Zaila da, baina egindakoa egina dago eta ez dago gibelera egiterik. Gainera, ikasturtean, lan egiten baduzu, gauzak gelditzen zaizkizu. Eta disfrutatu bizitza inguruan duzun jendearekin, ez direlako betiko egonen zure ondoan.

Olaia Rementegi: Batez ere antolakuntza eta egunerokotasuna garrantzitsuak direla, eta azken finean, kurtso guziko errepasoa dela. Azterketa egunetan lasai joatea ere lagungarria da eta azterketei ez beldurrik izateko, ohartu orduko ortzeguneko besta ailegatzen dela. Aholku gisa, ikasgai bakoitzean egunean egunekoa egiteak aunitz laguntzen du, eta horretarako klasean arreta paratzeak garrantzia handia du, azterketetara ahalik eta prestatuen joateko eta sustorik ez hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun