Junior kategorian, Iturrotz taldeko Oihan Aleman iruritarraren ondotik, Team Zatika Bike aldeko Aner Irizar eta Auritz Ormazabal igo ziren podiumera. Master50 kategorian, berriz, Sarribikes CD taldeko Iñaki Villoriaren gibeletik, Lodosako Jesus Maria Martinez eta Team Zatika Bike taldeko Cesar Bastardo sailkatu ziren.
Txirrindularitzaren gala Tafallan
Artikako lasterketaren bezperan, Tafallan egindako Nafarroako txirrindularitzaren galan, Nafarroako Txirrindularitza Federazioak modalitate eta kategoria ezberdinetako urteko sariak banatu zituen. Ziklo-krosean, Iñaki Villoria iruritarrak eskuratu zuen lehen saria eta Iturrotz taldeko Unax Larraburu Hernandorena sunbildarrak hirugarrena.
Mendi bizikletan, 23 urtez beheitiko mutiletan, lehen postua eskuratu zuen Iturrotz taldeko Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarrak eta alebin mailako nesketan hirugarren izan zen Ulibeltzak taldeko Jone Bertiz Ariztegi sunbildarra.
Errepidean, Master 60 kategorian garaile izan zen Beti Gazteko Luziano Mitxelena lesakarra eta hirugarren Baztandarra taldeko Francisco Javier Meoki elizondoarra. Mitxelenak taldekideen eta biloben omenaldia ere izan zuen Tafallan.