Elkarrizketa onenaren saria, Ttipi-Ttapako Gurutze Pikabea kazetari aranaztarrak eskuratu zuen, dolu perinatalari buruz Irati Irigoras Larrazabali eta Imanol Etxeberria Antxorena arizkundarrari egindako elkarrizketagatik. Elkarrizketa 2024ko uztailaren 11ko Ttipi-Ttapa aldizkarian argitaratu zen eta ERRAN.EUS webgunean ere inoizko artikulurik bisitatuena izan zen eta zabalkunde ikaragarri handia izan zuen sare sozialetan.
Pablo Feo leitzarrak, berriz Ttipi-Ttapan eta ERRAN.EUS webgunean argitaratutako argazki batengatik lortu du komunikabideetatik kanpoko profesionalek egindako argazki onenaren saria. Leitzako Arkiskil futbol zelaiaren egoera penagarria agertzen zuen argazkiak.
Bertze sariak
Erreportajerik onenaren sariak ere eskualdea ukitu zuen nolabait. Navarra Capitaleko Irene Guerrerok eskuratu zuen, Goizueta, el santuario de las últimas vacas semisalvajes europeas (Goizueta, Europako azken behi erdi basatien santutegia) lanarekin.
Diseinu editorial onenaren saria Navarra Capitaleko Gorka Morenok eskuratu zuen; komunikabideetako argazkilariek egindako argazki onenaren saria Mendixut aldizkariko Rita Labianok; publizitate kanpaina onenaren saria Nexo Diseño y Comunicación elkartekoa Sandra Goldarazek eta tokiko publizitate onenaren saria La Voz de la Merindad aldizkariko Endika Irisok.