Arxuria

Arxurian egin nahi duten pistaren kontra manifestazioa eginen dute urriaren 21ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 6a, 13:30

Baztango Udalak Arxuriko kaskorat joateko kilometro bateko pista eraikitzeko baimena onartu izanak harrabotsa sortu du Zugarramurdin eta Saran. Atzo haserre mintzatu ziren Zugarramurdiko plazan egindako prentsaurrekoan eta ez direla geldirik egonen ere adierazi zuten. Hala, urriaren 21ean Elizondon manifestazioa eginen dutela jakinarazi dute.

Itxura denez, Irungo parapente eta delta hegalen Bidasoa Arxuria Group eskola pribatua dago honen gibelean, eta proiektua «aspalditik bueltaka» dabilela kontatu zuten atzo prentsaurrekoan: «Duela zonbait urte, Sarako Herriko Etxeak ezezkoa eman zion, baita Baztangoak ere. Gerorat, Geroa Bai alderdiak, orduko Joseba Moreno zinegotziak bultzaturik (gaur egun Zurekin Baztan alderdirat pasatu dena), Nafarroako Gobernuko 45.000 euroko dirulaguntza nominatiboa lortu zuen sarraski hau aitzinerat eramateko. Diru publikoa interes pribatuendako». Pista hori egitearen alde bozkatu zuen Baztango Udalak irailaren 28ko bilkuran, EH bilduko zinegotzien kontrako botoekin.

Proiektuaren deuseztatzeko «arrazoi aunitz» daudela aipatu zuten atzoko agerraldian. Alde batetik, «Zugarramurdik turismo masiboarekin aspaldi gainezka» egin duela, eta egin nahi duten pistarekin, «turismo fluxu handi hori gure mendietara hedatuko» dela salatu zuten. Horrekin batera, «naturan izanen dituen kalteak» esplikatu zituzten, eta proiektua bera «izigarriko zentzugabekeria» iruditzen zaiela ere nabarmendu zuten.

Hala, «publikoki eta zuzenki», «Bidasoa Arxuria Groupeko Jorge Ibargoien buruari, Joseba Moreno zinegotziari eta Baztango Udalari proiektua bertan behera uztea» eskatu zieten atzo. Hala ez bada, «gure lurra xehatua ez izateko beharrezkoa den guztia» egiteko prest daude: «Iritzi publikoari afera itsusi hau jakinaraztea eta salatzea izan da gure lehenbiziko urratsa. Ondokoak finkatuak ditugu, haien artean, manifestazioak eginen ditugu». Eta lehendabizikoa urriaren 21ean Elizondon eginen dute. «Ez gara geldirik egonen. Arxuria garbi, Arxuria bizirik. Arxuria ez hunki. Arxuria bakean utzi!».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun