'Eutsi gureari' leloarekin hasi du udaberriko kanpaina Errigorak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 26a, 12:00

Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin, Errigorak hasi du udaberriko kanpaina. Dagoeneko eros daitezke oliba olio birjina estra, ardoa, kontserbak, arroza, fruitu lehorrak, pasta eta lekale sortak.

Otsailaren 25ean hasi eta martxoaren 13ra arteko epea izanen da Errigora ekimenarekin bat egiteko. Eutsi gureari da aurtengo udaberriko kanpainaren funtsa, «egindako bideari begiratu, oinak gaurko lurretan sentitu eta aurrera pausuak emateko deia» egin dute antolatzaileek.

Zailtasunak ez direla falta diote sustatzaileek, eta hiru datu eman dituzte horretarako: Ager eremuko esplotazioen % 36 desagertu dira azken 12 urtetan;  Nafarroan, nekazarien % 7k baino ez ditu 40 urte baino gutxiago eta Euskal Herrian 4.000 tona garbantzu kontsumitzen badira urtero, produzitu, soilik 100 tona eskas produzitzen ditugu.

Zailtasunen aitzinean, ordea, 10 urtean egindako bidea nabarmendu nahi izan dute: udaberriro elkartzen den 10.000tik gora kontsumitzaileen giharra, euskalgintza eta ekoizpen mundua elkarlotzea (ekoizle guztiek euskara plan bat dute abian 2023tik), bertako ekonomia sustatzeko gaitasuna, ekoizpen agroekologikoa bultzatzeko egindako apustuaren emaitzak; boluntario, ekoizle, euskaltzale, kontsumitzaile, batzordekide zein profesionalez osatutako komunitatearen aberastasuna...

Duela 10 urte amets zirenak egun errealitate direla ere oroitu dute: «Ahalez gain, ametsak gureganatu ditugu, duela 10 urte urrun ikusten genituenak: Hazialdeko nekazaritzako kooperatibaren sorrera, kanpainek bere horretan merkaturatze bide bezala suposatzen dutena (Nafarroako oliba-olio ekoizpenaren % 5,7 banatzera heldu gara) eta Euskal Herriko 20 jantoki kolektibotan Errigorako olio, arroz edo dilistak daude menuetan iaztik».

«Bete etxeko despentsa!»

Azken urteetako eskema errepikatuko dute aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen dutena eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dute eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan, arroza eta dilista eta txitxirio lehor ekologikoak izan ezik 6ko lotetan banatuko direnak. «Etxean urte osoan kontsumituko ditugun produktuak direnez, bete etxeko despentsa!» proposatu dute kanpainaren arduradunek. Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte osorako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta gainontzeko produktuak 12 ontziko sortetan ia denak eta 6 ontziko sortetan batzuk.

Horrekin batera, hainbat berrikuntza ere izanen dituzte: ardo bereziak, ardo gorenak eta ilar gorrien kontserba ekologikoak eta ez ekologikoak.

Azken urteotan hartutako bideari jarraituz, aurtengo eskaintzak ere agroekologiaren aldeko apustuan sakontzen du:

  • Oliba­ olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ­ekologiko dituzte: enpeltre, arbekina eta pikual.  Ekologikoan, aldiz, bertako arroitz eta arbekina. Denak 5 litroko bidoiak dira.
  • Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko hamar produktu izanen dituzte —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki­ menestra, arbendolen sorta, leka, borraja eta zerba penkez osatutako barazki sorta, tomate frijitua, txitxirioak eta ilar gorriak. Zazpi ez ekologiko ere badira aukeran: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, ilar gorriak, borraja, leka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua.
  • Gorago aipatutakoaz gain, arroz ekologikoa eta ez­ ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere paratu dituzte aukeran.
  • Lekale ekologikoak ere eskainiko dituzte: seina pakete dilista eta txitxirioz osatutako sorta.
  • Ardoei dagokionez, 750 mililitroko sei botilako bi sorta osatu dituzte. Ardo berezien sortan, Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa bat dago: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak...  Horrekin batera, ardo onduez osatutako ardo gorenak izeneko lotea ere osatu dute, ardo beltzak, onduak edota erdi-onduak dira.

Bi bide daude eskaerak egiteko:

  • Online, errigora.eus webgunean.
  • Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono ­zenbakira deituta.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izanen da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez bada, dena batera ordaindu beharko da, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Banaketa guneak

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehenengoetan egitea aurreikusia dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan norberak aukeratu behar du produktuak biltzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da biltzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak, eta horietako 8 eskualdean.

Herriak
Banaketa tokiak Banaketa eguna
Areso Aresoko plaza zaharra Maiatzaren 10ean, 18:00etatik 19:00etara.
Baztan Baztan ikastola Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data. 
Bera Berako Kultur Etxea Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data.
Doneztebe

Malerrekako Errigora gunea

Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data.

Goizueta

Umore Ona elkartea

Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data.

Leitza

Udal pabilioia

Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data.

Lesaka

Arrano

Maiatzaren 2tik aitzinera. Guneko arduradunak jakinaraziko du data.

Sara

Ahizpa dena

Maiatzaren 4an eta 5ean 10:30etik 17:30ak arte

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun