Eskualdeko ikastetxe batzuetan erabatekoa izan da grebaren segida, bertze batzuetan ttikiagoa, eta normaltasunez lan egin duten eskolak ere izan dira. Eremuka, Leitzaldeko eta Urumealdeko eskoletan, Baztango zenbait eskoletan, Bertizaranan Legasako eskolan, Bortzirietan Etxalarko eskolan, Malerrekan Sunbillako eskolan, institutuetan eta lanbide eskolan izan du segidarik zabalena. Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren arabera, Nafarroa mailan % 26,5eko segida izan du grebak. Baina sindikatuen hitzetan, % 60koa eta greba arrakastatsua izan da.
Bertzalde, goizean grebarako deia egin duten sindikatuek antolatuta, Elizondoko plazan elkarretaratzea egin dute eta 70-80 lagun bildu dira.
HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAK
BAZTANGO ESKOLAK
- Almandoz: Lau irakaslek egin dute bat grebarekin, bi klaustrokideek eta gaurko egunean eskolara joaten diren bi espezialistek. Zerbitzu minimoak bermatzeko zuzendaria bakarrik aritu da lanean, baina TTIPI-TTAPAri erran diotenez, zuzendariak ere bat egin du grebarekin. Ikasleei dagokienez, hirutik bi joan dira eskolara.
- Amaiur: Amaiurren klaustroaren % 100ak egin du bat grebarekin, sei irakasleek. Baina zerbitzu minimoak bermatzen aritu dira eskolara joan diren ikasleak artatzeko.
- Arizkun: Irakasle guziek, batek ez bertze, greba egin dute.
- Arraioz: Irakasle guziak lanera joan dira; ez dute grebarik egin.
- Azpilkueta: Sei irakasleak lanera joan dira; ez dute grebarik egin.
- Elizondo: 25 maisu-maistretatik 19k greba egin dute Elizondoko eskolan. Lanera sei joan dira, baina horietatik lau guttieneko zerbitzuak betetzeko.
- Erratzu: Irakasleen % 100ak egin du greba. Irakasle bat eta zuzendaria bakarrik aritu dira lanean, zerbitzu minimoak bermatzeko.
- Gartzain: Irakasle guziek lan egin dute eta ikasle guziak eskolara joan dira.
- Irurita: Hamaika irakasleetatik bortzek egin dute greba, eta bertze bortz lanera joan dira. Zuzendariak zerbitzu minimoak bermatu behar izan ditu. Ikasleen datuak ere eman ditu eskolak, eta «52tik 40 eskolara etorri dira».
- Lekaroz: Irakasle batek egin du greba eta hiruk ez.
- Oronoz: Lau irakasleen artean batek egin du greba.
- Ziga: Zuzendariak eta irakasleak grebarekin bat egin dute, baina zerbitzu minimoak bermatzeko biek lanera joan behar izan dute.
BERTIZARANAKO ESKOLAK
- Legasa: Irakasleen %40k egin du bat greba deialdiarekin eta guttieneko zerbitzuak bermatu dituzte.
- Narbarte: Irakasle guziak lanera joan dira; ez dute grebarik egin.
BORTZIRIETAKO ESKOLAK
- Arantza: Irakasleen % 37k egin du greba.
- Bera: Ricardo Baroja eskolan % 20ko segida izan du grebak.
- Etxalar: Landagain eskolan hamar klaustrokideetatik zazpi irakaslek greba egin dute, bi derrigorrezko zerbitzu minimoak betetzen aritu dira, eskolak adierazi duenez, «beraien borondatearen kontra». Batek ez du grebarik egin.
- Igantzi: Irakasle guziak lanera joan dira; inork ez du grebarik egin.
- Lesaka: Irain eskolan, 18 irakasleen artean batek egin du greba. Ikasleei dagokienez, 113tik 51 ikasle joan dira eskolara.
LEITZALDEKO ETA URUMEALDEKO ESKOLAK
- Areso: Nazabal eskolan, irakasleen %100ak bat egin du grebarekin. Eskolan zerbitzu minimoak bete behar izan dituzte, eta hala, zuzendaria eta irakasle bat aritu dira lanean.
- Goizueta: Andres Narbarte Xalto eskolan, hamabost irakasle dira eta zerbitzu minimoak direla eta, bostek ikastetxean gelditu behar izan dute. Ikasleen kasuan, 74 ikasletik sei eskolara joan dira.
- Leitza: Erleta eskolan 30tik 26k egin dute bat greba deialdiarekin eta zerbitzu minimoak eskaini dituzte.
MALERREKAKO ESKOLAK
- Doneztebe: San Miguel eskolan, irakasleen %30ak egin du greba. Hala ere, Haur Hezkuntzan izan duen eragina azpimarratzekoa izan da, irakasleen % 80k egin baitu greba.
- Ituren: Pulunpa eskolan, zortzi irakasleen artean batek egin du greba.
- Saldias: Otsonta eskolan hiru irakasleetatik batek egin du greba eta hamasei haurretatik bi joan dira eskolara.
- Sunbilla: Hamalau klaustrokideetatik bederatzi irakaslek egin dute greba.
XARETAKO ESKOLA
- Urdazubi-Zugarramurdi: Hiru irakaslek egin dute greba. Bederatzi irakasle dira denetara, baina batek ortzegunetan egun librea izaten du eta zuzendariak zerbitzu minimoak bermatu behar izan ditu.
INSTITUTUAK ETA LANBIDE ESKOLAK
BAZTAN
- Lekarozko institutua: 74 irakasleetatik 40k bat egin dute grebarekin.
- Elizondo Lanbide Eskola: 46 irakasleko klaustroa dute eta horietatik 26k egin dute, alegia, % 56,5ak. Lehen orduan zenbait irakaslek kontzentrazioa egin dute eskola atarian.
BORTZIRIAK
- Berako institutua: Toki Ona institutuan, 72 irakasleetatik 24k egin dute greba.
LEITZALDEA
- Leitzako institutua: Amazabal institutuan 47 irakasle dira klaustroan, eta zerbitzu minimoetan aritu dira. Zuzendaritzako bi kide eta lanaldi osoko bost irakaslek osatu dituzte zerbitzu minimoak. Horretaz gain, ikastetxean lanaldi osoa ez duten bi irakasle lanera joan dira. Aipatu behar da, bestalde, ez dela ikasle bakar bat ere joan institutura.
MALERREKA
- Doneztebeko institutua: Mendaur institutuan, 33 irakasleetatik 13k egin dute greba.
Arratsaldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute sindikatuek
Sindikatuek oroitarazi dute «bi ikasturte» pasatu direla «ikasgeletako hezkuntza kalitatea eta irakasleen lan baldintzak hobetzeko premiazkotzat» jotzen dituzten eskariak planteatu zituztenetik. «Ratioak jaustea, lan gainkarga murriztea, bitartekotasuna murriztea eta administrazioak berak 2010etik galdu, tasatu eta onartutako erosteko ahalmenaren % 15 berreskuratzea» eskatzen dute. Salatu dutenez, «Hezkuntza Departamentuak inposatutako lan gainkarga etengabeak gure lana ongi egitea eragozten digu».
Joan den ikasturtean Hezkuntza Departamentuarekin «bilera ugari» egin zituztela ere aipatu dute sindikatuek: «Eta lortu genuen gauza bakarra Nafarroa osoan 38 irakasle gehiago izatea izan zen». Horren harira, argi utzi dute: «Ez zaigu nahikoa iruditzen».
Baliabide gehiagoren esperoan segitzen dutela gaineratu dute, baita «pazientzia agortu» zaiela ere. Hala, «10.000 irakasle baino gehiago ordezkatzen ditugun erakunde sindikalen eta Nafarroako gizarte osoa ordezkatzen duten parlamentuko alderdi politikoen eskaerei erantzun arte ez gara geldituko».
Gaurko greba egunaren harira, goizean elkarretaratzeak egin dituzte Nafarroako hainbat txokotan, tartean, Elizondoko plazan. Horrez gain, arratsaldean manifestazioa eginen dute Iruñean. Gurutzeko Plazatik abiatuko dira, 18:00etan, eta sindikatuek parte hartzeko deia egin dute.