Baztan-Bidasoa Aktibazio Plana

Etxebizitza da eskualdeko erronka nagusia Baztan-Bidasoko eragile sozioekonomikoentzat ere

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 23a, 11:00

Baztan-Bidasoko udalendako eta baita eragile sozioekonomikoendako ere, etxebizitza da aurre egin beharreko erronka nagusia

Baztan-Bidasoa Aktibatzeko Planaren lehen zirriborroari egindako ekarpenen artean, eta lehendik udalek egin zuten bezala, eragile sozioekonomikoen eztabaida mahaiek ere nabarmendu dute etxebizitza dela aurre egin beharreko erronka nagusia.

Gizarte zibilaren parte hartzea Baztan-Bidasoa Aktibatzeko Planean

Lehendik jakinarazi den bezala, Nafarroako Gobernuak eskualdeko jarduera ekonomikoa diseinatu eta garatzeko ezarritako plangintza estrategikorako tresna bat da Baztan-Bidasoa Aktibatzeko Plana. Orain arte Baztan-Bidasoak ez du izan horrelako tresnarik, eta horrek garapen ekonomiko bateratua eta finantzaketa lortzea oztopatu du. Hori dela eta, CEDERNAk Aktibazio Plan bat egiteko beharra onartu zuen. Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuaren laguntzarekin.
 
Prozesua udaberrian abiatu zen, lehenbiziko zirriborro bat idatzi zenean, eta udalek dagoeneko egin dituzte ekarpenak. Ttipi-Ttaparen azkeneko zenbakian argitaratu ziren ekarpen horiek. Oraingo honetan, eragile sozioekonomikoek egin dituzten lau eztabaida mahaietako ekarpenak daude hemen segidan. Eztabaida mahai horiek eragile sozioekonomikoek prozesuan parte har dezaten antolatu dira, baina baita hausnarketa estrategiko iraunkorreko ekosistema baten egituraketan aurrera egiteko ere.
 
Erreferentzia esponentzialean oinarritutako sistema berri baten bidez hautatu dira eragile parte hartzaileak. Sistema horretan, eragile batzuek bertze batzuk aipatzen dituzte iritzi erreferenteen eskualdeko mapa bat osatzeko, kasu honetan ia ehun erreferentziaz osatua. Eskualdeko mapatik 17 emakume eta 14 gizon hautatu dira lehen aldiz, eta lau eztabaida mahaitan parte hartzera gonbidatu dira: nekazaritzako elikadura, industria eta garraioa, landa eremuko zerbitzuak eta ekonomia berriak. Mahai hauek denboran irauteko eta kide berrietara zabaltzeko sortu dira, hausnarketa estrategikoko ekosistema egonkor bat eratzeko. Parte hartzeko sistema osatzeko, Planaren lehen zirriborroaren laburpena eta egindako ekarpenak argitaratuko dira Ttipi-Ttapan, nahi duenak bere iritziak eman ditzan, bozketa sistema baten eta Planaren erreferentziazko mezu elektroniko baten bidez (aktibazioplana@baztanbidasoa.org).
 

Etxebizitza eskualdeko erronka nagusia

Udalek egin zituzten ekarpenetatik, eta baita parte hartu duten eragile sozioekonomikoek egin dituzten ekarpenetatik ere, ondorioztatzen da guztiak bat datozela etxebizitzaren arazoa dela eskualdeak duen lehen erronka.
 
Eragile sozioekonomikoen balorazioen bigarren erronka, erdi eta erdi banatzen da bi gairen artean, gazteen atxikipena eta eskualde mugikortasuna batetik, eta, horien segidan nabarmendu dute araudien aldetik proiektuak garatzeko dauden oztopoak. Erronka globalei dagokienez, ia aho batez nabarmendu behar da ekonomia zirkular berri baterako trantsizioa dela erronka nagusia.
 
Egungo egoeraren diagnostiko sozioekonomikoari dagokionez, geldialdia eta kanpoko sektoreekiko mendekotasun ekonomikoa dira nagusi; ondotik, talentu ihesa dago, eta urrunago, zahartzea.
 
Lehen zirriborroan aurrez finkatutako helburuei dagokienez, eragile sozioekonomikoek inbertsio publiko eta pribatuak erakartzea jotzen dute nagusitzat; bigarrenik, biztanleria finkatzea eta, azkenik, lankidetzako eskualde ekosistema bat eratzea.
 
Kontsultatutako eragile sozioekonomikoek gogokoen duten eragile publiko eta pribatuen arteko elkarreragin esparrua laguntza publikoa duen ekimen pribatuarena da, eta, ondotik, laguntza pribatua duen ekimen publikoarena.
 
Baztan-Bidasoko garapenerako eragile sozioekonomikoek gogokoen dituzten sektore estrategikoei dagokienez, turismo jasangarria aipatu dute lehenik, nekazaritzako elikagaien sektorea hurbiletik jarraituta, eta, hirugarrenik, osasunarena. Urrunago, mugikortasun jasangarria dago laugarren postuan.
 
Eskualdeko garapen proiektuen hautaketa bideratzeko irizpide nagusia eskualdean erabilgarri dauden baliabideetara egokitzea litzateke, eta, segidan, etorkizunerako proiekzioa. Proiektuek eman dezaketen autonomia eta eskualdearen helburuei eta egituraketari egiten dieten ekarpena hirugarren lekuan daude, eta, ondotik, eskualdearen nortasunera egokitzearena. Lehenengo zirriborroan ongizatearen merkatu emergenteari (wellness) buruz definitutako behin-behineko posizionamenduari dagokionez, ez da alternatibarik aurkeztu. Oro har, lehenengo zirriborroa egokitzat jotzen da.
 

Gai sektorial espezifikoak

Gai orokorrak alde batera utzita, eragile sozioekonomikoek parte hartu duten eztabaida mahai bakoitzak bere sektorearen berariazko problematikari buruzko bertze gai batzuk ere formulatu ditu mahaietan.

 

1. mahaia:

Nekazaritzako elikagaiak

Eskualde osoko lehen sektorea etengabe ari da jaisten, bai enpleguari dagokionez, bai BPGari egiten dion ekarpenari dagokionez. Hala ere, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenak eragile eta ekoizle nabarmenak ditu, eta sari ugari hartu dituzte.
 
Mahaian parte hartzen duten eragileentzat, eskualdeko sektoreak aurre egin behar die, oro har, eremuak aurrez aurre dituen erronka berei: ekoizpen kostu altuak, prezio baxuak, erregulazioaren eta burokraziaren igoera, erkidegoz kanpoko lehia, araudien aldetik oztopo handiak, burokrazia handiegia, bitartekari gehiegi, zahartzea eta erreleborik eza, robotizazioa... eta, bereziki, laguntza publikoekiko mendekotasun handia, sektorearen garapen sozioekonomikoa oztopatzen duena.
 
Mahaiaren ustez, irtenbidea sektorean indarrean dagoen negozio eredua eraldatzetik abiatu beharko litzateke, aldaketa sozioekonomiko globaletara egokitzeko, ekonomia zirkular berrirako eraldaketan arreta berezia jarriz. Eraldaketa horren helburu ideala izan beharko luke ekoizleak subsidioen mendekotasunaren zama astunetik askatzea, eta, horretarako, beren produktuengatik bidezko prezio bat lortu behar da, existentzia duina lortzeko.
 
Aktibazio Planaren lehen zirriborroari dagokionez, positibotzat jo dute nekazaritzako elikagaien sektorearen aldeko apustua, osasunarekin eta turismo jasangarriarekin partekatutako programa baten esparruan. Eta eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintzako eragileen arteko elkarlanerako eredu bat garatzeko ideia interesgarria dela uste dute, kokapen berri bat garatzeko, baina eskualdearen nortasun indibidualista berezia dela-eta zailtasunak dituela uste dute.
 

2. mahaia:

Industria eta Garraioa

Industriak eta garraioak osatzen dute eskualdean enplegu indize garrantzitsua eta BPGari egiten dion ekarpena sortzen duen sektorea. Eraikuntzak, logistikak, makineriak, metalak, farmazeutikak edo nekazaritzako elikagaiek, bertze azpisektore batzuen artean, oraindik lehiakorra den industria bat osatzen dute, baina geldialdiaren sintomak ditu, beherakada txiki baina progresiboarekin.
 
Mahaiak nabarmentzen dituen erronka nagusien artean talentua atxikitzeko zailtasuna dago, eta horrek nabarmen baldintzatzen du etxebizitzarik ez izateak, batez ere, baina baita osasun, hezkuntza edo aisialdi zerbitzurik ez izateak ere. Industriari berari dagokionez, prezio lehiakorreko lurzoruen eskuragarritasun handiagoa eskatu dute energia azpiegiturez eta telekomunikazio azpiegiturez ongi hornitutako poligono berrietan.
 
N-121 errepidean eskualdeko irisgarritasuna hobetzen segitzeko beharra ere aipatu dute. Zerbitzuei dagokienez, trantsizio digitaleko eta zirkularreko prozesuetan laguntza behar dela nabarmendu dute. Arlo horietako eta industriaren eta garraioaren premiei lotutako bertze eremu batzuetako lanbide heziketa funtsezkotzat eta premiazkotzat jotzen dute, bai ekimen publikotik, bai pribatutik. Azkenik, hagitz garrantzitsutzat jotzen dute lehendik dauden enpresak sendotzen laguntzea eta hainbat arlotan pizgarriak izatea, hala nola oinordetzetan, sozietateetan eta landa eremurako PFEZren pizgarri espezifikoak erregulatzea.
 
Planaren lehen zirriborroari dagokionez, mahaiak bereziki baloratzen du lankidetza eta berrikuntzako ekosistema baten egituraketa, eragile publiko eta pribatuen arteko elkarrizketa antolatzeko iraunkortasunerako bokazioarekin. Baloratu den bertze alderdi bat da nekazaritzako elikaduraren, osasunaren eta turismoaren lehentasunezko sektoreei lotutako marka komun baten posizionamendua, baina eskualdearen ezaugarriengatik berengatik mugikortasuna ere sartu beharko litzatekeela uste dute.
 
 

3. mahaia:

Zerbitzuak

Zerbitzuen eremuan, enplegurako eta eskualdeko BPGrako sektore arras garrantzitsua baita, mahaiak merkataritza, turismo, kultura eta kirolaren azpisektoreetako eragileak biltzen ditu, beren jarduera eremuak estuki lotuta daudelako, eta horrek, lankidetza estrategien diseinua eta garapena errazten du. Merkataritzak eta turismoak dagoeneko badituzte garapen plan espezifikoak eta baita horiek bultzatzen dituzten erakundeak ere. Kulturak eta kirolak, aldiz, ez dute eskualdeko egiturarik, eta haien jarduerak atomizatuta eta sakabanatuta daude.
 
Oro har, eskualdeko erronka nagusiak hauek dira: etxebizitza, eskualdeko mugikortasuna eta gazteen atxikipena. Erronka orokorrei dagokienez, ekonomia zirkular berrirako trantsizioa da erronka nagusia. Diagnostikoari dagokionez, bereziki kezkatzen dute zahartzeak eta turismoaren mendekotasun ekonomiko gero eta handiagoak. Finkatutako helburuei dagokienez, inbertsioak erakartzea eta biztanleak finkatzea nabarmentzen dira. Sektoreko hautaketari dagokionez, turismoaren, nekazaritzako elikagaien eta mugikortasunaren aldeko apustua egin da. Jarduera proiektuak hautatzeko irizpide nagusia etorkizunerako proiekzioa izan beharko litzatekeela uste da, eta, ondotik, eskualdeko baliabideetara egokitzea. Planari dagokionez, interesgarria izan daiteke azpisektoreetako eragileen arteko lankidetza sistema marka bateratu baten pean sustatzea, nahiz eta azpisektore bakoitzak dituen profilengatik estrategiak lerrokatzeak dakartzan zailtasunak aintzat hartzen dituzten.
 

4. mahaia:

Ekonomia berriak

Landa eremuko ekonomia berriak sektore sozioekonomiko berriak dira, eta berrikuntza proiektuen ekintzailetzari lotuta daude, bai trantsizio digitalak behartuta zein trantsizio ekologikoak bultzatuta sortzen ari diren negozio berriak. Negozio horiek aurrerapen teknologikoak eta landa eremuan dauden baliabide naturalak aprobetxatzen dituzte negozio berriak garatzeko orduan. Biomasa edo hondakin organikoetatik bioerregaiak eta ongarriak fabrikatzea bezalako proiektu batzuk aski ezagunak dira, baina bertze batzuk, zuhaitzetatik edo lainoetatik energia berriztagarriko iturri berriak kalterik gabe ateratzea, oraindik esperimentalak dira. Baina, egia erran, azken urteotan, hazten ari den sektore berri horretako negozio proiektuen kopurua esponentzialki ari da garatzen mundu osoan.
 
Eremu berri horretan, mahaiak Baztan-Bidasoko eremuan negozio proiektu berriak sustatu ditzaketen eragileak biltzen ditu. Erronkei eta Planaren zirriborroari dagokienez, planteamenduak nahiko bat datoz gainerakoekin, baina berariazko problematikan alderdi batzuk nabarmendu dituzte eragile sozioekonomikoek. Ildo horretan, berrikuntza proiektuak babestu eta onartu behar dituztenek, berrikuntza proiektuek dituzten onurak eta abantailak ulertzeko zailtasunak nabarmendu dituzte, bai eta horiek garatzeko oztopo burokratikoak ere. Gisa berean, horiek inplementatzeko berariazko finantzaketa esparru publikorik zein pribaturik ez dagoela adierazi dute eragile sozioekonomikoek
 

Parte hartu zure iritzia emanez

Parte hartzeko, nahikoa da hemen ageri den QRtik inkestan sartu eta erantzunak markatzea. Ekarpen gehiago egin nahi izanez gero, iruzkinak edo proposamenak eginez, mezu elektroniko bat bidal daiteke helbide honetara:
aktibazioplana@baztanbidasoa.org
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun