Baztan-Bidasoa Aktibazio Plana

Udalen ekarpenak bilduta, aitzinera doa Baztan-Bidasoa Aktibatzeko Plana

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 16a, 11:00

Artxiboko irudia. Argazkia: Cederna Garalur

CEDERNA GARALUR garapen agentziak bultzatuta eta Nafarroako Gobernuak lagunduta, Eskualdea Aktibatzeko Plana lantzen ari dira Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Xaretako Udala.

Baztan-Bidasoko ekonomia aktibatzeko planik ez zegoela ikusita, gaia esku artean hartu zuten urte hasieran Cederna Garaurrek eta Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Xaretako Udalek. Elkarrekin Eskualdeko Aktibazio Plana lantzen hasi ziren orduan, batean eta bertzean zituzten beharrak identifikatu eta etorkizuneko lan ildoak zehazteko. Prozesuaren gidaritza bere gain hartu zuen Cederna Garalurrek, Nafarroako Gobernuko, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu du prozesua eta Iñigo Doriaren laguntza teknikoa kontratatu dute plana martxan jartzeko.

2024ko urtarrilaz geroztik, hainbat bilera egin dituzte, planaren hasierako fasea zehaztu eta eman beharreko urratsak ezagutzeko. Eskualdeko beharretatik sortutako jarduera zehatzak diseinatzea da asmoa, gauzatze-egutegi bat finkatzea eta jarduera horien balorazio ekonomikoa egitea, finantzaketa bilatzeko.

Eskualde ikuspegia indartu

Baztan-Bidasoa eskualdea 21 udalek osatzen dute, Baztandik hasi (7.800 biztanle) eta Saldiaseraino (126 biztanle). Batzuek eta bertzeek dituzten beharrak eta bitartekoak berdinak ez diren arren, antzeko erronkak dituzte burutan. Etxebizitzaren gaia, mugikortasuna, jarduera globalen aukeraketa... Elkarrekin diagnostikoa osatu dute eta agerian geratu dira eskualdeak pairatzen duen zahartzea eta talentuen ihesa, baina baita eskualdeak duen potentziala ere, bai barnean zein kanpora begira. Indarrak bateratu eta eskualde mailako ikuspegia lantzea ezinbertzekoa da horretarako, kontakizun komuna sortzea, udal guztien helburua baita biztanleria finkatzeko, etxebizitza beharrak asetzeko, inbertsioak erakartzeko eta enplegua sortzeko moduak bilatzea. Horretarako beharrezkoa da interes pribatua eta indibiduala gainditzea eta ikuspegi orokorrago, globalago eta parte hartzaileago baten alde egitea.Horretarako, erronka zehatzak planteatu dituzte: 

  • Etxebizitzen eskaintza eta eskaria lotzeko ekintza. Tokiko ikuspegitik nahiz eskualdekotik, benetako eskaerak ezagutu, etxebizitza faltaren eta etxebizitza hutsaren arteko formulak aktibatu, etxebizitza berrien aurreko birgaitzea, hirigintza eragozpenen azterketa, esku hartze publiko-pribatuaren eskaera, administrazioen arteko lankidetzak... gaia eskualdeko agendan sartu eta horren ibilbide orria diseinatzeko lantalde bat sortzea da asmoa.
  • Turismo jasangarria. Eskualdeak 30 urte baino gehiago daramatza landa turismoa lantzen. Funtzionatu ez duten egitura batzuk sortu dira eta une honetan arlo publikoan, Uraren Bailarak, eta arlo pribatuan, Baztan Bidasoa Elkartea ari dira lanean. Udalerri batzuk tentsionatuta daudela ikusi dute eta turismo eredu iraunkor batera pasatzeko moduak landu nahi dituzte. Ingurumenaren zaintzak, bertan bizi diren herritarren beharrak eta ekonomiak eskutik joan behar dute eredu berri horretan. Bailaretako idiosinkrasia indartzea da asmoa. Sektorearen profesionaltasunari balioa eman eta zein eredu eskaini nahi duten aztertzeko unea da, kanpotik ereduak inposatu beharrean. Eskariak eta eskaintzak bat egiten ote duten aztertu behar da eta tokian tokiko proiektuak indartu. Lurralde garapen jasangarrian eta parte hartzailean sinesten duen eskualde bizi baten alde lan egin.
  • Osasuna. Herriek bizirik segitzeko, herritarrek bertan bizitzeko apustua egin behar dute eta horretarako baliabideak eskaini behar zaizkie. Oinarrizko zerbitzuak eskura izatea ezinbertzekoa da. Eskualdean alde horretatik, bada zer landua. Ez dago eskualdeko ospitalerik eta horregatik lehenbiziko arreta azkarra eta segurua izateko bermeak eman behar dira. Halabeharrez hirigunera mugitu behar izaten dute herritarrek eta horri irtenbidea eskualde mailan eman behar zaio. Pertsonak erdigunean jarri eta herritik eta herriarentzat izanen diren proiektuak landu behar dira. Mugikortasun jasangarria ere kezka iturri da udalentzat.
  • Enplegua, ekintzailetza eta enpresen erakarpena ere erronka gisa planteatu dituzte. Eskualdean, langile gehienak autonomoak dira edo enpresa txikiak. Arazo handiak daude belaunaldi erreleboarekin, baita lanpostu lehiakor, digital eta ekintzailetza eredu berriak sortzeko ere. Formazioa izanen da egoera honi buelta emateko giltza. Eskualdearen garapenerako motorra izan behar luke eta horretarako ezinbertzekoa da Oronoz-Mugairiko Lanbide Eskola Integralaren proiektuak aitzinera egitea.

Erronka horiek gauzatzeko, ekintza zehatzak ere proposatu dituzte. Arian arian xehetzen denez burdina, lanean segiko dute elkarrekin. Udalekin bilerak eginen dituzte etorkizunean ere, eta hurrengo urratsak adostuko dituzte. Epe labur, ertain eta luzeko lan ildoak zehaztu eta diru iturriak lortzen joateko.

 

Proposatutako ekintza zehatzak

  • Etxebizitza publikoak birgaitzea alokairuko etxebizitza gisa eskaintzeko.
  • Pistetan eta baserrietarako sarbideetan inbertsioak egitea.
  • Ekipamendu publiko berriak.
  • Ur kontsumoaren digitalizazioa.
  • Azpiegitura berdeen mantentze lanak. Herrietan funtzio anitzeko espazioak sortzea.
  • Enpresak erakartzeko lurzoru industriala izatea.
  • Inbertsioak azpiegitura publikoetan.
  • Energia berriztagarrien instalazioa espazio publikoetan.
  • Bidasoko Bide Berdea bailara guztien arteko ardatz egituratzaile gisa definitzea eta bidea Baztanekin lotzea.
  • Disuasio aparkalekuen eskaintza bat izatea, herriak bizirik eta modu jasangarrian mantendu ahal izateko, eta autokarabanentzako aparkalekuak jartzea beharrezko zerbitzuekin.
  • Herriak Bide Berdearekin lotuko dituzten azpiegituretan lan egitea.
  • Energia berriztagarrien eta jasangarrien azpiegiturak sustatzea, ura eta zerbitzuak izateko, dauden baliabideak eta baliabide naturalak kudeatzeko formula berriak aztertzeko eta uholdeen eta suteen prebentzioan lan egiteko.
  • Mugikortasun iraunkorra. Herrien artean eta herrietatik hirietara mugitzeko garraio publikoaren zerbitzua izatea.
  • Elikadura burujabetza ikuspegi globalarekin lantzea, tokiko ekonomiatik abiatuta. Ekonomia zirkularra lantzea eta enplegu iraunkorra sortzea, lurzorua sailkatzea eta lehen sektorean garapen puntuak sortzea.
  • Enpresak erakartzeko azpiegiturak prestatzea: zoru industriala dago Lesakan, Legasan, Zaldubin, Oronozen eta Bertizaranan. Nafarroako zein gertuko enpresak erakartzeko eskaintza erakargarria egin behar da.
  • Dauden azpiegiturak berrerabiltzea enplegua sortzeko eredu berrietarako eta negozio ideia berriak, eraldaketa digitala, negozio eskolak edo bertze ideia batzuk erakartzeko, hala nola Lesakako espazio erabilgarriak, Arizkungo komentua, edo aztertu beharreko bertze batzuk.
  • Oronoz-Mugairin lanbide eskola egiteko lanketarekin segitzea, udal guztiak inplikatuta daude eta laster errealitate izan dadin lanean ari dira.
  • Oronoz-Mugairiko Zunda Desgaitasun Intelektuala duten pertsonendako Eguneko Zentroa eskualde mailako azpiegitura da eta 2024an hasi dituzte eraikuntza lanak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun