Sail honetako aurreko artikuluetan azaldu den bezala, aurten hausnarketa estrategikoko prozesua jarri da abian, Baztan-Bidasoko hainbat eragileren parte hartzearekin eskualdearen etorkizuneko garapen sozioekonomikoaren lerro nagusiak argitzeko. Prozesu hori CEDERNA GARALUR agentziak garatu du, Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak Eskualdea Aktibatzeko Planetan ezarritako laguntzarekin. Lehenengo fase honetan, Planaren hiru zirriborro egin dira, bata bertzearen atzetik. Lehenik, udalek parte hartu dute, gero, eragile sozioekonomikoen aukeraketa erreferentzial bat egin da eta lau eztabaida-mahaitan egituratu da prozesua, eta, azkenik, herritarrek modu irekian parte hartu dute, Ttipi-Ttapa aldizkarian eta ERRAN.EUSen argitaratutako artikuluetatik sarbidea eskainiz inkesta betetzeko sistema birtual batera. Herritarrek parte hartzeko azken prozesu horren emaitzak ondoko taula honetan bildu dira.
Argitaratutako artikuluak | Irakurleak ERRAN.EUS |
---|---|
CEDERNA GARALURko lehendakariari elkarrizketa | 303 |
Planaren dinamizatzailerari elkarrizketa | 73 |
Planaren lehen zirriborroaren laburpena | 592 |
Udalen ekarpenak | 149 |
Eztabaida mahaien ekarpenak | 84 |
Inkesta birtuala betetzea | 15 |
Inkesta birtualaren erantzunak bat datoz, oro har, udal eragileen eta eragile sozioekonomikoek emandako erantzunekin. Planaren laburpen gisa, hauexek dira lerro nagusiak: etxebizitza da eskualdeko erronka nagusia; trantsizio ekologikoa erronka global nagusia; biztanleria herrietan finkatzea da helburu nagusia eredu publiko-pribatu batean nekazaritzako elikadura, turismoa eta mugikortasuna/osasuna sektore estrategiko gisa hartuta; eta proiektu berriek duten etorkizunerako proiekzioa irizpide nagusi izatea, arras egokitzat jotzen proiektu berriak hautatzerakoan.
Oro har, esperientzia positibotzat jo daiteke udalen parte hartzeari eta parte hartze sozioekonomikoari dagokienez, moderatutzat irakurleek agertu duten interesari dagokionez eta baxutzat inkesta birtuala betetzean izandako parte hartze zuzenari dagokionez. Argitaratutako edukiaren izaera trinko eta mamitsua, eta erabilitako hizkera teknikoak, herritarren zuzeneko parte hartze handiagoa izatea baldintzatu du seguruenik. Hala ere, nabarmendu behar da Baztan Talde Ekosozialak egindako ahalegina, iruzkinak jasotzen dituen dokumentu batean. Iruzkin horietan gai hagitz garrantzitsuak planteatzen dira, hala nola parte hartzeko sistemak, sektore estrategikoak, garatu beharreko turismo-eredua, etxebizitza-politiken hartzaileak, zaintza eredua, trantsizio energetikoa... eta datorren urteko bigarren fasean landu beharko diren bertze gai batzuk, parte hartzaile sozioekonomiko gehiagori eta herritar gehiagori bide emanez garapen sozioekonomikoaren eredua zehazteko eta jarduera-proiektu espezifikoak hautatu eta bultzatzeko prozesuan.
Arantxa ARREGI ALBERRO, Cederna Garalur elkarteko lehendakaria
«Eskualdeko Behatokia izanen da hausnarketa estrategikoa dinamizatzeko eta Aktibazio Plana kudeatzeko tresna nagusia»
Baztan-Bidasoko Behatoki Sozioekonomikoa izanen da Aktibazio Planaren gobernu, erabaki eta kontrol organo nagusia. Aktibazio Sozioekonomikorako Plan hau azken urteotan eskualdeko garapen lana indartzeko egin den esfortzuaren emaitza eta jarraipena da. Planak eta Behatokiak lurraldea dute oinarri nagusia, eta datozen urteetan eskualdearen garapena elkarlanean burutzeko lurraldeak egindako apustua da. Behatoki Sozioekonomikoa Baztan-Bidasoko ordezkapen organo gisa eratuko da, ordezkaritza publiko eta pribatuekin. Horretarako, tokiko entitateak, sektore ekonomiko desberdinetako erakundeak eta eskualdean jarduera garrantzitsua duten erakundeak daude gonbidatuak. Behatokiko kideek itxaropentsu begiratzen diote Plan honi, eta lurraldearen kohesioan eta integrazioan bertze pausu bat emateko gogotsu agertzen dira.
Iñigo DORIA BAJO, Innovation Maker
«Inklusioa funtsezko faktorea da Baztan-Bidasoko garapen sozioekonomikoaren plangintzan arrakasta ziurtatzeko»
Aktibatzeko Planaren lehen faseak bere helburu nagusia bete du: gogoeta estrategikoaren prozesua aktibatzea eta etorkizuneko garapen sozioekonomikoan inplikatutako lehen eragile talde baten parte hartzea aktibatzea. Hurrengo faseetarako, nire ustez, arras komenigarria litzateke Ekonomiako Nobel saridun D. Acemogluk eta J. Robinsonek Zergatik egiten dute porrot herrialdeek izeneko lanean garapen sozioekonomiko sendoa oinarritzeko formulatu dituzten lau zutabeak kontuan hartzea: 1. Erakunde inklusiboak; 2. Hezkuntza kritikoa; 3. Berrikuntzarako pizgarriak; eta 4. Lankidetza globala. Baztan-Bidasoko oraingo egoeran, uste dut inklusibitatea dela funtsezko faktorea plangintza estrategikoaren arrakasta ziurtatzeko; izan ere, ahalik eta pertsona gehien inplikatuta egotea, inolako bereizkeriarik eta lehentasunik gabe, berme bat izanen da prozesuaren ondorioz sor daitekeen proiektu komunaren sendotasunerako eta segidarako. Alde horretatik, lehen fase honetan parte hartu duten udal eragileek eta eragile sozioekonomikoek erakutsi duten eskuzabaltasuna eta errespetua azpimarratu behar ditut. Izan ere, beren jarreretan arras desberdinak diren pertsonek, eta kasu batzuetan elkarren aurka daudenek ere, jakin dute elkarrekin lan egiten Planaren zirriborroak aitzinera ateratzeko orduan. Guztiei nire esker ona adierazi nahi diet beren laguntza baliotsuagatik, eta, bidezko korrespondentziaz, nirea eskaintzen diet beren proiektuetan baliagarri izan dakiekeenerako. Bitartean, eskerrik asko eta ongi izan.