Plazaolako Bide Berdeen Eguna Lekunberrira bueltatuko da maiatzaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 14:00

Bisita gidatuak bizikletaz edo oinez egiteko aukera emanen dute igandean Lekunberrin, Plazaolako Bide Berdeen Egunean.

Igandean bide berdeko bisita gidatuak oinez eta bizikletaz eskainiko dituzte eta ostiralean Ziklotur aurkeztuko dute

Plazaola Partzuego Turistikoak 2000. Urtetik ospatzen du Bide Berdeen Eguna, 2020an izan ezik. Latasa (Imotz), Itxasperri (Arakil) eta Irurtzungo azken hiru edizioen ondotik, Bide Berdeen eguna Lekunberrira bueltatuko da, Plazaola Partzuergo Turistikoaren jaiotzaren 30. urteurrenarekin bat eginez. Hain zuzen ere, partzuergoak Lekunberriko Plazaolako tren geltoki zaharrean du egoitza, partzuergoak berak kudeatzen duen eskualdeko turismo bulegoarekin batera. Maiatzaren 5eko hitzordua estazioan eta bere inguruetan izanen da.

Ziklotur Plazaola

Aurretik, maiatzaren 3an (ostirala), Ziklotur Plazaola eta Nafarroako Zikloturismoko Produktu Klubaren aurkezpenak izanen dituzte.

Aurtengo nobedadeetako bat, Bide Berdeen Egunera batzen den zikloturismoari lotutako aurkezpen, hitzaldi eta jarduera anitzak biltzen dituen zikloa izanen da: Ziklotur Plazaola.

Zikloturismoa, Plazaolako bide berdearen bidez lurraldeko eskaintza turistikoan errotuta egoteaz gain, gorantz doan merkatua da, eta beste modalitate eta espazio batzuetara zabaltzen da: errepideko txirrindularitza, Lekunberriko Hirumuga Bike Park-a, BTT ibilbideak, ekitaldiak, etab. Hori guztia, gaur egun, Europako Next Generation funtsetan eta Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planetan (PSTD) oinarritutako ekimenen eszenaleku gero eta handiagoan kokatu behar da. Ekimen ezberdin horiek, bizikletentzako/ txirrindularientzako azpiegitura eta ekipamendu hobeak eta anitzagoak izaten lagunduko digute baina, horien guztien atzetik, eskaintza pribatua funtsezkoa izanen da zerbitzuak eman ahal izateko.

Horren guztiaren berri eman nahi dute Ziklotur Plazaola 2024an, eta hilaren 3an ziklo hori aurkeztuko dute. Gainera, Nafarroako Zikloturismoko Produktu Klub-aren aurkezpena eginen dute, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritzak sustatua. Kluba, batez ere, zikloturistekin zuzenean lan egiten duten enpresei zuzenduta dago: bizikleten alokairua, alojamenduak, zerbitzuak, garraioa, gidaritza, etab. 19:00etan izanen da, Lekunberriko estazioan / Turismo Bulegoan.

 

Maiatzaren 5ean ibilbide gidatuak bizikletaz edo oinez

Bide berdeaz gozatzeko eta bertatik bizikletaz edo oinez ibiltzeko eguna bada ere, eta aukera guztiei irekita egon arren, hilaren 5ean bisita gidatuak proposatu ditu Plazaola Partzuergoak, aldez aurretik izena emanda, Lekunberri inguruko bide berdeko txoko esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko.

Bizikleta-proposamena bikoitza da, eta 10:00etan hasten da Lekunberriko geltokitik.

  • Hirumuga Bike Park: bertako ekimenez, Lekunberriko udalaren laguntzarekin, leku hori erreferente bihurtu da Mountain Bike zaleentzat. Jaitsierak, jauziak, desnibelak, etab., ezagutu Hirumuga Bike Park aditu baten eskutik eta haren pistez gozatu. Ibilbidea bide berdetik doa Hirumugaraino, eta, 9,5km-ko distantzia dago (joan-etorria).
  • Uitziko tunela: dudarik gabe, bide berdeko ikonoetako bat. Ia 3 kilometroko distantzia duenez, Europako bide berdeetako tunelik luzeena da. Ibilbidea bere osotasunean bide berdetik doa eta joan-etorria 16 km inguru dira Lekunberritik.

Bide berdean oinez ibiltzeko proposamenak, berriz, ibilbide honetako bi mugarri erakargarrienetara eramango gaitu: Ixkier ur-jauzira eta Hiruzubidera. Gero eta bisitatuago dauden txokoak dira, paisaia natural ikusgarriaz gain, Larraun bailarako aprobetxamendu hidraulikoaren tradizioari lotutako kultur eta giza kutsua baitute: errotak, zubiak, hidroelektrikoak, etab. Guzti hori, azken urteetan balioan jarri dute Ondare Kultur Elkarteak eta Iturraskarri proiektuak. Hitzordua igandean 09:30ean izanen da Plazaolako estazioan eta ibilbideak osotara 9,5 km-ko luzera dauka joan-etorrian.

Ibilbide gidatu horietarako, ezinbestekoa da aldez aurretik 639 41 84 63 telefonoan izena ematea. Halaber, bizikletak alokatu daitezke 722 78 29 23 telefonoan.

Azkenik, 11:00etan urteroko Ginkana ospatuko da. Ekimen honek, ikuspegi didaktikoago batetik, bizikletaren erabilera sustatu nahi du. Ibilbideetan parte hartzen dutenek 12:30ean freskagarri bat izanen dute, enpresa laguntzaileek emandako produktuekin.

Ibilaldiak astoekin, Yayacletaeta antzerkia

Bigarren urtez jarraian, Astotrek tokiko enpresak (mendi/trecking ­ibilaldietarako astoen alokairua eskaintzen ditu eta, besteak beste, Plazaola Bide Berdetik ere paseoak eskaintzen ditu bertako inguru naturala eta kulturala ezagutaraziz) eta Corellako Biciclistas elkarteak parte hartuko dute. Ekimen interesgarria azkeneko hau, triziklo egokituen bitartez, adinekoei edota mugikortasun urriko pertsonei bide berdeaz gozatzeko aukera ematen diena. Hilaren 5ean, biak egonen dira Lekunberrin, 11:00etatik 14:30era.

Levilibular konpainiak bizikletaren erabileraren eta mugikortasun iraunkorraren inguruan sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi duen antzerki-jarduera batean murgilduko gaitu. Mugikortasun jasangarria, bai hirietan, bai landa­ eremuetan eta eremu naturaletan, bizikleta-bideak eta bide berdeak helburu horretan oso ibilbide egokiak direlarik. Nola ez, kirol eta jolas zertzeladek ere protagonismoa izango dute obra honetan. Izan ere, honen bidez, bide berdeek aisialdirako, kirolerako, osasunerako eta herrien arteko konektibitaterako duten balioa adierazi nahi da.

Plazaolako ekoizleak eta zozketa

Plazaolako geltokiaren inguruan, Plazaolaren lurraldeko artisautzako eta nekazaritzako elikagaien produktuetako hainbat postu jarriko dira. Bere produkturik onenak eskainiko dituzte, bertako produktuaren zapore bikainez jabetuz: taloak, gazta, hestebeteak, pitxiak, etab. Postuak 11:00etatik 14:30era izanen dira. 13:30 aldera bertako produktuen sorta ederra zozketatuko da ekitaldian parte hartu duten guztien artean (ibilbide gidatuak, yayacleta, ibilaldiak astoan, tailerra, etab.).

Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekua, garraioa eta jasangarritasuna

Ekitaldi honetan parte hartu nahi duten Iruñerriko pertsonak autobusez hurbildu daitezke Lekunberrira. Conda-Alsa autobus-konpainiak hainbat konbinazio ditu. Auto partikularra erabiliz gero, Lekunberriko aparkalekuetan aparkatzea gomendatu dute. Plazaolako aparkalekua (bide berdearen ondoan) mugikortasun urriko pertsonentzat (PMR), artisau-postuetarako eta adinekoak edo mugitzeko arazoak dituztenak aldi baterako aparkatzeko erabiliko da.

Ohi bezala, Zaborra Zero mezua ere zabaldu nahi dute. Igande honetan Lekunberrira hurbilduko den jendearentzako mezua, hondakinak (botilatxoak, edalontziak, paperak, plastikoak…) ez uzteko, ez oinez ezta bizikletaz egindako ibilbideetan ere, ez Lekunberriko Plazaolaren esparruan. Hondakinak gordetzeko poltsatxo bat eramatea ere aholkatu dute beti, baina jarritako edukiontziak ere erabili behar dira, hondakin motak bereiziz birziklatzeko. Hori guztia, ingurunea zaintzeko eta pixkanaka, ekitaldi jasangarriagoa bultzatzeko.

Ekitaldi hau Lekunberriko Udalaren laguntzari eta inplikazioari esker egin daiteke. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiete herriko boluntarioei eta Plazaolako Partzuergoari lotutako hainbat enpresari. Nafarroako Gobernuak ere diruz lagundu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun