Unibertsitatera Sartzeko Proba berrikuntzekin

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 21a, 08:00

Ekain hasieran 3.945 ikaslek egin zuten Unibertsitatera Sartzeko proba NUPen. Argazkia: NUP

Eskualdeko ikastetxeetako 133 ikaslek parte hartu dute Unibertsitatera Sartzeko Probaren lehenbiziko deialdian eta horietatik 130ek gainditu dute. Aurtengo etsaminetan berrikuntzak egin dituzte eta horretaz aritu dira eskualdeko sei irakasle. Proba egin duten ikasleen testigantzak ere bildu ditu TTIPI-TTAPAk eta gaur eta bihar argitaratuko ditu.

Hego Euskal Herriko 17.000 bat ikaslek egin dute aurten Unibertsitatera Sartzeko Proba (USP), duela ez aspaldira arte selektibitateta deitua izan dena. Horien artean ibili dira eskualdeko hiru institutuetako 133 ikasle. Berako Toki Ona institutuko 25 ikaslek egin dute proba lehenbiziko deialdian, Leitzako Amazabal institutuko 46 ikaslek, eta Lekaroz institutuko 62 ikaslek. Ekainaren 3tik 5era egin zituzten etsaminak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiako campusean. Ezohiko deialdia, berriz, ekainaren 25etik 27ra izanen da.

Nobedadeak

Aunitz mintzatu da aurtengo Unibertsitatera Sartzeko Probari buruz, etsaminetan berrikuntza batzuk egin baitituzte LOMLOE Espainiako hezkuntza legera egokitzeko. Bide horretan, Espainiako Gobernuak joan den urtean onartu zuen proba arautzeko Ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretua, eta eredu hori aurten paratu dute martxan. 

Ikasgaiaren arabera, aldaketa gehiago edo guttiago egin dituzte, baina nobedadeetako bat etsamina guzien % 25 guttienez konpetentzietan oinarritua izatea izan da. Gisa honetara, ikasleek teorian ikasitakoa egoera praktikoetan aplikatzen jakitea hartu nahi izan dute kontuan, ez hainbertze buruz ikasitakoa; ikasleari «sormena, pentsamendu kritikorako gaitasuna, hausnarketa eta heldutasuna» eskatuz. Horrez gain, aitzineko urteetako ereduekin konparatuz, probetan hautatzeko aukera murriztu zaie aurten ikasleei, azterketaren eredu bakarra paratu baitute, nahiz eta galdera batzuen artean hautatzeko aukera izan duten. 

Bertzalde, nota paratzerakoan, ariketa bakoitzerako zuzenketa edo kalifikazio irizpide «objektiboak» zehaztu dituzte eta irizpide horiek, lehenbiziko aldiz, oinarri komuna eduki behar izan dute: «Sortutako testuen koherentzia, kohesioa, zuzentasun gramatikala, lexikoa eta ortografikoa ariketa bakoitzeko notaren % 10 izan da, guttienez».

Aldatu ez dutena

Gainerakoan, orain arteko egiturarekin segitu dute. Nahitaez, 90 minutuko bortz etsamina egin behar izan dituzte ikasleek: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, atzerriko hizkuntza (ingelesa, frantsesa...), aukeratu duten modalitateko ikasgaia eta Filosofia edo Espainiako Historia. Nota hobetzeko, berriz, borondatez, gehienez bertze hiru etsaminetara aurkezteko aukera izan dute.

Ekainaren 11n argitaratu zituzten notak. Azken nota kalkulatzerakoan, 1. eta 2. Batxilergoan lortutako notaren banaz bertzekoak % 60ko balioa du eta Unibertsitatera Sartzeko Probako notak % 40koa. Hortik aitzinera, hala nahi duenak azterketak berrikusi eta gainditu dutenen kasuan, ondoko urteetan zer bide hartu erabakitzeko momentua izanen da.

  Amazabal BHI (Leitza) Amazabal BHI (Leitza) Toki Ona BHI (Bera) Toki Ona BHI (Bera) Lekaroz BHI (Lekaroz) Lekaroz BHI (Lekaroz)
Ikasturtea Aurkeztuak Gaindituak Aurkeztuak Gaindituak Aurkeztuak Gaindituak
2019/2020 40 39 47 47 64 64
2020/2021 43 41 45 41 61 61
2021/2022 40 39 30 29 56 56
2022/2023 43 42 47 46 58 58
2023/2024 46 45 38 35 51 50
2024/2025* 46* 46* 25* 24* 62* 60*

*Oharra: Aitzineko ikasturteetako datuak ohiko eta ezohiko deialdietakoak dira. Aurtengoak, ordea, ohiko deialdiko datuak dira; ezohikoa oraindik egin gabea baita.

Unibertsitatera Sartzeko Probari dagokionez, ondoko urteetan aldaketa gehiago eginen dituzte. 

Lekukotasunak

Gaia hizpide hartuta, Berako Toki Ona, Leitzako Amazabal eta Lekaroz institutuetan bigarren Batxilergoan aritu diren sei irakaslerekin bildu da TTIPI-TTAPA: Jeannie Telletxea Mayo (Matematika), Ainhoa Illarramendi Isasi (Biologia), Endika Eugi Goñi (Ekonomia), Itsaso Fagoaga Etxarte (Ingelesa), Gorka Tello Loigorri (Filosofiaren Historia) eta Juantxo Saenz de Cabezon Salaberria (Fisika eta Kimika). Horrez gain, aurten USP egin duten hamabi gaztek euren esperientzia kontatu dute. Gaur eta bihar publikatuko ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun