Kaparren banaketa mendietan eta kapar ziztaden arriskuak aztertzeko, PyrTick mugazgaindiko proiektua abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 12a, 12:00

Parasito hau izendatzeko hainbat izen ditu euskarak Euskal Herriaren luze zabalean: kaparrak, gaparrak, lakastak, akainak, artapoak, lakainak…

PyrTick proiektua Poctefa Europar Funtsekin diruz lagundua dago eta proiektuan parte hartzen dute Zaragozako Unibertsitateak, Euskadiko NEIKER Zentro Teknologikoak eta Frantziako INRAe eta Laboratoires des Pyrénées et des Landes erakundeek. Helburuak: Pirinioetako ingurunean dauden kaparrei eta transmiti ditzaketen gaixotasunei buruzko informazioa eguneratzea eta baita epe luzerako azterketa harmonizatzea ere.

Gaparrak edo akainak agente infekziosoen eramaile izan daitezke eta, hortaz, pertsonen eta animalien osasunerako arriskutsuak dira. Kaparren populazioa hazten denean, gaixotasunak transmititzeko arriskua ere hazten da, konparazio batera, Borrelia burgdorferi bakterioak eragindako Lyme-ren gaixotasuna. Gaixotasun hori transmititzeko orduan erabakigarria da kaparra larruazalari atxikita egoten den denbora, pertsona bat infektatzeko 36 eta 48 ordu artean behar baitira.

«Kaparrak ia urte osoan aurki daitezke mendi inguruetan, baina udaberrian eta udan  oraindik gehiago»

Aitor CEVIDANES, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko ikertzailea

NEIKER Zentro Teknologikoaren arabera, «kaparren ehuneko txiki batek bakarrik garraiatzen du Borrelia burgdorferi bakterioa, baina arazo larriak sor ditzake pertsonen osasunean, nerbio sistema zentralean eta periferikoan, artikulazioetan, bihotzean eta abar». Euskadin, «kapar espezierik ohikoena Ixodes ricinus da» dio Cevidanesek. «Oihan eta mendietan ugari den ektoparasito horrek etxeko eta mendiko animalia askori eragiten die, horien artean ugaztunei, hegaztiei, narrastiei eta gizakiei ere».

 

NEIKER: «Euskadin 19 kapar espezie identifikatu ditugu»

Azken hamarkadetan parasito hauen populazioa handitu izanaren susmoa bada ere, ez dago uste hori babesten duen ebidentzia zientifikorik. Alabaina, «Euskadin 19 akain espezie inguru identifikatu digu» dio Aitor Cavidanesek.

Gai hori argitzeko eta Pirinio aldean kaparrek osasun publikorako eta animalien osasunerako dituzten arriskuak aztertzeko abiatu dute PyrTick proiektua. Proiektu hau Europar Batasunak kofinantzatua da, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg VI-A Programaren bidez (POCTEFA 2021-2027).

PyrTick proiektuak ikuspegi berritzailea du, elkarrekin lotura duren hainbat aspektua kontuan hartzen dituela. Konparaziora, kaparren errolda sistematikoak eginen dituzte Pirinioetako hainbat habitatetan eta zunda klimatikoak erabiliko dituzte ingurumen datuak kaparren portaerarekin erlazionatzeko. Gainera, ikerketa honek basa faunak kaparren bizi zikloan eta patogenoen transmisioan duen papera ikertuko du. «Gure helburua muga politikoak gaindituko dituen zaintza sare bat sortzea da, muga geografikorik ezagutzen ez duen osasunerako mehatxuari modu integralean aurre egiteko», gaineratu du Cevidanesek.

Proiektu honekin, Pirinioetako mendi inguruko kaparren eta patogenoen ugaritasunari buruzko informazio eguneratua lortzea espero dute. Datuek parasitoen hedapenari eta izan ditzaketen arriskuei buruzko mapa zehatzak garatzea ahalbidetuko dute, klima aldaketaren ondorioek eragindako hainbat agertokitarako aurreikuspenak barne.

Gainera, praktika egokien gomendioak bilduko dituen gidak argitaratuko dituzte, eta ziztadek eragin ditzaketen gaixotasunei buruzko herritarren kontzientziazioa handitzeko kanpainak, baita arriskua murrizten duten neurri egokiak hartzea sustatzeko ere. Proiektua 2024ko martxoan hasi zen, eta dagoeneko hasi da landa-lan fasea.

 

Kaparren direla eta, kasu egin aholku garrantzitsu hauei

Kaparren ziztadak prebenitzeko eta parasito horiek transmititutako gaixotasunen arriskua murrizteko, jarraibide hauei jarraitzea gomendatzen dute adituek:

  • Gune infestatuak saihestea: ahal den guztietan, landaretza handiko eremuak saihestea gomendatzen da, hau da, parasito horiek egon daitezken mendi eremuak eta belardiak.
  • Arropa babesle modura: kaparrak errazago ikusten dira kolore argiko arropetan. Galtza luzeak galtzerdien azpitik sartzea eta mahuka luzeko alkandorak eramatea gomendatzen da, kaparrak larruazaleraino ez iristeko.
  • Uxagarriak erabiltzea: kaparrendako uxagarriak aplikatzea arropetan eta agerian gelditzen den larruazalean. Garrantzitsua da gomendatutako osagai aktiboak dituzten produktuak aukeratzea eta fabrikatzailearen jarraibideei kasu egitea.
  • Menditik itzulitakoan, gorputza aztertzea: aire zabaleko jardueren ondotik, gorputzaren azterketa osoa egitea gomendatzen da, arreta berezia jarriz besapeetan, izterretan eta belarrien atzeko aldean, egon daitezkeen kaparrak detektatzeko eta kentzeko.
  • Nola kendu kapar bat: bat aurkituz gero, ahalik eta agudoen atera behar da, transmisio arriskua murrizteko. Behar bezala ateratzeko, pintza zabalak erabili behar dira, kaparrari larruazaletik ahalik eta osoen hartu eta, zakartasunik gabe, trakzio konstantearekin tira egin. Gelak edo olioak erabiltzea baztertu behar da. Gero, ziztadako puntua desinfektatu behar da. Zalantzarik izanez gero edo osorik kendu ezin bada, hobe da osasun etxera joatea lehenbailehen eta kendu dugun kapar zatia zerbaitetan bilduta eramatea medikuak azter dezan.

 

PyrTick proiekturaren logoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun