Mendialdea elikadura

Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin bat eginez, latxa arrazako ahari genomikoen bigarren enkantea eginen dute maiatzaren 14an Larraunen

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 13:00

Berrogei ahari inguru jarriko dituzte aurten igandean Larraun bailarako Arruitz herrian. Argazkia joan den urteko enkantekoa da.

Arruitzen eginen dute azoka eta enkantea igandean, Larraungo udalak eta ASLANAk antolatua

Joan den urtean bezala, aurten ere bat egingo dute Mendialdeko Azoka Ibiltariak eta Ahari Genomikoen Enkante Nazionalak Larraungo bailaran, Arruitzen hain zuzen ere. Asmo horretan ilusioz aritu da lanean Larraungo udala ASLANA elkartearekin lankidetzan, baita Mendialdeko Azoka Ibiltariaren antolaketan dauden beste erakundeekin ere, Cederna Garalur, Habelarte Elkartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa alegia.

Iazko I. Enkante Nazionalaren arrakasta ikusita, bigarrenari gogoz eutsi diote antolatzaileek, parte-hartzaileen kopurua hobetu nahian eta, tarteka, jarduera berri batzuk programan sartuz. Honekin batera, Mendialdeko Azoka Ibiltariaren 4. edizioko bigarren azoka hartuko du Arruitzek igandean.

II. Enkante Nazionala

Larraungo Udalak eta ASLANAk, Nafarroako Latxa arrazako Ardi Hazleen Elkarteak, Latxa ardi arrazako ahari genomikoen II. Enkante Nazionala antolatu dute iazko edizio arrakastatsuari jarraipena emanez.

ARDI POCTEFA proiektuaren bidez ASLANAk lortu du bere hautapen-eskeman ebaluazio genomikoaren metodologia berritzailea sartzea, eta horrek hobekuntza erritmoan eta lan egiteko moduan aurrerapenak ekarriko ditu. 2022an hasi ziren horretan eta bide oparoa egiten ari dira.

Hala, balio genetiko altuko ahariak enkantean jarriko dituzte Arruitzen, zehazki maiatzaren 14an, edozein abeltzainek eskuratu ahal izan ditzan eta, horrela, Latxa arrazaren hobekuntza jendarte osoari zabalduz. Iaz Nafarroa eta EAEko abeltzain ugari enkantera hurbildu ziren eta antolatzaileek aurten bide horretan sakontzea espero dute.

Iaz 30 ahari jarri ziren enkantean eta horietatik 27 saldu ziren. Artzainen aldetik, 23k parte hartu zuten enkantean eta bataz beste 250 euro ordaindu zituzten ahari bakoitzarengatik. Aurten ahari kopurua apur bat handitu dute, 40 inguru jarriko dituzte enkantean. Ekitaldia 10:00etan hasiko da enkantean jarriko diren ahari genomikoen erakusketarekin, ordutik aurrera enkanterako txartelak erosi ahalko dira eta 12:30ean enkantea hasiko da.

Lehenengo sektorearen garrantzia eta abeltzain zein ekoizle berriei aitortza

Larraun udala 16 kontzejuk osatzen dute. 970 biztanle ditu eta duela hamarkada batzuetatik despopulazioaren fenomenoak kolpatzen du. 1980tik biztanleen %30a galdu ditu. Larraunen, inguru naturalaren eta artzaintza estentsiboaren arteko lotura estua da, tokiko ekonomian duen eragin positiboa oso nabarmena delarik. Ekimen honek despopulazioaren aurka borrokatzeko eskualde-politikekin bat dator, lehen sektoreko ekoizpen-eredu iraunkorren eta lurralde kohesioa bultzatzen duten jardueren deszentralizazioa indartuz. Norabide horretan, enkantea hasi aurretik, azken urteotan Larraunen 1. Sektorera batutako bizilagunak aitortzeko ekitaldia izango da, egundoko aktibo baitira sektorea bera eta Larraungo herriak bizirik mantendu daitezen.

Mendialdeko Azoka Ibiltaria: Larraunen txanda

Larraungo Udalak lekukoa hartuko dio Araizkoari, eta Mendialdeko Azoka Ibiltariaren 4. edizioko bigarren azoka ere antolatuko du igandean. Hemendik urrira arte, beste 7 azoka izango dira Mendialdean, guztira, Araitz eta Larraungoak kontuan hartuta, 9 azoka izanik. Hauxe egutegia:

  • Ekainak 3:  Goizueta + Txundar eguna
  • Ekainak 25:  Lekunberri
  • Uztailak 2:  Latasa (Imotz)
  • Uztailak 30: Jaunsarats (Basaburua)
  • Irailak 10: Leitza + Talo eguna
  • Irailak 24: Areso
  • Urriak 8: Beuntza (Atetz)

Arruitzen, hain zuzen, 23 postu izango dira igandean. Azokan Mendialdeko baserritarrek egindako garaiko produktuak erakutsi eta salduko dituzte: barazkiak, sasoiko fruituak, gazta, eztia, taloa, hestebeteak, haragia, patea, ogia, arrautzak, etab. Eskaintza honi zuraren, zeramikaren, metalaren, ehungintzaren eta abarren lanketarekin lotutako artisautza-postuak gehitu behar zaizkio, gehienak eskualdekoak.

Modu iraunkorrean eta arduratsuan egindako tokiko produkturik onenen eskaintza izango dute Arruitzen, zonaldeko lehengaien erabilera bereziki baloratzen duena. Azoka honen bidez, gainera, hau bezalako landa-eremu hauetako ingurumenarekin, paisaiarekin, ekonomiarekin eta kulturarekin kontziente eta arduratsu den kontsumoa sustatu nahi da. Jende-aurreko ordutegia 10:30etik 14:00etara izango da.

Antolakuntza lanetan Mendialdeko 10 udalek parte hartzen dute (Araitz, Arano, Areso, Atetz, Basaburua, Imotz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri), Cederna Garalur eta Plazaolako Turismo Partzuergoaren koordinazio teknikarien laguntzarekin, baita Mendialdeko Habelarte baserritarren elkartea eta, zonaldeko Araizko Zaporeak LeitzEKO, zonaldeko hezkuntza zentroak eta “Bertatik Bertara Dinamika” bezalako kontsumo elkarteen laguntzarekin ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun