Bidesaria duten Gipuzkoako errepideetan maiz ibiltzen diren auto-gidari nafarrek ere deskontua izanen dute urtarriletik aurrera

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 31a, 20:00

Abiaturen erabiltzaileek itxura honetako gailu bat instalatu beharko dute euren ibilgailuan.
Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bizi eta Gipuzkoara lanera edo ikastera joaten direnek, 2023tik aurrera bidesarietan deskontua izateko aukera izanen dute. Auto partikularren kasuan, hilean 20 bidaia baino gehiago eginez gero % 75erainoko deskontua, autobusen kasuan % 63ra iritsiko da deskontua eta enpresako kamioiek eta ibilgailuek %13 gutxiago ordainduko dute. Deskontuez baliatzeko, gidariak alta eman beharko du Abiatu sisteman (Via-T), eta Bidegirekin harremanetan jarri.

Deskontua bidaia kopuruaren arabera

Halaxe iragarri berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2023ko urte hasieratik, hilean 1 eta 8 bidaia artean eginez gero % 25eko deskontua izanen du gidariak; 9 eta 20 bidaia artean eginez gero, % 55ekoa izanen da beherapena, eta hilean 20 bidaia baino gehiago eginez gero, % 75ekoa. Gaur egun, Abiaturen erabiltzaile batek hilabetean 34,47 euro ordaindu behar ditu gehienez, gidariak egiten duen bidaia kopurua edozein dela ere. Datorren urtean gehieneko gastu hori 35,25 eurokoa izanen dela aurreikusi dute.
 
Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik datozen kamioien eta enpresa-ibilgailuen kasuan, jarduera ekonomikoari lotutako ibilgailuen kasuan, hilabetean 20 bidaia baino gehiago eginez gero % 10eko deskontua izanen dute eta 50 bidaia baino gehiago egiten dutenek % 13koa. Alabaina, kamioiendako eta enpresa-ibilgailuendako deskontua 2023ko urriaren 1ean sartuko dira indarrean.

 

Bidesaria dute errepideetan

Deskontuek bidesaria duten bide guztiei eta ibilgailu guztiei eraginen diete, ez bakarrik egoitza Gipuzkoan duten auto partikularren jabeei, orain gertatzen den bezala. AP-8, AP-1, GI-636, N-I eta A-15 errepideetako erabiltzaileek izanen dute onura (azken bi bide horiek kamioiendako bidesaria berreskuratuko dute urtarriletik aurrera). Deskontuak garraio publikoen onurarako izanen dira bereziki. Autobusek, enpresa publikokoek zein pribatuetakoek, % 50eko deskontuak izanen dituzte, kontuan hartuta «CO2 emisioak murrizten dituztela, trafikoa murrizten dutelako». Eta erabilera arruntagatik % 13rainoko deskontu gehigarria jaso ahal izanen dute. Hau da, % 63ra arteko beherapena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun