N-121-A

Sunbilla eta Endarlatsa arteko errepidea eztabaidan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 2a, 09:00

Ezkerretik hasita, Viguel Vicuña beratarra, Aitor Elexpuru Berako alkatea eta Patxi Larretxea Berako udaleko mugikortasun zinegotzia.

N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko lanek aitzinera segitzen dute. Sunbillatik Endarlatsara bitarteko zatia falta da, eta gobernuak egin duen aurreproiektuaren nondik norakoak esplikatu dizkiote TTIPI-TTAPAri Aitor Elexpuru Berako alkateak, Patxi Larretxea mugikortasun zinegotziak eta Miguel Vicuña beratarrak. Hasierako proposamena hobetu badute ere, oraindik badira kezka sortzen duten gaiak.

Maiz izan da lerroburu N-121-A, eta ia beti albiste beltzei aipamena egiteko. Argitik baino gehiago baitu ilunetik. Nafarroako errepide sare nagusian Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A da istripu gehien izaten dituen errepidea, eta datuak ere ikaratzekoak dira: 2010etik guttienez 40 lagun hil dira errepide zati horretan. Trafiko handikoa da, eta hori ere urtetik urtera handitzen ari da. Nafarroako Gobernuaren arabera, egunean, bana bertze, 11.000 ibilgailu pasatzen dira, eta horietatik 3.500 ibilgailu astunak dira.

Egoera horri buelta emateko soluzio eskaerak ez dira atzo goizekoak. Protesta jendetsu aunitz egin dira, tartean errepide mozketak, inguruko herrietan jatorririk edo helmugarik ez duten ibilgailu astunak A-15 autobidera desbideratzeko eskaerak, sinadura bilketak... Baina pandemiak hori ere geldiarazi zuen. Nafarroako Gobernuak, ordea, bere asmoei eutsi die, eta Ezkabako tuneletik Endarlatsarainoko zatia 2+1 motako errepide bihurtzeko lanekin hasi da. 

Obra gehiago

Gibelera begiratuta, obra bat baino gehiago egin dituzte azken 26 urteotan. 1997an, adibidez, bihurgune itxiak eta estuak alde batera utzita, Belateko eta Almandozko tunelak egin zituzten. Baina geroztik horiek ere behin baino gehiagotan itxi behar izan dituzte, arazoak konpontzeko eta Europako araudira egokitzeko. 2008an, berriz, Igantzitik Endarlatsarako tartea moldatzeko lanak hasi zituzten. Hiru zatitan banatu zituzten obrak (Igantzi-Etxalar, Etxalar-Bera eta Bera-Endarlatsa) eta 2009an zabaldu zuten. Baina N-121-Ak ez dio errepide arriskutsu izateari utzi. Obrek kamioien harat-honatak areagotu dituzte eta datuek hala diote: 2008tik 2017ra N-121-An kamioiak trafikoa % 66 hazi zen. 

2+1 errepidea

«Funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetzeko» izanen dela erranez, N-121-A 2+1 errepide bihurtzea izan da Nafarroako Gobernuaren apustua. Eta hala, Ezkabako tuneletik Endarlatsako zubirako errepidea bortz zatitan banatuta, 2021etik horretan ari dira: Ezkaba-Olabe, Olabe-Lantz, Lantz-Oronoz-Mugairi eta Oronoz-Mugairi Sunbilla izan dira lehenbiziko lau zatiak, eta azkena, Sunbillako Arrigazteluko tuneletik Endarlatsara bitartekoa izanen da. Azken zati horretarako oraindik behin betiko proiekturik aurkeztu ez badute ere, aurreproiektua esku artean dute udalek, eta horren harira mintzatzeko hurbildu da Berara TTIPI-TTAPA. Udala gaia bertatik bertara lantzen ari da herritarrekin, eta orain artekoaren xehetasunak kontatu dituzte Miguel Vicuña Zugarramurdi beratarrak, Patxi Larretxea Lazkano Berako Udaleko mugikortasun zinegotziak eta Aitor Elexpuru Egaña Berako alkateak. Hasierako proposamenetik gobernuak «hainbat hobekuntza» egin izana txalotu dute, baina oraindik ere badira kezka sortzen dieten kontuak, bertzeak bertze, Etxalarko Benta eta Lesaka arteko errepide zaharra Irun aldera joateko errepide nagusi bihurtzeko aukera ez dute begi onez ikusten. 

«Zubiak eta tunelak ez dituzte ukituko»

2+1 errepidea izateak noranzko bakoitzeko errei bana eta ibilgailuen arteko aitzineratzeak egiteko hirugarren bat izatea erran nahi du, noranzko batean eta bertzean tartekatuz. Bi noranzkoetako erreiak 60 zentimetroko altuera duen barrera metalikoak bereizten ditu, eta barrera hori paratzeko bi metroko zabalera duen mediana behar da. Gainerakoan, erreiek metro bat eta erdiko bazterbideak dituzte. Baina zer gertatzen da Arrigaztelutik Endarlatsarako zatian? «Toki malkartsua eta menditsua da, zubi, tunel eta bertzelako pasabide aunitz dituena». Datuak eman ditu Vicuñak: «Arrigazteluko tunela kontuan hartu gabe, lau tunel daude eta Endarlatsako zubia kontatu gabe hamasei zubi Bidasoa ibaiaren gainean. Obra honetan, tunelak eta zubiak, adibidez, ez dituzte ukituko eta zati aunitzetan ezin izanen da hirugarren erreia egin».

Orain arteko bidea

Gobernuak 2020ko azaroan aurkeztu zuen borzgarren zati horretarako lehenbiziko proposamena, baina Berako Udalak «puntu arriskutsu batzuk» desagertuko ez zirela ikusita, 2021eko martxoan alegazioak aurkeztu zituen, «deus baino lehen, aukerarik hoberena ibilgailu astunen trafikoa A-15etik desbideratzea izanen litzatekeela erranez».  

Alegazioetan, bertzeak bertze, puntu hauek aipatu zituen udalak: «Lesakatik Irun alderako irteera arriskutsuak –Nabasturengo zentralaren parean–, hor segituko lukeela adierazi genuen, baita noranzko berean Etxalarko irteerak arriskutsu segituko lukeela ere. Berako irteeran –Alkaiagako Geltoki etxea eta Txarandaka aldean–, Iruñera bidean, oraingo bi erreiak gurutzatu beharrean, erdiko errei bat egitea proposatu zuten, eta oraingoa baino arriskutsuagoa izanen litzatekeela aipatu genien. Gaineko pasabidea edo lurrazpikoa egiteko eskatu genien». Gisa berean, «zati osoan hirugarren erreiaren eremuak murriztuko liratekeela» alegatu zuen Berako Udalak.

Proposamen horiek kontuan hartuta, bertze hiru plano bidali zizkien gobernuak udalei, eta aldi horretan, Berako eta Lesakako udalek elkarrekin, bertze alegazio batzuk aurkeztu zituzten. Horren ondotik etorri da gaur-gaurkoz esku artean duten aurreproiektua.

Berako lantaldearen hitzetan, «hasierako proiektuarekin konparatuz aldaketa garrantzitsuak eta hobekuntza handiak egin ditu gobernuak, batzuk udalek eskatu ez zituztenak. Aurrekontua 15 milioitik 30era igo du eta egin duen eginahala kontuan hartzekoa da. Baina badira kezkatzeko puntuak». Bertze datu bat ere eman dute: «Berez, 90 km/h abiaduran ibiltzeko proposamena diseinatu du gobernuak, baina aurreproiektuan errepidearen % 10 baino ez da abiadura horretan ibiltzeko». 

Iruribietan gaineko pasabidea

Sunbilla aldetik Bera aldera abiatuta, Iruribieta parean ikus daiteke aurreproiektuko lehenbiziko aldaketa nagusia. Hasiera batean, biribilgune bat aurreikusi zuten egun dagoen biribilgune zatituaren tokian. Bada azken proposamenean, gaineko pasabide bat egitea eta hirugarren erreiaren zatia luzatzea erabaki dute. «Eskatu gabeko hobekuntza izan da», gaineratu dute Vicuñak, Larretxeak eta Elexpuruk.

Iruribieta parean gaineko pasabidea aurreikusi dute. 

Barrera metalikoa eta lau errei

Horrekin batera, barrera metalikoa erdian paratzeko bi metroko mediana behar denez, zenbait tokitan errepidea zabaltzea aurreikusi dute. Gisa berean, Sunbilla eta Igantziko Benten tartean, eta Igantziko Benten eta Etxalarko Bentaren tartean zati batean lau erreiko eremu bana egokitzea proposatu dute, bi errei noranzko bakoitzeko. Horretarako kanala lekualdatuko lukete. 

Sunbilla eta Igantziko Benten arteko zati batean lau erreiko eremua aurreikusi dute. 

Errepide zaharra

Hurrengo aldaketa nagusia Etxalarko Bentatik Nabasturengo zentralera arteko zatiaren bikoizketa da. Gaur egun, Nabasturen paretik Etxalarko Bentara dauden bi erreiak Iruñerako noranzkoan erabiltzeko utzi nahi dituzte, bere horretan. Irungo noranzkoan, aldiz, Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria eginez, trafiko guztia errepide zaharra dagoen tokitik pasatuko litzateke, Nabasturengo zentralaren pareraino. 

Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria aurreikusi dute errepide nagusia Lesaka aldera doan errepide zaharrarekin lotzeko. Errepide zahar hori Irunera joateko egokituko lukete, eta gaur egungo errepidea Iruñera joateko bakarrik izanen litzateke.

Zati horretan, Berako lantaldeko kideak kontent daude «Etxalartik eta Lesakatik errepide nagusira ateratzeko irteera arriskutsuak desagertuko liratekeelako. Nabasturengo zentralaren parean hirugarren erreia aurreikusi dute eta horrek istripu aunitz sortzen diren puntu bateko egoera hobetuko luke. Hirugarren errei hori beharrezkoa ikusten dugu». 

Nabasturengo zentralaren parean, hiru errei eginen lituzkete. Orain bi daude.

Baina ez dira N-1210 errepide zaharra Irunerako noranzkoan erabiltzearen aldekoak: «Bi erreiko kilometro gehiago izanagatik, arriskutsuagoa izanen litzateke eta ez dugu ahantzi behar zati bat uholde arriskuko eremua dela. Trafikoa ez luke arinduko, guztiz kontrakoa, mantsotu eginen luke, eta gainera, Lesaka eta Etxalarren arteko komunikazio bidea galduko genuke». Errepide zati horrek hasieran bi errei izanen lituzke 70 km/h-ko abiaduran ibiltzeko, baita bukaeran ere, baina bihurgune batean errei bakarrean eta gehienez 60km/h-ko abiaduran ibili beharko lukete gidariek. Horregatik uste dute «arriskutsuagoa eta mantsoagoa» dela eta «ez dela beharrezkoa». Are gehiago, «errepide zaharra konpontzea» garrantzitsutzat jo dute, baina egungo erabilerarako utzi nahi dute; «aunitz erabilia da, baita txirrindulariek ere». 

Etxalarko Bentatik Lesakara doan errepide zaharra erabiliz gero, bihurguneak, zati batzuetan errei bakarra eta 70 km/h eta 60 m/h-ko gehienezko abiadura izanen litzateke.

Esplikatu dutenez, «berez, 2+1 errepide motaren filosofia ibilbide guztian hirugarren erreia izatea da. Hasierako proposamenean, hirugarren erreia % 20 izanen zela aurreikusi zuten, errepide zaharra erabiliko balitz % 64koa izanen litzateke portzentajea, eta bikoizketarik gabe % 44koa. Datuak hobetuko dira, bai, baina trafikoa ez du hobetuko, eta errepide arriskutsuagoa bihurtuko da. Horrela, ez dugu deus aitzinduko».

Lesakako zubian aldaketa

N-121-A errepidetik Lesakara sartzeko zatian gaineko pasabidea aurreikusi zuen bere garaian gobernuak, baina azken aurreproiektuan ez da halakorik ageri. Lesakako zubiaren inguruan, gaur egun biribilgune zatitua dagoen tokian, biribilgunea aurreikusi dute eta herrira sartzeko errei bat egokituko lukete. Hala ere, Vicuñaren, Larretxearen eta Elexpururen ustez, «Lesaka parean errepide nagusitik irteera izatea egokia izanen litzateke, hartara, Etxalarko Bentako biribilgunea saihestuko bailukete».

Beran aldaketa gehiago

Beran, Argaitz harrobiaren parean gaineko pasabidea proposatu dute.

Bera inguruan ere aldaketa saila proposatu dituzte. Bertzeak bertze, Argaitz harrobiaren parean, bidea herrira sartzeko eta herritik ateratzeko izatea proposatu dute. Horretarako, Iruñera hartzeko gaineko pasabide bat eginen lukete. Sarrera-irteera hori egokituta, N-121-Atik Berara sartzeko ezin izanen litzateke Alkaiagako Geltoki aldeko (Txarandaka) bidea erabili. Eremu horretan biribilgunea eta bide berria egitea aurreikusi dute, baina horrek Irun aldera joateko baino ez luke balioko.

Alkaiaga aldetik Berara sartzeko dagoen irteera kentzea proposatu dute. Eremu horretan Irun aldera hartzeko aukera baino ez dute aurreikusi.

Hain zuzen, Bera erdiguneko irteera hori kenduta, Irundik datozenek Zalain aldeko irteera hartuko ez balute, Renault parera joan beharko lukete han buelta eman eta Berara sartzeko. Horren harira bertze eskaera bat egin du Berako Udalak: «Renault aldetik Berara sartzerakoan, azelerazio adarretik berriz bide nagusira sartu behar da eta 300 metroren ondotik berriz dezelerazio adarretik atera. Aunitz eskatzea ez bada, bi adar horiek lotzea eskatzen dugu, errepide nagusira sartu eta atera ez ibiltzeko».

Bertzalde, Iruñeko noranzkoan, errepide nagusitik Alkaiaga aldeko harrobira joateko sarbidea aurreikusi dute proiektuan. Bada sarbide hori bera bide berdera joan behar duten ibilgailuentzako egokitzea nahi dute, baita barrera  metalikoa paratzea ere. «Gure ustez, bide berdetik kontrako noranzkoan ateratzea saihestuko genuke».

Beran, Verkol parean, lau errei aurreikusi dituzte, errei guztiak barrera metalikoarekin bereiziak. Horietatik bi zerbitzu bideak izanen lirateke.

Horrez gain, Zalainen, Irun aldeko irteeratik, hau da, Verkol paretik, gasolindegiak pasatu arteko zatian lau errei egitea proposatu dute, horietako bakoitza barrera metalikoarekin babestua. Erdiko bi erreiak Irunerako eta Iruñerako noranzkoan segitzeko izanen lirateke, eta bazterretako bertze biak zerbitzu bideak; bat Iruñerako noranzkoan, Verkolera joateko edo Berara sartzeko; eta bertzea Irunerako bidean, gasolindegira joateko edo errepide zaharra hartzeko». Hain zuzen, errepide zahar hori Endarlatsaraino luzatzeko deia ere egin du Berako lantaldeak: «500 metro dira eta luzatuko balute, txirrindulariak ez lirateke N-121-A errepidetik ibiliko Bera eta Endarlatsa arteko zati osoan. Gainera, errepide nagusia erabilgarri ez dagoenean, larrialdi kasuetarako balioko luke».

Txirrindulariak

Gaiari ahalik eta hari mutur gehienetatik heldu nahi diote, eta Berako udal ordezkariak eta herritarrak txirrindulariekin ere bildu dira. Haien kasuan ere agerian gelditu da kezka, ez baitute argi N-121-Ako zati horretan nola ibiliko liratekeen. «Txirrindularientzat tuneletan ibiltzea arriskutsua da, eta hori saihestu beharrekoa iruditzen zaigu. Gainera, kontuan izan behar dugu, ez dutela 1,5 metroko bazterbiderik izanen». 

Arrigaztelutik Endarlatsarako zati horrek bortz tunel ditu: Arrigaztelu, Amixelaieta, Alkaiaga, Larrakaitz eta Basataundi. Hiru lehenbizikoetan txirrindulariek badute ordezko bidea erabilgarri, baina obra hauek eginez gero, bertze bietan ordezko biderik gabe geldituko lirateke.

Tunelaren parean, txirrindulariak Irun aldera ezin segituz geldituko lirateke.

Larrakaitz tunelaren parean, adibidez, Iruñeko noranzkoan ordezko bidea izanen lukete obra hauek eginen balira, baina kontrako noranzkoan ez. Gaur egun errepidea gurutzatzen dute, baina aurreikusitako lanak eginda, erdian, barrera metalikoa paratuta, ezin izanen lukete Irun aldera segitu. Horri soluzioa eman nahian,  «bideari tunelaren gainean dagoen pista erabiliz segida ematea» proposatu dute.

Basataundi tunelak, berriz, badu ordezko bidea, «baina ez da erabiltzen, ez alde batera, ez bertzera ez duelako segidarik», eta Vicuñak, Larretxeak eta Elexpuruk «arazo horri aterabidea emateko planoetan ez dela deus ageri» ohartarazi dute. Horregatik, Iruñeko bidean, «errepide azpitik pasabidea» eta Irungoo noranzkoan, «Larrakaitzen bezala pasabidea» egitea eskatu dute.   

Hemendik aitzinerakoak

Esku artean dutena ez da behin betiko proiektua, baina zer hobetua badutela ikusita, idatziz proposamen horiek guztiak helarazi dizkio Berako Udalak Nafarroako Gobernuari. Idatziz eta ahoz. Izan ere, hilaren 21ean Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu ziren Iruñean Berako eta Lesakako udaletako ordezkariak. «Gure proposamenak eta zalantzak aztertuko zituztela erran ziguten. Hala ere, errepidearen bikoizketari dagokionez [Etxalarko Bentatik Nabasturenera errepide zaharra egokitzea], ez dute atzera bueltarik ikusten, eta gainera, egoki ikusten dute. Errepide zaharra hobetzeko asmoa dute, bihurgune arriskutsuak hobetuz eta uholde arriskua duen eremua bi metro altxatuz».

Bide beretik, dakitena herritarren aitzinean aurkezteko ardura ere hartu dute. Halaxe egin zuten joan den azaroaren 16an Berako Herriko Etxean. Lehenagotik egindako aurkezpen baten harira hasi zen Vicuña udalarekin gaia lantzen, eta horixe nabarmendu nahi izan du Elexpuruk: «herritarren eta udalaren arteko elkarlana». Larretxeak, berriz, «lanketa hori egitearen beharra» azaleratu du, «horri esker hainbat hobekuntza lortu ditugulako».

Oraindik data zehatzik eman ez badute ere, aurreikuspenen arabera, behin betiko proiektua heldu den urtean aurkeztuko dute eta obrak 2025ean eginen dituzte. Bitartean, lanean segitzeko asmoa dute Beran.

Belateko eta Almandozko tunelak

Belateko tunelak hartuko lukeen itxura.

2+1 bihurtzeko lanetatik aparte, N-121-A errepidean obra gehiago iragarriak ditu Nafarroako Gobernuak; konparazio batera, Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketa. Belateko tunel berria egiteko 95 milioi euro eta 45 hilabete beharko direla jakinarazia du eta gaur egungoak bezalatsu, ia hiru kilometro luze izanen omen ditu (2.885 metro). Bi tunelak lotzeko bortz larrialdi galeria iragarri dituzte, erdikoa larrialdietako ibilgailuentzako eta bertze laurak oinezkoentzako, ibilgailu arinendako sarbidearekin. Belateko tunel berria lanen lehenbiziko fasean eginen dute eta ondotik, Almandozko tunel berria eta bi tunelen arteko zatia eginen dituzte. Bukatzeko, gaur egun erabilgarri dauden tunelak moldatuko dituztela errana dute. 

Planoak bata bertzearen ondotik hartuko lukeen itxura ikusteko, ikusi aldizkaria lotura honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun