Lesakako eta Legasako lantegietan eragina izanen du abendura arte luzatu duten Arcelor Mittalen erregulazioak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 6a, 11:30

UGT, CCOO eta USO sindikatuen gehiengoarekin, 7.000 langileri eragin dion nahitaezko enplegu erregulazioa aplikatzeko zuzendaritzaren proposamena onartu zuten apirilean. Eta orain, sindikatu horiekin, erregulazioa urtea bukatu arte luzatzea adostu du enpresak. LAB, ELA eta UGT sindikatuekin bildu da TTIPI-TTAPA.

Erregulazioak, bertzeak bertze, Lesakako eta Legasako lantegietan izanen du eragina. Legasako AMDS Processingen lanaldiaren % 40 murriztuko dute eta Lesakako lantegian % 35. Langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko dute eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100 izanen dute.

Sindikatuen balorazioak

LAB: «UGT, CCOO eta USO sindikatuek gehiengoa duten lantegiei mesede egiten die erregulazioak»

LABeko Asier Calderonen ustetan, «berriz ere garbi gelditu da euskal markoaren beharra, erregulazioa estatu mailan sinatu baitute». Gaineratu duenez, «UGT, CCOO eta USO sindikatuek negoziatu dute enplegu erregulazioa eta garbi gelditu da beraiek gehiengoa duten lantegiei mesede egiten diela. Negoziazio hasieran enpresak zehaztu zituen eragin portzentajeak lantegi guztietan murriztu dituzte, Euskal Herrikoetan izan ezik». Hala, «Euskal Herriko gehiengo sindikalari aukera ematea beharrezkoa» dela dio.

Horrekin batera, azalpenak eskatu dizkie UGTri eta CCOOri: «UGTk eta CCOOk Euskal Herrian duten ordezkaritza kontuan hartuz, guttienez azalpenak eman beharko lituzkete hemengo lantegietan, Arcelorreko zuzendaritzaren aitzinean bertako langileak salduta zergatik utzi duten erranez».

ELA: «Ez dute neurria justifikatzen duen inongo informaziorik eman»

ELAk oharra kaleratu du Arcelor Mittal lantegiaren azken enplegu erregulazioaren harira eta «2009az geroztik, enpresak ia etenik gabe onartutako espedientea» izan duela salatu du. Horregatik uste du «aldi baterako espedienteen erabilera egiturazkoa bihurtu dela Arcelor Mittalen: 14 urte baitira lege tresna hori praktikan etengabe aplikatzen dela». ELAren hitzetan, «ez dute neurria justifikatzen duen inongo informaziorik eman eta eskatutako dokumentazioa ez aurkezteak erakusten du espedienteak ez duela inolako justifikaziorik».

Egoera ikusita, «Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatuko duten industria planak» eskatu dizkio ELAk zuzendaritzari: «Ez da inbertsiorik egiten, eta langile guttiago eta bana bertzeko adin handiagoko plantillak daude». Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari begira ere jarri da sindikatua, «deus egin gabe ezin dutela segitu» erranez, «enpresako industria plantak degradatzen segitzen baitute».

UGT: «Erabakia ez da inoren gustukoa, baina onartu izan ez bagenu, egoera okerragoa izaten ahal zen»

Enpresako iturriak aipatuz, Juan Antonio Sanchez UGTk Lesakako lantegian duen ordezkariak «fabrika gaizki» dagoela onartu du: «Hainbat bilera egin ditugu enpresarekin, memoria bat aurkeztu digute eta hor ageri denez, hojalata edo latorria, burdinzuria, Europan gainbeheran dago eta horrek Lesakako eta Legasako lantegiei eragiten die».

Sanchezek kontatu duenez, «enpresak sektore hori hagitz gaizki dagoela jakinarazi digu eta guk fabrika gaizki dagoela onartzen dugu. Hortaz, beti bezala, arduratsu jokatu eta langileen baldintzak hobetzen saiatu gara eta lortu dugula erranen nuke. Langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko dute eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100. Uste dut ez dagoela gaizki». Gaineratu duenez, «krisiak ez ditugu langileok ordaindu behar, baina alternatiba aunitzez okerragoak izan daiteke».

UGTkoaren arabera, «erabakia ez da inoren gustukoa, baina onartu izan ez bagenu egoera okerragoa izaten ahal zen. Multinazional horiek erabakiak hartzen dituztenean edozer gerta daiteke. Lantegi handiagoak itxi dituzte eta… Ni buzoa daraman sindikalista naiz, eta lankideek sinatzeko erran izan didate».

Sanchek garbi du; «egoera ez da ona». Eta bere irudiko, «hori sindikatu batzuok ikusten dugu eta bertzeek ez, edo ez dute ikusi nahi. Denborak arrazoia duenari arrazoia emanen dio». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun