Asteburuan jokatuko dituzte Nafarroako 44. Laxoa txapelketako final handiko final erdien itzuliko partidak. Joan den urtean finalista izan ziren Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardia taldeek joaneko partidetan erabakigarria zirudien abantaila lortua zuten Doneztebe Apeztegiari eta Oiz Ari 9-4 irabazita. Gaur egungo txapeldunek 9-5 irabazi zioten itzulerakoan ere herriko taldeari, baina Oiz Ak bere plazan markagailua irauli, Arraioz Sagardiari 9-3 irabazi eta final handirako txartela lortu du, hamabortz urte beranduago.
Oiz A eta Arraioz Sagardiaren arteko partida ikusgarria eta arras ona izan zen. Markagailuak horrelakorik adierazten ez badu ere, gogorra eta orekatua izan zen. Horren erakusgarri, bi ordu eta hogei minutuko iraupena izan zuen partidak. Arraioztarrek lortu zuten lehen jokoa, baina oiztarrek hurrengo seiak egin zituzten. 6-1ekoarekin dena irekia zegoen, baina arraioztarrek bi joko egin zituzten (6-3). Bertze bat egitearekin aski zuten arraioztarrek abuztuaren 3an herriko pilota plazan jokatuko den finalerako sailkatzeko, baina azken hiruak Oizko taldeak egin zituen, gisa horretara, finalerako txartela lortuz, hamabortz urte beranduago.
Bertze finalerdian, Doneztebe Apeztegia 2-0 aitzineratu bazen ere, Doneztebe The Moment taldea 5-4 aitzinetik paratu zen, finalerako txartela segurtatuz. Azkenean, 9-5 irabazi zuten gaur egungo txapeldunek. Honela, abuztuaren 3ko finalean Doneztebe The Moment eta Oiz A izanen dira aurrez aurre. Aitzinetik, goizean, hirugarren postua jokoan izan dute Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apeztegia taldeek
Finalerdi ttikiaren itzulerakoak egunotan
Final handia erabakita, uztailaren 27an Arraiozen jokatzekoa den final ttikiko protagonistak zein izanen diren erabakitzea falta da oraindik. Finalerdietako joanekoan, Doneztebe Menditxurik 7-9 galdu zuen Bear Zanan Irurita Migeleneren kontra eta Doneztebe Titi taldeak 9-8 irabazi zion Oiz Bri. Egunotan jokatuko dituzte itzulerako partidak Arraiozen eta Oizen. Igandean Baztandarren Biltzarra ospatuko denez, ortziralean edo larunbatean jokatuko dituzte partidak seguruenik.