Julio Sotok irabazi du Agoizko saioa eta finalerako sailkatu da

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 11a, 21:15

Julio Soto kantuan, ondoan saioko bigarren sailkatua, Xabat Illarregi, duela.
270 lagun inguru bildu dira Agoizko Kultur Etxean, txapelketako bigarren finalaurrekoa jarraitzeko. Julio Sotok lortu du puntu gehien (543,5) eta abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkatu du. Bigarren eta hirugarren Xabat Illarregi eta Julen Zelaieta sailkatu dira.

Agoizko Kultur Etxean jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapeletako bigarren finalaurrekoa, aretoa lepo bete duten ia 270 lagunen aurrean. Zozketak erabakitako ordenean, kantuan aritu dira ei bertsolari: Ekain Alegre Gil, Idoia Granizo Uribarrena, Julio Soto Ezkurdia, Julen Zelaieta Iriarte, Xabat Illarregi Marzol eta Urko Gartzia Aleman.


Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (543,5), eta hortaz, pasa den astean Saioa Alkaizak egin bezala, abenduaren 2ko Iruñeko finalerako sailkapen zuzena lortu du. Maialen Belarra aritu da gai-jartzaile lanetan; epaile, aldiz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu dira.

Hau izan da, zehazki, saioak utzi duen sailkapena:

  1. Julio Soto Ezkurdia (543,5)
  2. Xabat Illarregi Marzol (529,5)
  3. Julen Zelaieta Iriarte (458)
  4. Ekain Alegre Gil (457,5)
  5. Urko Gartzia Aleman (445)
  6. Idoia Granizo Uribarrena (409,5)

Horrela bada, finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari, hain zuzen ere heldu den igandean, azaroak 19, Lesakan jokatuko dena. Pilotalekuan ariko dira kantari Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Orduan jakinen da zeintzuk diren zortzi finalistak. Une honetan, horrela dago finalaurrekoetako sailkapena. Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun