Arcelorren lan erregulazioa onartu du Lan Ikuskaritzak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 19a, 14:00

UGT, CCOO eta USO sindikatuen gehiengoarekin, Asturiasko Klusterrean dauden plantetan, tartean, Lesakan, nahitaezko enplegu erregulazioa aplikatzeko zuzendaritzaren proposamena onartu zuten joan den astean. Erregulazio hori Lan Ikuskaritzaren oniritziaren esperoan zegoen eta sindikatuek berriki baieztatu dute onartu duela.

Hala kontatu dio Juan Antonio Sanchez UGTk Lesakako lantegian duen ordezkariak TTIPI-TTAPAri. Gijongo labe garaian izandako aberiaren eta sutearen harira aurkeztu du enpresak erregulazioa eta hasiera batean, sei hilabetetarako izanen da. Dena den, aberia lehenagotik konponduz gero, erregulazioa alde batera geldituko da, eta konpontze lanak luzatuz gero, erregulazioa ere luzatuko dute.

Gainerakoan, martxoaren 31n agortu zen lan erregulazioko baldintzak dituzte espediente honetan ere, hau da, langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko dute eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100 izanen dute.

Sindikatuen iritziak

Lan erregulazioaren harira sindikatuekin mintzatu zen joan den astean TTIPI-TTAPA. LABek «lan erregulazioa bere mesedetarako erabili izana» leporatu zion Arcelorri: «Azken urteotan izugarrizko onurak izaten ari da Arcelor, eta labea konpondu bitartean bere gain har zezakeen gastu hori. Lan erregulazioa aplikatzea ez da nahitaezkoa, baina ikusi dugu, bertze behin, bere mesedetarako erabili duela. Azken urteotako bidetik segitzen du».

ELAk ere ez zuen begi onez ikusi: «Labe garaian izandako sutearen ondotik, ulertzen dugu kaltetutako instalazioan nahitaezko lan erregulazioa aurkezteko arrazoi bat izatea. Baina akabera plantetan izan ditzakeen ondorioak aztertuta, lan erregulazioa ezin da justifikatu». Bere hitzetan, «enpresak taldeko bertze plantetatik ekar dezake lehengaia eta ez da baieztatu hori ezin duenik egin».

UGT, berriz, «labe garaian izandako sutearen ondorioz aurkeztutako erregulazioa dela ulertuta», eta «aitzineko espedientean onartutako baldintza ekonomikoak ezarrita» erregulazioa onartzearen alde agertu zen. «Zuzendaritzari idatziz labea konpontzeko konpromisoa eta espedientea indarrean egonen den epe muga zehazteko» exijitu zion, baina bertzetik, kontent zegoen «aitzineko espedienteko baldintzak onartuta». 

Akordio markoaren negoziazioa

Bertzelako negoziazioak ere badituzte Arcelorren. Sindikatuak akordio markoa negoziatzen ari dira enpresarekin, eta horri buruzko bilera egitekoa dute bihar Etxabarrin (Bizkaia).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun