Arantza eta Sunbilla nagusitu dira Herriz Herri txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 24a, 11:00

Herriz herri txapelketako larunbateko lehen jardunaldian arpanako saioa Berako Eztegara pilotalekuan.

Beran larunbatean jokatutakoaren ondotik, Elizondon jokatuko dute bigarren jardunaldia, Santiago egunez

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Herriz Herri txapelketa antolatu du aurten ere. Maila absolutuan eskualdeko bortz talde ari dira: Arantza, Arraioz, Basaburua, Igantzi eta Sunbilla. Horietatik lau aritu ziren larunbatean Berako Eztegara pilotalekuan jokatutako lehen jardunaldian: Arantza, Arraioz, Igantzi eta Sunbilla. Lehen proba konbinatuan Arantza izan zen bizkorrena eta bigarrenean Sunbilla.

Bi proba konbinatutan lehiatu ziren. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izan zituzten. Lagun bat lokotx biltzen aritu zen, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli eman zizkioten 160 metroko plazari, gero aizkoran aritu ziren, lasterka egin zuten gero, txandaka bi lagun, eta plazari bakoitzak hiru itzuli eman zizkion 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritu ziren bikote mistoak, etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eginez. Lan hauek hiru aldiz egin zituzten. Arantza izan zen bizkorrena (21 minutu eta 13 segundo), Arraioz bigarren (21 minutu eta 43 segundo), Sunbilla hirugarren (21 minutu eta 19 segundo) eta Igantzi laugarren (24 minutu eta 10 segundo).

Bigarren proba konbinatuan bi kiroletan lehiatu ziren: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu behar zituzten ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Ingude altxatzean, eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman behar zituzten, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin. Txinga eramaten Arraiozko ordezkaria nagusitu zen, Sunbilla, Igantzi eta Arantzakoaren aitzinetik. Ingudearekin, berriz, Sunbillako kirolaria izan zen onena, Arantza, Arraioz eta Igantzikoaren aitzinetik. Gauzak honela, bigarren konbinatuan Sunbila nagusitu zen (7 puntu), Arraioz bigarren (6 puntu), Arantza hirugarren (4 puntu) eta Igantzi laugarren (3 puntu).

Lau jardunaldi eta finala jokatuko dituzte eta talde bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu. Jardunalditako lau talde onenak pasako dira finalera.

Lau saio eta finala

Berakoaren ondotik, bigarren jardunaldia Elizondoko bestetan izanen dute  asteartean, hilaren 25ean. 17:00etan izanen da Iriarte pilotalekuan eta Arraioz, Basaburua, Berriozar eta Txantrea ariko dira.

Hirugarren jardunaldia abuztuaren 6an, igandea, eginen dute eta eguraldiaren arabera Igantzin edo Sunbillan izanen da. Bertan, Arantza, Igantzi, Iturgoien eta Sunbilla lehiatuko dira.

Azken jardunaldia, aldiz, Burlatako Ezkabazal plazan jokatuko dute abuztuaren 19an, larunbata eta Basaburua, Berriozar, Iturgoien eta Txantrea lehiatuko dira.

Finala Antsoaingo kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 26an, 18:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun