Udazkenetik udaberrira data aldatuta, maiatzaren 15etik 25era izanen da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Euskaraldia antolatzeko batzordeak martxan dira herriz herri eta izen ematea dagoeneko irekia da euskaraldia.eus atarian, bertzeak bertze. Aurtengo Euskaraldia aletu dute Markel Adin eta Ekhine Txokarro Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Euskaraldiko dinamizatzaileek, eta herritarrak euskararen aldeko dinamikan parte hartzera animatu dituzte.
Maiatzaren 15etik 25era izanen da Euskaraldia. Zer izanen du berezitik edizio honek?
Berrikuntza haundiena data aldaketa da. Data aldaketarekin filosofia berria ere mahaigaineratu nahi dugu. Euskaraldia ekimen gozagarri bat izatea nahi dugu eta udaberriak aukera gehiago ematen ditu hau egikaritzeko. Euskaraldia toki guztietara eraman nahi dugu, etxeetara, entitateetara eta nola ez, karriketara ere bai. Eguraldi ona eta egun luzeak, herritarren arteko elkargunean sortzeko baliatu nahi ditugu eta karrikak hartzeko euskararen erabilera erdigunean jarri nahi dugu.
Zein da Euskaraldiaren aurtengo helburua?
Helburuen funtsa, oro har, mantendu egiten da. Baina aurtengoan hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, euskararen erabileran jauzi bat emateko nahia ere badugu. Hiru dira ditugun helburu nagusiak: Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatzea; mugimendua indartzea eta batzordeak tokian toki elikatzeko urratsak ematea; eta ezinbertzekoa dugun giro soziala sustatzea.
'Elkar mugituz egingo dugu' da aurtengo edizioaren leloa. Zer adierazi nahi du leloak?
Hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, erabileraren aurrerapauso handia eman nahi dugu. Ez dugu ariketa bakarrik egin nahi, mugimendua eragin nahi dugu, eta horregatik aurtengo leloa, Elkar mugituz egingo dugu. Euskarak mugimendua behar duelako, eta Euskaraldia da mugimendua emateko tresna.
Ahobizi eta belarriprest figurak izanen dira oinarri.
Ahobiziek lehenbiziko hitza beti euskaraz eginen dute. Gainera, euskaraz ulertzen duten guztiekin ere euskaraz solastatuko dira. Belarriprestek aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin, agian beti ez dute euskaraz eginen ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek euskaraz egin diezaieten eskatuko dute. Garrantzitsua iruditzen zaigu puntu honetan azpimarratzea rolen aukeraketa ez dela euskara mailari loturiko zerbait, baizik eta jarrera kontua dela!
«Erabileran aurrerapauso handia eman nahi dugu»
Txapa jartzearen garrantzia azpimarratu izan duzue.
Txapa jantzita eramateak erran nahi du euskaraz egiteko prest zaudela, edo guttienez, euskaraz egin diezazuten nahi duzula. Txapa eramateak euskal gizartean euskararen aldeko jarrera aktiboa ikustarazten du, eta euskararengandik urrun dagoen jende aunitzentzat, bertzela sentitzen ez duen aldekotasun kolektibo bat sentitzeko modua da. Txapa jantzita, ausartuko ez zinatekeen egoera batzuetan euskaraz egitera animatzen eta bultzatzen duzu zeure burua. Txaparen bitartez, euskaraz eginen ez lizukeen hainbat jendek euskaraz eginen dizu, hurbileko harreman batzuetan hizkuntza aldaketarako atea zabaltzen duzu. Txapa helduleku ona da, euskaraz egiten hasteko behar den hausnarketa sustatzeko parte zaren taldeetan; kuadrillan, lanean, kirol taldean, asanbladetan…Txapa aunitz ikustea euskararekiko epel dagoen hainbat jende animatzeko eta euskarara erakartzeko modu bat ere bada. Finean, babesa adierazteko modu bat da txapa.
Entitateak ere animatu dituzue Euskaraldiarekin bat egitera.
Euskaraldia, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, eta norbanakoek ez ezik, entitateek ere badute parte hartzeko aukera modu kolektiboan, neurriak hartu ditzakete ere hizkuntza praktika euskaldunagoak bultzatzeko! Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izanen dugu. Modu horretan, entitateek parte hartzeko oinarrizko eskakizunak hurrengoak dira: entitateko kideei Euskaraldiaren berri eman eta kideak ahobizi zein belarriprest izan daitezen gonbidatzea, ariketa ongi egiteko eta rolean eroso egon daitezen prestakuntza tresnak aztertu eta kideekin partekatzea eta ariketan parte hartzen dutela ikusgarri egitea: txapa jantzi, barne eta kanpo komunikazioa, espazioak apaindu… Entitate bezela izena emateko aukerak irekia segitzen du eta webgunean eman daiteke izena.
Euskaraldiaren inguruan egindako ikerketek diote Euskaraldiko parte hartzaileek hizkuntza ohiturak aldatu dituztela.
Hala da bai, Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek, gutxi-asko, beren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskarazko jauzia eman dutela. Izan ere, Euskal Herrian ez dugu hizkuntza portaerak aldatzeko helburu duen halako ariketa sozial masiborik. Ezagun zein ezezagunekin lehenbiziko hitzak euskaraz egitea ohikoagoa bihurtu da Euskaraldiari esker. Gainera, ariketetan parte hartu duten herritarren bidez ulertzen dutenen artean elkarrizketa elebidunak izatea posible dela azaleratu da. Ariketa praktiko erreala da esku artean duguna, ez da euskararen aldeko kanpaina huts bat. Erabilera mota desberdinak hedatu eta zilegi ere bilakatu dira, eta txapen presentzia masiboak ariketa bera aunitzez hobeki egitea ahalbidetzen du.
«Kontzientzia hartzea suposa dezake Euskaraldiak»
Horrekin lotuta, zergatik da garrantzitsua euskarak presentzia handia duen lekuetan ere herritarrek Euskaraldian parte hartzea?
Euskararen erabileran jauzi bat eman nahi duen mugimendua baldin badugu Euskaraldia, ezinbertzekoa zaigu Euskal Herri osoaren babesa eta inplikazioa lortzea honetarako. Nafarroan badakigu egoera hagitz desberdinak ditugula zonifikazioaren ondorioz, eta honek baldintzatzen du modu batera edo bertzera parte hartzea Euskaraldian. Gure kasuan, eskualde euskalduna izanik ere, inolaz ere ez dugu bermatua euskararen biziraupena. Iruditzen zaigu aunitzetan erortzen ahal garela gure inguruaren erromantizazioan gure eskualdean euskaraz bizi garela erranez, hau ez baita horrela.
Zertan ikusten da hori?
Aunitz dugu egiteko hemen ere, bakoitzak norbere etxean egin dezala hausnarketa bat ea zein hizkuntza portaera dituen euskara alboratzea inplikatzen dutenak, ziur naiz dezente aterako direla. Gure eskualdeko ostatuetan bermatua al dugu kartak euskaraz jartzea? Zein hizkuntza ateratzen zaigun lehenbizi pertsona arrazializatu ezezagun batekin? Zein eduki mota eta zein hizkuntzatan kontsumitzen dugu sare sozialetan? Umorea egiten dugunean, badakigu euskaraz egiten? Badaude alderdi dezente gure eskualdean oraindik aldatu daitezkeenak! Beraz, ahobizi edo belarriprest, ekin horri!
16 urtetik goitikoei bideratutako ekintza da Euskaraldia. Adin ttikiagokoek nola hartzen ahal dute parte?
Nahiz eta Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gorakoa izatea diren, herritar gazteek ere badute zer erran euskararen biziberritzean, eta, nola ez, erabileran. Garrantzi hau aintzat harturik, Xaxatzaile izateko deia egingo diegu Euskal Herriko gazteei. Etorkizuneko parte hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbertzekoa den pedagogia egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena norberaren inguru sozialera eramanez.
Horri lotuta, unitate didaktikoak sortu dituzue. Nolakoak dira unitate horiek?
Xaxatzaile izateko rol hau proposatzeaz gainera, Ikastolen elkarteko kideekin elkarlanean unitate didaktikoak prestatu dira, ikastetxe zein bertzelako zentroetan ariketa lantzeko materiala eskainiz. Unitate didaktiko hauek bi helburu nagusi dituzte. Alde batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea, eta, bertzetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, haur zein gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.
Hilabete falta da aurtengo ediziorako. Nolakoa izaten ari da herritarrak aktibatzeko prozesua?
Ongi doa, bide onetik eta gauza politak sortzen! Gabonetatik bueltan egon da aktibazio punturik altuena, aurkezpenak egin ditugu, batzordeak osatu zein bilerak egiteko egonkortasuna ere lortu da. Hilabete eskas falta den honetan, erabat murgilduta gaude eskualde bakoitzean aitzinera eramanen ditugun ekimen eta jardueretan, eta nola ez, txapen banaketan!
«Garrantzitsua izanen da Euskaradiak aztarna uztea herrietan»
Zein da Euskaraldiko batzordeetan egiten den lana?
Euskaraldia tokian toki eraginkorra izateko ezinbertzekoa dugu batzorde eta batzordekideen lana. Batzordeen funtzio nagusiak hurrengoak dira: informazioa zabaltzea, izen emateak bultzatzea, txapen banaketa egitea, Euskaraldia ikusgarri egitean tokian toki eta elkarguneak zein aliantzak sortzea, hau da; norbanakoak elkartu ahal izateko espazioak sortzea.
Zergatik animatuko zenituzkete herritarrak Euskaraldian parte hartzera?
Herritar guztiengan kontzientzia hartze bat suposa dezakeelako Euskaraldiak, eta gainera euskaldunok ditugun konplexuak baztertzea ere ahalbidetu dezake. Modu masibo batean euskararen aldekotasuna adierazten badugu, ziur gaude euskararengandik urrunen dauden horiengana iritsiko garela, eta nola ez oraindik euskara ulertzen ez duten horiei euskara ikastera animatzera.
Ekimena bukatuta, maiatzaren 26tik aitzinera zein izanen da egitekoa?
Hortxe dago erronka handienetakoa! Euskaraldian aipatzen ditugun hizkuntza portaera horien aldaketak ekarriko luke gerora portaera horiek arau sozial bilakatzea, beraz badugu nondik hasi! Garrantzitsua izanen da lan honek aztarna uztea herrietan, euskararen biziberritze eta normalizazioaren alde! Beraz, agian aukera egokia izan daiteke Malerrekan zein Baztanen euskara taldeak zein elkarteak sortzeko, Bortzirietan Bor-Bor dugu eta!.