Bihar bukatuko da Errigorako udaberriko kanpainan eskaerak egiteko epea

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 12a, 16:30

Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin, Errigorak hasi du 'Eskutik eskura' leloarekin udaberriko kanpaina. Bihar arte erosi daitezke oliba olio birjina estra, ardoa, kontserbak, arroza, fruitu lehorrak, pasta eta lekale sortak. TTIPI-TTAPAk lehiaketa antolatu du eta bi produktu kutxa zozketatuko ditu lehiaketako galdera denak asmatzen dituztenen artean.

Bihar arteko epea izanen da Errigora ekimenarekin bat egiteko. Eutsi gureari da aurtengo udaberriko kanpainaren funtsa, «egindako bideari begiratu, oinak gaurko lurretan sentitu eta aurrera pausuak emateko deia» egin dute antolatzaileek.

Azken urteetako eskema errepikatuko dute aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen dutena. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta gainontzeko produktuak 12 ontziko sortetan ia denak eta 6 ontziko sortetan batzuk.

Horrekin batera, hainbat berrikuntza ere izanen dituzte: ardo bereziak, ardo gorenak eta ilar gorrien kontserba ekologikoak eta ez ekologikoak.

Azken urteotan hartutako bideari jarraituz, aurtengo eskaintzak ere agroekologiaren aldeko apustuan sakontzen du:

  • Oliba­ olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ­ekologiko dituzte: enpeltre, arbekina eta pikual.  Ekologikoan, aldiz, bertako arroitz eta arbekina. Denak 5 litroko bidoiak dira.
  • Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko hamar produktu izanen dituzte —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki­ menestra, arbendolen sorta, leka, borraja eta zerba penkez osatutako barazki sorta, tomate frijitua, txitxirioak eta ilar gorriak. Zazpi ez ekologiko ere badira aukeran: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, ilar gorriak, borraja, leka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua.
  • Gorago aipatutakoaz gain, arroz ekologikoa eta ez­ ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere paratu dituzte aukeran. Arroza agortua dago dagoeneko, baina pasta erosteko aukera bada oraindik.
  • Lekale ekologikoak ere eskainiko dituzte: seina pakete dilista eta txitxirioz osatutako sorta.
  • Ardoei dagokionez, 750 mililitroko sei botilako bi sorta osatu dituzte. Ardo berezien sortan, Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa bat dago: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak...  Horrekin batera, ardo onduez osatutako ardo gorenak izeneko lotea ere osatu dute, ardo beltzak, onduak edota erdi-onduak dira.

Bi bide daude eskaerak egiteko:

  • Online, errigora.eus webgunean.
  • Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono ­zenbakira deituta.

Banaketa guneak

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehenengoetan egitea aurreikusia dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan norberak aukeratu behar du produktuak biltzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak, eta horietako 8 eskualdean: Areson, Baztanen, Beran, Donezteben, Goizuetan, Leitzan, Lesakan eta Saran.

TTIPI-TTAPAren zozketa

TTTIPI-TTAPAk Errigoraren produktuak dituen bi kutxa zozketatuko ditu. Horretarako nornahik parte hartzen ahal duen lehiaketa antolatu du.  Parte hartzaileek sei galdera erantzun beharko dituzte, eta sei galderak zuzen asmatzen dituztenen artean eginen du zozketan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun