Sindikatuek berriz ere grebara deitu dituzte irakasleak. Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guziek (Steilas, Anpe, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT) gaur goizean iragarri dute urriaren 29rako egin dutela bigarren greba deialdia.
Goizeko agerraldian joan den ortzeguneko greba hartu dute hizpide sindikatuek: «Egun horretan, greba eta karrikako mobilizazioen bitartez, irakasleek, familiekin batera, Nafarroako Gobernuari ikastetxeetan egun dauden arazoak konpondu behar dituela jakinarazi zioten. Irakasleak gainezka daude eta soluzioak nahi dituzte».
Sindikatuen hitzetan, «ia astebete joan da mobilizazioak egin zirenetik eta Nafarroako Gobernuaren aldetik ez da erantzunik izan». Gobernuari adierazi diote «ezin duela ezikusiarena egin», eta berriz ere, sindikatuekin negoziatzeko eskatu diote: «Irakaskuntza publikoak eta irakasleek dituzten arazoei konponbidea eman nahi diegu. Eta hori orain egin behar da, mahaigaineratu diren aldarrikapenen inguruko proposamen zehatzekin, baita horiek ezartzeko behar diren egutegiarekin eta finantziazioarekin ere». Argi utzi dute «gobernuaren esku dagoela eskola publikoari lehentasuna ematea, eta horretarako datozen aurrekontuetan gure kolektiboaren aldarrikapenak aintzat hartu beharko ditu».
Gisa berean, Nafarroako Parlamentuko talde politiko guztiei «gure aldarrikapenek behar duten inbertsioa lortzeko ahalegindu daitezen» eskatu diete: «Gure aldarrikapenen asmoa Nafarroako ikasle guztiei behar eta merezi duten zerbitzurik hoberena ematea da. Denok merezi dugu: ikasleak, familiak eta irakasleak».
Ondoko egunetan jakinaraziko dute greba egunaren harira zer mobilizazio eginen dituzten.
Ikusi hemen joan den asteko grebak eskualdeko eskoletan izan zuen segida.