Demografia datuak

Aniztasun soziokulturala gero eta handiagoa da gure herrietan

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 5a, 14:00

Gure herrietako bizilagunei dagokionez, hamar biztanleetatik bat etorkina da gaur egun. Espainiako Estatistika Institutuak egindako erroldako azken datuen arabera, 2022an 26.526 pertsona zeuden erroldatuak gure herrietan (Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko eremuan) eta horietatik 2.551 bizilagun atzerrian sortutakoak dira, populazio osoaren % 9,62, duela 20 urte baino % 5,45 gehiago.

Hego Euskal Herriko immigrazioaren azterketa egin dute EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak –TTIPI-TTAPA eta ERRAN.EUS ere partaide dira–, datu kazetaritza jorratuta Saretzen proiektuan, eta hori da ateratako ondorioetako bat. 2002tik 2021era atzerritik etorritakoen jatorria, hazkundea eta helmuga aztertu dituzte.

Bada, kontinenteka begiratuz gero, gaur egun, batez ere amerikarrek osatzen dute multzorik handiena gure inguruko herrietan. 2002an, 539 ziren handik iritsitako pertsonak, eta, 2021ean, 1.292. Hala ere, ipar amerikarrak baino, latinoamerikarrak dira. Amerikarren ondotik, batez ere, europarrak iritsi dira gure herrietara (Frantzia, Errumania, Portugal). Izan ere, 2002an, konparaziora, 482 ziren Espainia ezik Europako bertze estatuetatik etorritakoak, eta, 2021ean, 998. Eta Hego Euskal Herriko bertze hainbat tokitan ez bezala, gurean Afrikatik etorritako pertsonen kopurua ttikia da.

«Datozen pertsonak hemen geldituko dira eta euren bizitza hemen garatuko dute»

Halaxe dio Xabier Aierdi soziologoak. «Errealitate berri baten aurrean gaudela erakusten dute datuok, baita errealitate hau egiturazkoa izango dela ere. Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonen aurrean gaudela, hori ez da horrela: datozen pertsonak hemen geldituko dira eta euren bizitza hemen garatuko dute. Pentsatu behar duguna da gizarte berri bat sortuko dela, jatorri desberdinez osatua, eta gure erronkak nolabaiteko hiritartasun praktikoa bultzatu behar duela».

Hogei urteko epean, nabarmen goiti egin du etorkinen kopuruan gure inguruko herrietan. Premiak bultzatuta, baina, gehienbat arrazoi ekonomikoak eta politikoak, hainbat dira euren jatorrizko herrialdeetatik atera eta bertze batera alde egin beharrean aurkitu diren pertsonak.

 

2002-2022: kopuruek goiti egin dute

2022ko errolda jarraituaren datuek erakusten dutenez, Baztango populazioaren % 11,29k (886 pertsona) atzerrian du jatorria, Hego Amerikan batez ere. Antzeko kopurua dute Urdazubi-Zugarramurdin. Bi herri horietan % 10,53 da atzerrian sortua (56 pertsona), batez ere Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Bortzirietan, aldiz, populazioaren % 9,44k atzerrian du jatorria (805 pertsona), Hego Amerikan nagusiki. Malerreka-Bertizaranan kopurua pittin bat apalagoa da: zehazki, populazioaren % 8,76ak atzerrian du jatorria (483 pertsona). Leitzaldean eta Urumealdean antzeko kopuruak dituzte bi eremuetan: % 7,97 Leitza-Areson eta % 7,20 Goizueta-Aranon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun