Dena prest larunbatean Antsoainen jokatuko duten Herriz Herri Txapelketako finalerako

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 24a, 11:00

Bigarren jardunaldia Elizondon jokatu zuten uztailaren 25ean. Argazkia: Ondikol.

Larunbat honetan, abuztuaren 26an, Antsoaingo Idaki kiroldegiko frontoian jokatuko dute Nafarroako Herri Herri Txapelketako finala. Hasiera batean, lehia 18:00etan hasiko zela iragarri bazuten ere, azkenean 17:00etan hasiko da.

Gazteen kategoria

Alde batetik, 21 urtez azpiko gazteak ariko dira. Kasu horretan, proba konbinatu bakarra jokatuko dute, txokorrekin, txingekin, zakuarekin, lasterka eta arpanean. Ez da eskualdeko talderik ariko; Antsoain, Araxes eta Berriozarko kirolariak izanen dira partaideak. Gazteen kasuan, larunbatekoa hirugarren jardunaldia izanen da. Orain arte Elizondon eta Burlatan jokatu dituzten jardunaldiak kontuan hartuz, Araxes da sailkapenean buru, bi jardunaldiak irabazita sei punturekin. Antsoainek eta Berriozarrek hiruna puntu dituzte: Antsoainek Burlatan bigarren egin zuen eta Elizondon hirugarren; Berriozar Elizondon bigarren gelditu zen eta Burlatan hirugarren.

Helduen kategoria

Helduen kategorian, ordea, eskualdeko kirolarien parte hartze zabala izanen da. Lehenbiziko proba konbinatuan, Arantzak, Arraiozek, Berriozarrek eta Sunbillak lortu dute finalerako txartela.

Talde bakoitzak jokatu dituen bi jardunaldiak kontuan hartuz, Arantzak zortzi puntu lortu ditu, Arraiozek zazpi puntu, Berriozarrek sei puntu, Sunbillak bortz puntu, Basaburuak bortz puntu, Iturgoienek lau puntu, Igantzik hiru puntu eta Txantreak bi puntu. Basaburuko eta Sunbillako taldeak berdinduta gelditu zirenez, finalera nor pasatu erabakitzeko, talde bakoitzaren denborak hartu dituzte kontuan. Sunbillak, bi jardunaldiak kontuan hartuz, 45.39ko denbora egin zuen eta Basaburuak 54:41ekoa. Lehenbiziko proba konbinatuan, txokorrekin, zakuarekin, aizkoran, lasterka eta arpanean ariko dira.

Bigarren proba konbinatuan, ingudearekin eta txingarekin ariko dira parte hartzaileak. Kasu honetan ere, lau taldeetatik hiru eskualdekoak izanen dira: Arraioz, Berriozar, Sunbilla eta Igantzi.

Jokatutako jardunaldietan, Berriozarrek zortzi puntu eskuratu zituen, Sunbillak sei puntu eta erdi, Arraiozek bortz puntu eta erdi, Igantzik bortz puntu, Arantzak lau puntu eta erdi, Basaburuak lau puntu, Iturgoienek lau puntu eta Txantreak bi puntu eta erdi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun