Joan den astean Doneztebeko San Miguel ikastetxeko hainbat irakaslek Hezkuntza Laguntzako Espezialistei (HLE) babesa adieraziz, gutuna zabaldu zuten. Arrakasta ikusita, irakasleen atxikimenduak eskatuz, Nafarroa osora zabaldu zuten, eta Baztan-Bidasoko Hezkuntza Laguntzako Espezialistek jakinarazi dutenez, Baztan-Bidasoaldean babesa handia lortu dute irakasleen artean.
Ikastetxez ikastetxe, sinadura kopuru hau bildu dute, eta aunitzetan, «klaustro osak eman du babesa».
- Doneztebeko San Miguel eskola: 23 irakasleren sinadurak.
- Doneztebeko Mendaur Institutua: klaustroko kide guztien sinadurak.
- Lesakako Irain eskola: 15 irakasleren sinadurak.
- Igantziko eskola: 7 irakasleren sinadurak.
- Legasako eskola: klaustroko kide guztien sinadurak.
- Narbarteko eskola: klaustroko kide guztien sinadurak.
- Iturengo Pulunpa eskola: klaustroko kide guztien sinadurak.
- Sunbillako eskola: klaustroko kide guztien sinadurak.
- Elizondoko eskola: 22 irakasleren sinadurak.
- Lekarozko institutua: 23 irakasleren sinadurak.
- Saldiasko eskola: 3 irakasleren sinadurak.
- Berako Toki Ona institutua: 51 irakasleren sinadurak.
- Baztango eskola ttikietan (Zugarramurdi-Urdazubi, Erratzu, Azpilkueta, Gartzain, Lekaroz, Amaiur, Arizkun, Irurita, Arraioz, Oronoz, Ziga eta Almandoz): klaustroko kide guztien sinadurak.
Gaur greba eguna
Gaur greba eguna dute Hezkuntza Laguntzako Espezialistek, eta Baztan-Bidasoko espezialisten kasuan, «segimendu handia» aurreikusi dute. Esplikatu dutenez, «gure zerbitzu minimoak % 100ekoak dira HLE bakarra dagoen ikastetxeetan eta % 50ekoa bi edo gehiago dauden ikastetxeetan». Gaineratu dutenez, «lanean derrigorrez geldituko diren lankideak, txaleko horiekin eta greba egunaren kartelarekin eta pegatinekin identifikatuak ari dira lanean». Horrekin batera, Baztan-Bidasoaldean «lanketa ederra» egin dutela adierazi dute; «greba egunerako material banaketa, kartelak, pankartak, familiei informazioa pasa eta sinadura bilketa».
Grebarako arrazoiak
- «Hezkuntza Laguntza Espezialista gehienak» behin-behineko egoeran ari direla adierazi dute, eta aunitzek «kontratu partzialak» dituztela, «batzuetan bizitzeko adina ere ematen ez dutenak. Aunitz lanbidea uzten ari dira Hezkuntza Departamentuak ezarritako baldintza prekarioak direla eta».
- «Gimeno jaunak zuzentzen duen Departamentuak zuen seme-alabek hartzen duten zerbitzuaren kalitatea aunitz murrizten du, ia-ia laguntza soil batera mugatuz».
- Haien kontratuan ikasleekin egon beharreko arreta zuzeneko orduak bakarrik sartzen direla adierazi dute: «Ez dugu denborarik koordinatzeko, taldean lan egiteko, material egokiak prestatzeko… Horrela, inklusioa ezinezkoa da. Hau guztia txapuza hutsa da».
- Hezkuntza Departamentuak haientzako prestakuntzarik ez duela ematen ere salatu dute. «Profesionalak gara gure aldetik eta Departamentuaren laguntzarik gabe prestatzen ari garenak zuen seme-alabei kalitate handiagoko laguntza ematen saiatzeko».
- Ordutegia ere aipatu dute: «Guretzat indarrean dagoen ordutegi erregulazioak egunean bederatzi orduko lanaldia eta astean 43.30ekoa onartzen ditu. Eta oroitu zuzeneko arretaz bakarrik ari garela».
Aldarrikapen nagusiak
Aipatutako arrazoi horiek kontuan hartuz, aldarrikapen hauek egin dituzte:
- «Ordutegiaren erregulazio berria» eskatu dute.
- «LEPak deitzea» nahi dute, «HLE langile gehienak finkoak izan arte».
- Koordinazio saioak ere eskatu dituzte, «taldeko lana eta materialak prestatzeko. Horrela eskaini ahal izanen diegu seme-alabei kalitatezko hezkuntza».
- «Berariazko eta kalitatezko prestakuntza» ere exijitu dute.
- HLE langileen «alderdi guztiak arau bakar batean biltzea» ere nahi dute, «bai eskubideak, bai betebeharrak».
- Greba alde batera uzteko, negoziatzeko eskatu dute.