Altsasuko finalaurrekoa irabazita finalerako txartela lortu du Saioa Alkaiza bertsolariak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 11:00

Saioa Alkaiza saioko txapelduna kantuan, Saats Karasatorre bigarren sailkatua ondoan duela. Argazkia: Josu Santesteban/NBE

Altsasuko Iortia Kulturgunean jokatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, eta Saioa Alkaiza bertsolaria nagusitu zen.

250 lagun bildu ziren larunbatean Altsasun bertsolarien jarduna aditzera. Zozketak erabakita ordenan, sei bertsolari hauek aritu ziren: Patxi Castillo Graciarena, Sarai Robles Vitas, Eneko Fernandez Maritxalar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar eta Saats Karasatorre Martinez. Horietatik hiru dira eskualdekoak: Castillo eta Zapiain beratarrak eta Fernandez lesakarra.

Zigor Gartzia Zian aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, Saioa Alkaizak lortu zuen puntu gehien (506,5), eta horrela,  saioa irabazi eta abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalerako sailkatu da. Haren atzetik gelditu ziren Saats Karasatorre (470,5) Sarai Robles (468,5), Eneko Fernandez (465), Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5). Hau izan da beraz gaurko saioak utzi duen sailkapena:

Heldu den larunbatean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Agoitzen. Hirugarrena eta azkena, aldiz, azaroaren 19an izango da, Lesakan. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Ekhiñe Zapiain eta Saats Karasatorre kantari, atzean Patxi Castillo eta Sarai Robles. Argazkia: Josu Santesteban/ NBE

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun