Migrazio Politikak eta Justizia Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatean migratzaileek duten ekonomia eta demografia inpaktuari buruzko txostena argitaratu zuen ilbeltzaren 20an. Eduardo Santos Itoiz kontseilariak argitu zuenez, «txostenaren helburua ez da migrazioaren eztabaida gertakari utilitaristara mugatzea. Gure departamentuak eta gobernuak beti defendatu du migratzea pertsona guztien oinarrizko eskubide gisa. Baina kultura eta gizarte aberastasunaz haratago, datuen argitan, txosten honek agerian uzten du biztanleria migratzaileak guztion ongizateari egiten dion ekarpen ukaezina».
Nafarroako ekonomia % 4 hazi zen azken hamarkadan, pertsona migratzaileen ekarpenari esker
Aipatu txostena Jose Moises Marin ekonomista eta Nazioarteko Harremanetan adituak eta Anabel Suso soziologo eta ikertzaileak egin eta koordinatu zuten. Egileek azpimarratu zutenez, txostenaren berritasun nagusia hazkunde ekonomikoan duen eragina da. Migratzailerik gabeko Nafarroa baten hazkundea nolakoa izanen litzatekeen aztertu zuten. Ondorioztatu zuten migratzaileak Nafarroako ekonomian parte hartzearen onura ekonomiko globala Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 4ko hazkunde gehigarria izan zela 2013 eta 2021 artean.
Martinek azaldu zuenez, «pertsona migratzaileen bultzada ongizatearen hazkunderako faktore erabakigarrietako bat izan zen. Baliteke pandemiak 2020an izan duen eraginak emaitzak desitxuratu izana; izan ere, 2013 eta 2019 artean, migratzaileek Nafarroako BPGari egindako ekarpena migraziorik gabe espero zitekeena baino % 7,2 gehiago izan zen». Datuek, bertzalde, erakutsi dute migratzaileen parte hartzeari esker Nafarroako ekonomia urteko BPGren % 0,5 hazi zela 2012 eta 2021 artean.
Gainera, Nafarroako gizarteak biztanleria migratzailean inbertitzen duenaren eta hortik jasotzen duenaren arteko saldoa argi eta garbi desberdina da. Foru Erkidegoaren aurrekontua BPGren % 23 inguru zen 2020an, eta Nafarroako migrazioaren kostu fiskala BPGaren % 0,23. Biztanleria migratzaileak Nafarroari egiten dion urteko ekarpena BPGaren urteko % 0,5 da. Beraz, biztanleria migratzaileak Nafarroak haiengan egiten duen inbertsioaren bikoitza itzultzen du.
Txostena egiteko biztanleria migratzailetzat hartu dute 2021ean atzerriko nazionalitatea zuena, hau da, 71.441 pertsona inguru, Nafarroako biztanleriaren % 10,8. Espainiatik kanpo jaiotako pertsonen kopurua Nafarroan handiagoa da: 108.522 pertsona inguru, biztanleriaren % 16,4.
Ez dute lanik kentzen, ezta soldatarik jaisten ere
Hazkunde ekonomikoa aztertzeaz aparte, ikerketak migrazioek eragiten dituzten bertze bortz aldagai aztertzen ditu: kontsumoa, lan merkatua, etxebizitza, zuzenean egotz daitezkeen zerga sarrerak eta migratzaileei zuzenean egotz dakiekeen gastu publikoa. Literatura akademikoak eta enpirikoak planteatzen dutenarekin eta mundu osoan garatu den guztiarekin bat etorriz, txostenaren bertze ondorio nagusietako bat da Nafarroan biztanleria migratzaile gehiago kontratatzeak ez diola eragiten bertako biztanleen langabezia tasa handiagoari. «Datuek gezurtatu egiten dute migratzaileek bertako biztanleei lana kentzen dietela dioen gezurra. Analisiek eta azterketek ez dute datu hori bermatzen Nafarroarako, bertze toki batzuetarako bermatzen ez duten bezala», azaldu zuen ekonomialariak. Are gehiago, txostenaren arabera, biztanleria migratzailearen presentziak lan merkatua dinamizatzen du, eta kontratazio tasak erritmo berean hazten dira, bai tokiko biztanleendako, bai iritsi berriendako.
Era berean, lan merkatuan migratzaile gehiago edo gutiago egoteak ez du eraginik soldatetan. «Ez dago eragin esanguratsurik. Lan merkatuari dagokionez, zenbait sektore espezifikotan egindako 25 erregresio inguruk migrazioak lana kentzen duela, langabezia gehiago sortzen ez duela eta soldatak jaisten ez dituela dioten baieztapenak baztertzen dituzten emaitzak erakusten dituzte», azpimarratu zuen Martinek. Hala ere, azterlanaren arabera, biztanleria migratzaileak zerbitzuetan parte hartze handiagoa izateak emakumeen soldaten igoerarekin modu esanguratsuan eta positiboan erlazionatzen du.
Ikerketak agerian utzi du Nafarroako migratzaileen lan baldintzak Espainiako nazionalitatea dutenak baino nabarmen prekarioagoak direla
Ikerketak agerian utzi du, halaber, Nafarroako migratzaileen lan baldintzak Espainiako nazionalitatea dutenak baino nabarmen prekarioagoak direla: bertako biztanle gehienak (% 79) kontratu mugagabea duten lanpostuetan daude, eta atzerritarren artean, berriz, erdiak baino gehiagok (% 57) aldi baterako kontratua dute. Lanaldiari dagokionez, berriz ere, lanaldi osoa kasu guztietan nagusi bada ere, Espainiako nazionalitatea duten eta lanaldi osoa duten pertsonen proportzioa handiagoa da Espainiako biztanleen artean (% 86) atzerritarren artean baino (% 79).
Era berean, Nafarroan bizi diren migratutako pertsonak maizago pairatzen dituzte langabezia egoerak, eta kalteberago bihurtzen dira. Hala ere, Susok adierazi zuenez, babes sozialeko datuetan ez da inolako desorekarik sortzen, migratzaileek gizartean duten pisua baino ez dute adierazten, eta ez dute dagozkien prestazio gehiago jasotzen, hau da, Nafarroako prestazio guztien % 11,2.
Zahartzeari eta despopulazioari galga
Demografiako alderdiei erreparatuta, Susok atzerritar jatorriko biztanleen papera nabarmendu nahi izan zuen, batez ere lurraldea biziberritzean. «Nafarroan, beste erkidego batzuetan ez bezala, biztanle atzerritar aunitz landa eremuan bizi dira. Nafarroan atzerriko nazionalitatea duten biztanleen % 40, 10.000 biztanle baino gutiagoko udalerrietan bizi dira. % 58, 20.000 biztanletik beherako udalerriak kontuan hartzen baditugu. Erriberako eta Erribera Garaiko udalerrietan bizi dira batez ere. Beraz, biztanleria migratzaileak laneskua ematen dio landa inguruneari, zahartzea eta lurralde despopulazioa geldiarazten ditu», ikertzaileak adierazi zuenez.
Aldaketa zikliko garrantzitsurik ez badago, «migrazio saldoek positiboa izaten segituko dute Nafarroan 2023ra arte; horrek erran nahi du 7.000 migratzaile berri inguruk biztanleria aktiboa urtero handitu eta gaztetuko dutela. Horrek Nafarroako biztanleriak pairatzen duen tasa negatibo handia iraultzen laguntzen du», azaldu zuen Susok. Hori ere funtsezkoa da ongizate estatuari eusteko; izan ere, biztanleria migratzaile gehiena produkzio adinean dago, eta, neurri handi batean, 65 urtetik gorako atzerritar jatorriko biztanleriaren pisu txikiaren ondorioz, Gizarte Segurantzak 2021ean Espainia osorako eskura zituen datuek erakusten dute atzerritarrek gizarte-babeseko sistema horren onuradun gisa duten parte hartzea arras txikia zela: pentsio mota hori jasotzen duten 9.852.529 pertsonetatik % 98,3 nazionalitate espainiarrekoak ziren, eta atzerritarrak, berriz, onuradun guztien % 1,7 baino ez.
Osasunean gastu txikiagoa eta ekarpen fiskal bera
Txostenaren egileek azaldu zuten portaera fiskalaren analisia, saldo osoan, gainerako biztanleen saldo fiskalaren arras baliokidea dela. «Migratzaileei egotz dakiekeen gastuaren % 77 biztanleria migratzaileak berak finantzatzen du. Zifra horiek bertakoen arras antzekoak dira; izan ere, 2021ean, Nafarroako biztanleriaren % 80k ordaintzen dituen zergak baino gizarte zerbitzu gehiago jasotzen ditu, eta hori birbanaketaren funtsezko elementua da», Martinek azaldu zuenez.
Migratzaileek, beren adin tarteagatik, osasun zerbitzuak gutiago erabiltzen dituzte
Txostenaren bertze datu nabarmenetako bat da biztanleria migratzaileak kostu txikiagoa eragiten diola Osasun Publikoari bertako biztanleriak baino, nahiz eta atzerriko biztanleria Nafarroako biztanleriaren % 10,8 izan, Nafarroako Osasun Zerbitzuari sortzen dizkioten gastuak osasun inbertsioen guztizko kostuaren % 5,1 baino ez dira. Migratzaileek, beren adin tarteagatik, osasun zerbitzuak gutiago erabiltzen dituzte. Ospitaleratzeen eta larrialdietako arretaren ehunekoak berdinak badira ere, aunitzez ere hitzordu gutiago dituzte espezialistekin eta lehen mailako arretarekin.
Oro har, biztanleria migratzaileak Nafarroako aurrekontu osoaren % 1 baino gutiagoko kostu garbia sortzen du baliabide publikoetan, eta zuzeneko eta zeharkako zergei dagokienez, Nafarroako biztanleria migratzailea diru-kutxa publikoetan laguntzen ari da 148,6 milioi eurorekin, 2020ko diru sarrera publikoen % 4,1 2020an