Zelena Renovable enpresak Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako lurretan egin nahi duen Azkua proiektu eolikoaren berri eman zutenetik, urtebete baino gehiago pasatu dela oroitarazi dute Azkua Bizirik, Arantza Bizirik, Igantzi Bizirik eta Sunbillako herritarren plataformek: «2023ko martxoan Sustrai Erakuntza fundazioak prentsara bidalitako ohar baten bitartez enteratu ginen, eta hasiera-hasieratik ezinegona eta kezka sortu zuen gure artean».
Geroztik «ez gara gelditu», adierazi dute prentsa oharrean, eta gaineratu dutenez, «urtebeteko epean manera azkarkitan erakutsi dugu gure ezinegona eta gaitzespena: Batzarrak egin ditugu, hitzaldiak antolatu, eskuorriak banatu, Azkua mendira mendi martxa, banderolak egin, pankartak paratu… Gure mezua garbia da: gure herriak bizirik nahi ditugu eta ez dugu gure mendiak eta inguruak xehatuko dituen eta deus onik ekarriko ez digun proiekturik nahi».
Apiril hondarrean enpresak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan hasierako txostena aurkeztu zuen, eta horren harira, «ikusi genuena uste baino okerragoa» izan zela adierazi dute herrietako plataformek. Hasierako txosten horri erantzunez, euren txostenak aurkeztu zituztela ere jakinarazi dute, baita sinadurak ere: «Herriz herri sinadura bilketak egin genituen paperean eta herritarren erantzuna hagitz ona izan zen. Azkua Bizirik, Arantza Bizirik, Igantzi Bizirik eta Sunbillako herritarren plataforma elkarlanean aritu ginen eta ia bi mila sinadura bildu genituen». Horiek ere gobernuan aurkeztu dituzte. Erantzunarekin «hagitz kontent» gelditu zirela onartu dute oharrean eta eskerrak eman nahi izan dizkiete «proiektu honen kontra daudela adierazi eta Nafarroako Gobernuari kontrako ebazpena eman diezaiola eskatuz sinatu zuten guziei».
Paperean ia 2.000 sinadura bildu ondotik, orain online
Hala ere, lanean segitzen dute: «Proiektuak aitzinera ez segitzeko milaka arrazoi dauden arren, ez dakigu zer pasatuko den. Eta gainera, ez gara fidatzen». Horregatik erabaki dute online sinadurak biltzen segitzea. Lotura honetan egin daiteke sinadura.
Eta horrekin batera, Nafarroako Gobernuari egin diote deia, «proiektua alde batera uzteko» eskatuz. «'Ez dela egingarria eta bideragarria' errana du, baina bere esku dagoen guzia egiteko exijitu nahi diogu. Herritarren nahia errespetatu dezala. Guk erne segituko dugu».