Lotura honetan sartu eta lehiaketako galdera guztiak zuzen asmatzen dituztenen artean, hiru egunetarako sarrera bikoitza zozkatuko du TTIPI-TTAPAk. Lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra Ttipi Txartela izatea da. Oraindik ez baldin baduzu, eskuratu hemen zure Ttipi Txartela.
Festibalaz gozatzeko bertze manera bat da laguntzaile izatea egun batean edo hiruetan, eta trukean sarrera, bazkaria eta kontzertu edo ikusgarri batez plazer hartzeko parada izanen da.
Festibala «auzolanean eta laguntzaileetan» oinarritzen den ekimena da eta, beraz, laguntzaileak behar dituzte antolakuntzarako. Izan ere, EHZ Festibala ez litzateke existituko laguntzailerik gabe eta, antolatzaileek, laguntzaile gisa festibalean parte hartu nahi dutenendako, informazio zehatza eskaintzen dute. Kontuan hartu laguntzaile izan nahi dutenek izena eman behar dutela hemen sartuta.
Zergatik laguntzaile izan?
- Laguntasunez beteriko esperientzia paregabe bat bizitzeko.
- EHZ elkartearen bihotzean murgiltzeko.
- Festibalarekin inplikatzeko, zure denborari zentzu bat emateko eta kultur ekitaldien antolaketaz ikasteko.
Zertan lagundu?
Adibidez, laguntzaile bakoitzak bere erritmoa hauta dezake: 4 txanda, 3 egunetan banatuak edo 2 txanda egun bakarrean egiteko. Horrela, bakoitzak duen denboraren, lagun kopuruaren eta adinaren arabera txandak prestatuko dituzte: ostatuan, segurtasun taldean, janarien postuan, sarreretan, kanpinean…
Eta trukean zer?
- Lan egindako egun bakoitzeko sarrera urririk laguntzailearentzat.
- Laguntzaileen xokoan bazkari bero bat.
- Laguntzaileak hautatutako kontzertu edo ikusgarri batez plazer hartzeko parada!
Informazio praktikoak
- Kokapena: Arberatze herria Amikuzen dago, Donapaleu ondoan. Autoz joateko: Baionatik 55 minutura da. N°4 ateraldia hartuz geroz (Bidaxune, Bardoze), D936 errepidea segitu behar da Bidaxune arte. Ondotik, D11 errepidea segitu behar da Garrisera eta gero, eta D124an itzuli, Arberatze arte.
- Autobusez ere egiten ahal da joan-etorria:
Baionatik <-> Arberatzera
Atharratzetik <-> Arberatzera
Baigorritik <-> Arberatzera
- Kanpalekua urririk da festibalera doazenendako.
- Gune lasai bat egonen da furgonetan eta autoan lo egiteko.
- Berinazko botilarik ez da onartuko ez festibalaren gunean, ez kanpalekuan.
- Sartzea urririk da 11 urtetik beheitikoendako.
- Ordainketak: eskudirutan (euskoak, euroak) edo banku txartelarekin. Kasu, gunean bertan ez da kutxazain automatikorik izanen.
- Animaliarik ez da onartuko ez gunean, ez kanpalekuan.
- Segurtasun komisioko laguntzaileak 24 orenez txandakatuko dira, festibala gune seguru eta goxoa izan dadin.
- Sartzeko txartelak hemen. Aurrerapenez erosiz gero, hiru egunetarako txartelak 63€ balio du, eta egunka erosiz gero: ortziraleko txartelak 16€, larunbatekoak 25€ eta igandekoak 23€.
Zer izanen da kanpalekuan?
- Ura eta elektrizitatea
- Dutxak eta komunak
- EHZak xaboia hornituko du, ez dugu xaboi kimikorik onartuko lurra zaintzeko
Zer izanen da Festibalaren lekuan?
- Janaria eta edariak
- Brigada ubela: eraso guzien kontrako protokoloa, eta gune seguruak gunean bertan.
Eraso guztien kontrako segurtasuna
Aniztasunaren eta sexu askatasuneko eskubideen babesgune den heinean, EHZ Festibalean ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko. EHZ Festibala pertsona guztiak aske eta errespetatuak sentitzeko gune gisa ulertzen dute EHZko antolatzaileek. Hortaz, gogoz kontrako ukimenduak, irainak, bazterkeriak eta antzeko jarrera desegokiak irmotasunez gaitzestuak izanen dira, eta jarrera horiek festibaletik kanporatuak izanen dira. EKBri esker, gai hauen inguruko sentsibilizazio eta zainketa lana eginen da EHZ Festibalak irauten duen bitartean.
2025eko programazioa
Ortziralea, ekainak 27Larunbata, ekainak 28
- GALDER
- MEXIKORTXO(R) BAND
- MARTA
- ALTXALILI
- NOWHERE CIRCUS
- IBAWA
- NAXKER
- MARTE LASARTE
- ITZULI KONPAINIA
- VOLTAIRE
- IZAN
- KASKEZUR
- OLAIA INZIARTE
- CIE CHOARI
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!