Joseba Huarte

«Mundu guztiak izan beharko luke bere jantzi bakar eta berezia»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 15a, 12:00

Ezkontzetako soinekoetan espezializatutako atelierra du Iruñean Joseba Huarte jostunak: Joseba Huarte Atelier. Ttikitatik izan du gustuko eskuz jostea, hala ere, «argi nuen Arkitekturako ikasketak egin nahi nituela. Baina azkeneko momentuan iritziz aldatu eta Moda diseinuko karreran sartu nintzen. Titulazio bikoitza egin nuen: hemengoa eta britaniarra».

Lau urte horietan «hainbat atelierretan lan egiteko zortea izan nuen, ezkontzen munduan erreferentziazkoak diren diseinatzaileekin batera. Horri esker, ezagutzak lortzeko eta hainbat tekniketan trebatzeko aukera izan nuen».

Ezkontzetako modaren afizioa «ezustean» etorri zela onartu du: «pandemia ondotik hiru urtetako ezkontzak pilatuak ziren, eta jende aunitzek idatzi zidan ekitaldirako jantziak egiteko eskatuz. Geroztik, ez diot utzi honetan lan egiteari».

Konpromisorik gabe

Emaztegaiarentzako, amabitxientzako, gonbidatuentzako… soinekoak diseinatzen ditu Huartek. «Tratu hurbila eta xumea» eskaintzen ditu atelierran; «ezinbertzekoa baita bezeroa eroso sentitzeko eta bere ideiarekin modu aberasgarrian lan egin ahal izateko».

Lan egiteko modua «berdina da beti: hainbat hitzordu izaten ditugu bezeroarekin bere ideiak ezagutzeko, nolako ezkontza izanen den, aurrekontua erabakitzeko, materialak aukeratzeko… eta honekin hiru diseinu aurkezten dizkiogu hautagai, gutxi gorabeherako prezioarekin. Zerotik egindako diseinuak dira, bezeroaren gustu eta beharrei egokituak. Hori guztia dohainik egiten dugu, gure lan egiteko modua ikus dezaten, eta pentsatzeko denbora uzten diogu, inongo konpromisorik gabe».

Azaldu duenez, «soineko bat egiteko prozesua guztiz desberdina da zuzenean erostearekin. Norberak aukeratzen du uneoro nolakoa izanen den: eskotea, maukak, telak… bezeroaren gainean sortzen da jantzia eta berarekin batera aldatzen da, probaz proba». Gainera, «zerotik lan egitean, aukera posible guztiak soinean jarrita ikus ditzakegu erabakiak hartu ahal izateko».

Soinekoak denen eskura

«Kalitatezko material eta osagarrien aukera zabalarekin» egiten du lan; «horri esker, edozein aurrekonturi egokitu gaitezke. Mundu guztiak izan beharko luke eskubidea bere armairuan jantzi bakar eta berezi bat edukitzeko». Gainera, «soinekoak ditugu erakusgai, material bakoitza moztua eta landua nola geldituko den ikusi ahal izateko».

Jantzi bat sortzeko «sei hilabete inguru behar izaten ditugu, baina hilabete eta erdiko epearekin ere lan egin izan dugu». Horretarako, «norberaren buruarekin leiala izatea da garrantzitsuena; bezero bakoitza berezia da eta estilo, gorputz eta nortasun propioa dauka. Bakoitzak bere estilo eta gustuak jarraitu behar dituela azpimarratzen dugu beti. Aunitzetan ez dute argi zer nahi duten, eta prozesua osoan orientatu eta laguntzen ditugu. Gurekin solastatzera eta gure lan egiteko modua ezagutzera gonbidatzen zaituztegu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun