N-121-A

N-121-A errepideko obrak direla eta, Oronoz-Mugairi eta Legasa artean errepide zaharretik desbideratuko dute trafikoa Irungo noranzkoan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 8a, 20:00

Irunera doazen ibilgailuek, NA-1210 errepidea erabili beharko dute datorren astean Oronoz-Mugairi eta Legasa artean.

N-121 Iruñea-Behobia errepideko zubiak hobetzeko lanek Oronoz-Mugairi Legasarekin lotzen dituen eremuan eragina izanen dute irailaren 11tik 15era bitartean. Hori dela eta, Irunera doazen ibilgailuak NA-1210 errepidetik desbideratuko dituzte, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak jakinarazi duenez.

Zehazki, Oieregiko tuneleko hegoaldeko zubien juntak berrituko ditu Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresak.

Heldu den astean, astelehenetik ortziralera, 07:00etatik 20:00etara eginen dituzte lanak eta trafikoan eragina izanen du. Irun aldera doazen ibilgailuek 41. Kilometroan egokituko den desbideraketa hartu beharko dute eta NA-1210 errepidean barna Oronoz-Mugairi eta Narbarte gurutzatu, berriz ere Legasako loturan N-121-A errepidera bueltatzeko. Narbarten seinale-zainek arautuko dute trafikoa eta desbideraketa guztiak behar bezala seinalizatuak egonen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun