Euskaraldia

Herriek Euskaraldian izena ematen ahal dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 2a, 09:30

Joan den ortzegunean Eibarren egindako aurkezpena.

2025eko maiatzaren 15etik 25era eginen da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta dagoeneko lanean hasiak dira. Joan den ortzegunean, adibidez, Euskaraldia ON! topaketa egin zuten Eibarren, «herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko», eta gisa berean, herrien izen-ematea ireki zuten.

«Antolaketan ibili diren edo ibiliko diren Euskal Herri osoko boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak eta teknikariak» bildu ziren irailaren 26an Eibarren, «herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak» aditzeko. Izan ere, Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu bezala, «herrietako mugimendurik gabe ez da Euskaraldirik posible izanen». Bide beretik, Euskara aktibatzaileen gida-liburua ere aurkeztu zuten, «Euskaraldia antolatu eta herriz herri herritarrak saretzeko gida praktikoa».

Herrien izen-ematea zabalik

Herriek dagoeneko Euskaraldian izena ematen ahal dute, ariketa tokian toki antolatzen hasteko. Aitzineko adizioetan «laurehunetik goiti herritan antolatu zen ariketa». Eta laugarren edizio honi begira, «antolatzen hasteko» deia egin dute, «batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!». Euskaraldia.eus atarian ematen ahal dute herriek izena.

Norbanakoen txanda, berriz, 2025eko martxoan izanen da; orduan izanen dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun