31 ikastetxeen artean 21ek jardunaldi jarraituaren alde egin dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 2a, 11:00

Nafarroako Eskola Kontseiluak heldu den ikasturtean ikastetxeetan jardunaldi zatitua ezartzea erabaki ondotik, bertzelako eskolaldia nahi izan dutenek aldaketa eskatu behar izan dute. Hala egin dute TTIPI-TTAPAren eremuan dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek. Hala ere, azken oniritzia Hezkuntza Departamentuak eman beharko du.

Nafarroako Eskola Kontseiluak Nafarroako ikastetxeetako jardunaldi mota arautuko duen foru aginduaren proiektua onartu zuen joan den azaroan, eta horren arabera, heldu den ikasturtetik aitzinera eskolak goizez eta arratsaldez izatea erabaki zuen. Jardunaldi jarraitua edo malgua nahi izan dutenek, ordea, aldaketarako prozesua hutsetik egin behar izan dute, horren barrenean, behar diren botazioak eginez. Eskualdean, Arantza, Bera eta Narbarteko eskolak dira aldaketarekin aitzinera ez egitea erabaki dutenak.

Eskualdeko ikastetxeei erreparatuz, ia gehienek jarraitua izanen dute. Hamar dira jardunaldi zatitua izanen duten ikastetxeak: Amaiurko eskola, Baztan Ikastola, Bortzirietako bortz eskolak, Berako Labiaga ikastola eta Jesusen Bihotza ikastetxea, eta Narbarteko eskola. Ikasturte honekin konparatuz, Amaiurko eta Etxalarko eskolak dira jardunaldia aldatuko dutenak.

 
BAZTAN 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Almandoz IP Jarraitua Jarraitua
Arraioz IP Jarraitua Jarraitua
Azpilkueta IP Jarraitua Jarraitua
Elizondo IP Jarraitua Jarraitua
Erratzu IP Jarraitua Jarraitua
Gartzain IP Jarraitua Jarraitua
Irurita IP Jarraitua Jarraitua
Lekaroz IP Jarraitua Jarraitua
Oronoz IP Jarraitua Jarraitua
Ziga IP Jarraitua Jarraitua
Amaiur IP Jarraitua Zatitua
Arizkun IP Jarraitua Jarraitua
Baztan Ikastola Zatitua Zatitua
 
MALERREKA 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Doneztebe IP Jarraitua Jarraitua
Ituren IP Jarraitua Jarraitua
Saldias IP Jarraitua Jarraitua
Sunbilla IP Jarraitua Jarraitua
 
BORTZIRIAK 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Etxalar IP Jarraitua Zatitua
Lesakako ikastola Jarraitua Jarraitua
Arantza IP Zatitua Zatitua
Bera IP Zatitua Zatitua
Berako ikastola Zatitua Zatitua
Berako Jesusen Bihotza Zatitua Zatitua
Igantzi IP Zatitua Zatitua
Lesaka IP Zatitua Zatitua
 
LEITZALDEA-URUMEALDEA 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Areso IP Jarraitua Jarraitua
Goizueta IP Jarraitua Jarraitua
Leitza IP Jarraitua Jarraitua
 
BERTIZARANA 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Legasa IP Jarraitua Jarraitua
Narbarte IP Zatitua Zatitua
 
XARETA 2023/2024 ikasturtea 2024/2025 ikasturtetik aitzinera
Urdazubi-Zugarramurdi IP Jarraitua Jarraitua
Familien botazioak

Jardunaldi aukeraketarekin lotuta, familien artean egindako botazioen emaitza batzuk bildu ditu hemen TTIPI-TTAPAk. Kontuan izan behar da, aldaketa egiteko familien botoen % 60 beharrezkoa zela.

Etxalarko kasuan, jarraituaren aldeko botoak 34 (% 65) izan ziren eta zatituaren aldekoak 18 (% 35). Zazpik botorik eman ez zutenez, jarraituaren aldeko botoak % 57,62 izan ziren. Ez zen lortu aldaketa egiteko behar zen botoen % 60, eta hala, nahiz eta gehienek jarraituaren alde egin, heldu den ikasturtean jardunaldi zatitua izanen dute.

Iruritako eskolan, familien artean egindako botazioan, jardunaldi jarraituaren aldeko boto kopurua % 87koa izan zen.

Baztan Ikastolan, ikasturte honetan, jardunaldi zatituarekin ari dira. Jardunaldi jarraitura pasatu ahal izateko prozesua ireki zuten, baita bozketa egin ere, eta berriz ere emaitza jardunaldi zatituaren aldekoa izan zen. Hortaz, 2024-25 ikasturtetik aitzinerat hala segituko dute.

Goizuetako Andres Narbarte eskolan, 67ko erroldatik 58k jarraituaren alde egin zuten, eta hiruk zatituaren alde. Beraz, jarraituarekin segituko dute.

Saldiasko eskolan, familien nahia argia izan zen: % 100ak jarraituaren alde egin zuen.

Doneztebeko San Miguel ikastetxean, 270eko erroldatik 226 boto izan ziren. Horien artean, 197k jarraituaren alde egin zuten eta 29k zatituaren alde.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun