Arcelorreko zuzendaritzak joan den asteazkenean, apirilaren 5ean, aurkeztu zuen Asturiasko Klusterrean dauden plantetan (Lesaka, Etxebarri, Asturias eta Saguntoko lantegietan) nahitaezko enplegu erregulazioa aplikatzeko proposamena. Aste honetako asteartean berriz bildu dira zuzendaritza eta negoziazio mahaia eta UGT, CCOO eta USO sindikatuen gehiengoarekin aldi baterako enplegu erregulazio espedientea aplikatzeko akordioa lortu dute. Negoziazio mahaia UGT, CCOO, USO eta ELA sindikatuetako ordezkariekin osatua da. ELAk ez du babestu akordioa eta mahai horretatik kanpo dago LAB, Asturiasko klusterra osatzen duten lantegi guziak kontuan hartuz ez duelako ordezkarien % 5ik.
Lan Agintaritzak ondoko egunetan ebatziko du espedientea onartu edo ez
Baldintzak
Akordio horren arabera, martxoaren 31n agortu zen lan erregulazioko baldintzak izanen lituzkete espediente honetan ere, hau da, langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko lukete eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100 izanen lukete.
Horrez gain, sei hilabeteko iraupena izanen luke, baina luzatzeko aukerarekin. Zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengoak akordioa lortu dute, baina orain Lan Agintaritzak onartu beharra du espedientea eta ondoko egunetan ebatziko du.
LAB: «Enpresak bere mesedetarako aplikatu nahi du lan erregulazioa»
Gaiaren harira, eskualdeko Arcelor Mittal lantegian ordezkaritza duten ELA, UGT eta LABeko ordezkariekin solastatu da TTIPI-TTAPA. LABeko Asier Calderonek «lan erregulazioa bere mesedetarako erabili izana» leporatu dio Arcelorri: «Azken urteotan izugarrizko onurak izaten ari da Arcelor, eta labea konpondu bitartean bere gain har zezakeen gastu hori. Lan erregulazioa aplikatzea ez da nahitaezkoa, baina ikusi dugu, bertze behin, bere mesedetarako erabili duela. Azken urteotako bidetik segitzen du».
Horrekin batera, «kontraesankorra» iruditzen zaio «akordio markoari lotuta CCOOk lanuzteak deitu izana eta aldi berean enpresarekin lan erregulazioa adostu izana. Ez du zentzurik». Lan erregulazioaz gain, sindikatuak akordio markoa negoziatzen ari dira enpresarekin, eta Calderonek honela adierazi du: «Negoziazioa blokeatua dago, baina lan erregulazioarekin adostasunera ailegatu izanak, segur aski akordio markoarekin ere ados jarriko direla erran nahiko du, eta luze gabe eginen dutela». LABek «Euskal Herriko markoa» aldarrikatu du.
ELA: «Akabera plantetan izan ditzakeen ondorioak aztertuta, lan erregulazioa justifikaezina da»
ELA espedienteari buruz solastatzeko eratu duten negoziazio mahai horren parte da, baina ez du bat egin enpresaren proposamenarekin. ELAko Andoni Vianaren arabera: «labe garaian izandako sutearen ondotik, ulertzen dugu kaltetutako instalazioan nahitaezko lan erregulazioa aurkezteko arrazoi bat izatea. Baina akabera plantetan izan ditzakeen ondorioak aztertuta, lan erregulazioa ezin da justifikatu». Dioenez, «enpresak taldeko bertze plantetatik ekar dezake lehengaia eta ez da baieztatu hori ezin duenik egin».
Bertzetik, «ordezkaritzarik ez dugun lantegiei eragiten dien akordiorik ezin dugula berretsi» gaineratu du, «gure negoziazio eremua Euskal Herria da».
UGT: «Baldintzak ez dira txarrak baina enpresari, kosta ala kosta, labea konpontzeko eskatzen diogu»
Eta UGT, berriz, «labe garaian izandako sutearen ondorioz aurkeztutako erregulazioa dela ulertuta», eta «aitzineko espedientean onartutako baldintza ekonomikoak ezarrita» erregulazioa onartzearen alde agertu da. Dena den, Juan Antonio Sanchez UGTk Lesakako lantegian duen ordezkariak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «zuzendaritzari idatziz labea konpontzeko konpromisoa eta espedientea indarrean egonen den epe muga zehazteko» exijitu dizkiote. Argitu duenez, «enpresak sei hilabeteko epea jarri du, baina oraindik ez da labean sartu. Makineria sartzeko zuloa egin behar dute, eta orduan neurtuko dute kaltearen zenbatekoa. Konpromiso irmoa eskatzen diogu, kosta ala kosta, hori konpontzeko». Horren harira, zera oroitarazi nahi izan du: «Ez dugu alarmistak izan behar, baina Lesakako plantako lehengaia Asturiastik ekartzen dute».
Gainerakoan, UGTkoa kontent dago «aitzineko espedienteko baldintzak» onartu dituztelako: «Enpresak jarrera negoziatzailea erakutsi du eta hori aipatzekoa da». Bere hitzetan, «lan erregulazioa beharrezkoa den kasuetan aplikatuko dute eta merkatua nola dagoen ikusita, baldintzak ez dira txarrak. Langileek soldata gordinaren % 90 kobratuko genuke eta oporren eta aparteko ordainsarien % 100. Galduko duguna gure soldata gordinaren % 10 izanen da eta badakigu zergatik den; labe batean sutea izan dela ulertu behar dugu».