Xabier Alberdi

«Musika bezeroaren arabera moldatzea da nire lana»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 14a, 12:00

Osabaren Azkoitiko Joseba jatetxean abiatu zuen dj ibilbidea duela 18 urte Xabier Alberdik, DJ Xabifest. «Kintako afarietan musika jartzen hasi nintzen, eta hortik urtebetera, 19 urterekin, lehen ezkontza egin nuen. Asko gustatu zitzaidan, baita jendeari ere, eta ordutik ez naiz gelditu. 35 urte ditudan arren, 160 ezkontza baino gehiagotan aritu naiz. Hainbat estilotako jendearentzat egin dut lan, eta bildutako esperientziak gaur egun ditudan oinarri sendoa eta ikuspegi zabala eman dizkit».

Esperientzia horri esker, «eskaintzen dudan zerbitzua gertukoa eta anitza da; denetik eta denentzat jartzen dut». Ezkontzez gain, «orotariko ekitaldiak musikatu eta dinamizatzen ditut; kinta edo urtebetetzeko bazkari eta afariak, herrietako edo auzoetako festak, enpresa bazkariak, festa pertsonalizatuak…».

Kalitatea du lanaren oinarri; «azken belaunaldiko baliabideekin egiten dut lan: audio eta argiztapen sistema indartsua, ke makina, pantailak proiektorearekin… musika garbi eta ozen entzuten denean izugarrizko festa sortzen da, eta horrek markatzen du diferentzia. Gainera, gaur egun ezkontza askotan bideoak proiektatzen dituzte eta kalitatearekin ikustea eta entzutea inportantea da».

Ohitura berriak

Urteekin ezkontzak «asko» aldatu direla dio; «lehen musika orkestren esku egoten zen, eta ospakizunak formatu motzagoa izaten zuen; 20:00etako bukatzen zen». Orain, berriz, «askotan zeremonia jatetxean bertan egiten da, eta festa 23:00ak arte luzatzen da, gozatzeko denbora gehiagorekin». Horrez gain, «dj batek edozein kanta jartzeko aukera du, edozein estilokoa. Hori ezinezkoa da orkestra batentzat, instrumentuek dituzten mugengatik».

Aitortu duenez, «ni musikaria naiz dj-a baino lehenago; pianoa, gitarra, saxofoia, harmonika… jotzen ditut eta solfeoa ikasi dut. Horregatik, asko baloratzen dut zuzeneko musika. Baina onartu behar dut dj izateak beste eremu batzuetara iristea ahalbidetzen didala. Adibidez, musika elektronikoa eta klasikoa, trikitixa, rock gogorra edo artista konkretu baten kantak jartzeko aukera ematen dit».

Egun handirako prest

Ezkontza eguna bizitzako egunik garrantzitsuena dela diote batzuk, eta noski, ezkongaiek dena ongi ateratzea nahi dute. Hori dela eta, «horrelako egun berezi batean lasaitasuna ematen dizun norbait aurrean izateak asko balio du, lana ongi ezagutzen duena eta proposamen eta aholkuak emanez laguntzen duena. Horrez gain, gure hizkuntza erabiltzeko aukera badago, askoz hobeto bezeroarentzat eta niretzat!».

Azaldu duenez, «ezkongaiekin lehenbiziko kontaktua normalean telefonoz egiten dugu, eta nire lan egiteko era azaltzen diet, edozein zalantza erantzunez. Nirekin lan egitea erabakitzen dutenean, ezkontzari buruz hitz egiteko elkartzen gara eta nolakoa izango den prestatzen hasten gara: zeremonia, luntxa, ezkongaien sarrera, opariak, detaileak eta berezitasunak, dantzatzeko musika… bezeroaren arabera moldatzea da nire lana».

Izan ere, «ezkontza bat egun eta leku horretan dagoen jende konkretua biltzeko modu bakarra da, eta horrek giro berezi eta errepikaezina sortzen du. Horri erantzuten diot nik, bertan dauden guztiek ahalik eta ondoen pasa dezaten».

Musika denen gustura

Prestaketak inportanteak dira, baina ezkontzaren egunean edozertarako prest egon behar du dj-ak. «Egunean ere jendeak kantak eskatzen dizkit, eta normalean, leheneago edo geroxeago, denak jartzen ditut. Kanta horiek sesioan ondo txertatzea da nire lana».

Azaldu duenez, «denetik» jartzen du, «lau ordu edo gehiagoko dantzaldiak denetik jartzeko aukera ematen duelako: rantxera edo pasodobletik hasi, euskal musikatik pasatu eta gehienbat patxangeoan ibiltzen naiz, beti aurrera eta atzera. Rocka, popa eta abar entzuten dira, eta festa gorantz doan heinean, egur pixka bat jartzea ere gustatzen zait, adibidez, lehen hemen inguruan zegoen Txitxarro eta horrelako diskoteketan entzuten zen musika elektronikoa eta bakalaoa. Jendeari asko gustatzen zaizkio eta saioari bizitasuna ematen diote».

Noski, saioa ezkongaien eta gonbidatuen gustuen araberakoa izaten da, «eta ez dira bi saio berdin ateratzen. Ezkontza bat bertan dagoen pertsona guztientzako da, gazte zein zahar, eta denentzako martxa izatea da nire helburua». Musika estilo asko nahastean, «jende guztia hurrengo kanta zein izango den ezin asmatuz egoten da. Edozer entzutea espero dute, datorrenari irekiak, eta abestia dantzatzeko gogoz egoten dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun