Euskaraldia Hika
Euskaraldia Hika Euskaraldian parte hartzeko modu bat da. 2020ko edizioan, egitasmo orokorretik haratago, ekimen propioz Hikaldia sortu zuten hainbat herritan. Hurrengo Euskaraldian, 2022koan, herri gehiago animatu ziren hikaldian parte hartzera, eta laugarren edizio honetan, 83 dira parte hartuko dutenak, tartean, eskualdeko hauek: Arantza, Bera, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Leitza, Lesaka.
Euskaraldia Hikaren bereizgarri, H daramate Euskaraldiko txapek. Horrek «Nahi baduzu, nirekin hika egiten ahal duzu» erran nahi du.
Hamaika egunetik haratago
Euskararen erabilera handitzeko asmoz, hamaika eguneko ariketa proposatzen du Euskaraldiak, baina helburua hortik haratago doa, antolatzaileek erran bezala, «ez baita egun horietara bakarrik mugatzen den dinamika; euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik». Alegia, «Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko pausoak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da».
Antolatzaileek jarrera aktiboa izateko deia egin diete herritarrei.