Joan den igandean bukatu zen Euskaraldiaren laugarren edizioa, hizkuntza ohiturak euskarara hurbiltzeko hamaika eguneko ariketa praktikoa. 2022ko datuekin konparatuz gero, orokorrean, norbanakoen izen emate kopuruak beheiti egin du eskualdean, zehazki, 238 guttiago izan baitira, eta arigune kopurua ere jaitsi egin da. Baina eremuz eremu, egoera diferentea da. Bereziki Malerrekan igo dira datuak eta Baztanen izan da beheititze handiena.
Zehazki, Baztanen aitzineko edizioan baino 237 ahobizi guttiago, belarriprest bat guttiago eta 56 arigune guttiago izan dira.
Bortzirietan, beheitzea ez da hain nabarmena izan. 27 ahobizi guttiago izan dira baina zortzi belarriprest gehiago eta ariguneak ere lau gehiago.
Malerrekan, ordea, goratze nabarmena sumatu da datuetan: 60 ahobizi eta zortzi belarriprest gehiago izan dira. Eta ariguneak ere hamabi gehiago.
Leitzaldean eta Urumealdean ere beheiti egin dute datuek: 59 ahobizi guttiago, hamar belarriprest guttiago eta 35 arigune guttiago.
Xaretan, azkenik, 24 ahobizi guttiago izan dira baina sei belarriprest eta hamaika arigune gehiago.
Gainerakoan, aurtengo edizioan hikaldirako aukera ere izan da. 2020ko edizioan, egitasmo orokorretik haratago, ekimen propioz Hikaldia sortu zuten hainbat herritan. Hurrengo Euskaraldian, 2022koan, herri gehiago animatu ziren hikaldian parte hartzera, eta laugarren edizio honetan, 83 izan parte hartuko dutenak, tartean, eskualdeko zazpi: Arantza, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza, Lesaka. 720 herritarrek parte hartu dute hikaldian.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!