Errigoraren azken kanpaina
Martxoaren 29an bukatu zen Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura udaberriroko kanpaina eta 9.000 eskaera baino gehiago izan dituzte. Ondorioz, 120.000 litro olio eta 26.000 sorta edo lote ailegatuko dira hurrengo asteetan eskutik eskura, Ager eremuko baratzetatik Euskal Herri osoko sukaldeetara.
Errigorak eskerrak eman nahi izan dizkie kanpainarekin bat egin duten guztiei: «Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere eginen baitugu: kontsumitzaileen partetik hartutako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pauso berriak emateko akuilu izanen da».
Gaineratu duenez, «urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatearen dirdira. Baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa. Biba gu!».
Gaurgero, ekoizleak hasiak izanen dira kutxak eta bidoi paletak prestatzen, auzolanean. Eta apirilaren 20tik aitzinera, hori ere auzolanean, herriz herri ailegatuko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek hartu eta kontsumitzaileen entregak antolatzeko.