Gipuzkoako errepideetan maiz ibiltzen diren auto-gidari nafarrek ere deskontua eska dezakete orain

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 3a, 20:00

2023ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dago Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen erabiltzaileendako deskontu-plan berria, partikularrendako eta profesionalendako. Hilean gehienez ere 35 euro ordainduta, gipuzkoarrek bezala nafarrek eta iparraldeko herritarrek ere baliatzen ahal dute deskontu hori. 2022ko abenduaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen aurrekontu legean aldaketa.

Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bizi eta lana edo ikasketak direla medio maiz Gipuzkoako ordainpeko errepideetan barrena ibili behar dutenek, hemendik aitzinera bidesarietan deskontua izateko aukera dute. 

Nola egin eskaera?

Eskaera www.bidegi.eus webgunearen bidez egin daiteke. Lehenik erregistratu egin behar da lotura honetan sartuta eta Erregistratu dioen tokian klikatuta eta gero alta eskatuz "Deskontu arina ez-profesionala" moduan.

Zer agiri eskatzen dute?
  1. Ibilgailuaren zirkulazio baimena.
  2. Indarrean dagoen Nortasun Agiria edo pasaportea.
  3. Deskontuak kobratzeko kontu korrontearen titulartasun ziurtagiria, eta
  4. TAGaren titulartasun ziurtagiria.

Lau agiri hauek webgunetik bidaltzen dira. Eskaera egin eta hurrengo hilabetetik aitzinera aplikatzen dira deskontuak, hortaz hobe lehenbailehen egitea.

Hona hemen Foru Araua:

6/2022 Foru Araua, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2023. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena

Bosgarrena (amaierako xedapena).  Ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Araua aldatzea, AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zatian erabiltzeko kanonak ezartzekoa.          

Bat.    Artikulu berri bat eransten zaio, 5.a, AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako zatian erabiltzeagatiko kanonaren zenbatekoak finkatzen dituen ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu-Arauari, honela idatzita:

«5. artikulua.  Gipuzkoako Lurralde Historikoan, AP-1 eta AP-8 autobideetako deskontu planari atxikita ez dauden eta pertsona fisikoei aplikatu beharreko deskontuak, kenkari gehigarria eta hileko gastu-muga.

1.    2.1, 3 eta 3.bis artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako deskontuak, kenkari gehigarria eta hileko gastu-muga baliatzeko, 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsona fisikoek inolako jarduera profesional, enpresarial edo ekonomikori atxikita ez dagoen ibilgailu arin baten jabeak edo errentariak izan beharko dute epe luzera, Bidegi SArekin azpiegiturak erabiltzeko kanonaren ordainketan egunean egon beharko dute, eta informazio hau eman beharko diote erakunde horri, eguneratuta mantendu beharko delarik:

  1. Ibilgailu arinen indarreko zirkulazio baimena edo agiri baliokidea.
  2. Pertsona fisikoak epe luzerako errentamendua egiten badu, errentamendu kontratuaren kopia.
  3. Indarrean dagoen nortasun-agiri nazionala edo agiri baliokidea.
  4. Ordaintzeko TAG gailu telematiko baten titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioa, ibilgailuaren matrikulari lotzeko.       
  5. Gailuaren titularraren izenean dagoen banku-kontu baten titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioa, deskontuei dagokien zenbatekoa ordaintzeko.     

Beharrezko informazio guztia eman ondoren, Bidegi SAk deskontuak, kenkari gehigarria eta gastuaren hileko muga aplikatuko dizkie hurrengo hilabete naturaletik aurrera egiten diren bidaiei.            

Baldintzak deskontualdi osoan bete beharko dira.   

2.    Deskontuak eta kenkari gehigarriak hilero aplikatuko dira TAG ordainketa telematikoko gailu bat lotuta duen matrikula bakoitzeko.

Matrikula horri lotutako TAG ordainketa telematikoko gailuaz bestelako ordainketa sistema bat erabiltzen duten bidaiek ez dute deskonturik izango, ezta kenkari gehigarririk ere.

Ordaintzeko gailu telematiko bat erabiltzen bada lotuta dagoen ibilgailua ez den beste ibilgailu batean, ezarritako baldintzak ez direla bete ulertuko da.

3.    Baldintza horiek betetzen ez badira, deskontu-eskubidea, kenkari gehigarria eta hileko gastuaren muga galduko dira. Hori dela eta, ez-betetze aldian sortu diren eta oraindik aplikatu ez diren deskontu guztiak baliogabetuko dira. Halaber, denboraldi horretan egin diren deskontuak, kenkariak eta hileko gastuaren muga itzuli beharko dira».    

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun