Ekoizpen ekologikoa arautzen duen foru dekretu berria geldiarazteko eskatu du NNPEKk

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 21a, 11:00
Atzo egindako agerraldia. Argazkia. NNPEK.

Ekoizpen ekologikoa arautzen duen 1999ko foru dekretua eguneratu nahi du Nafarroako Gobernuak, baina NNPEKk ez du begi onez hartu foru dekretuaren proiektua: «Dekretu horrek ez gaitu ordezkatzen, ez da NNPEKrekin adostu, ezta landu ere». Bertzeak bertze, «ziurtapena pribatizatzeko atea irekiko duela» eta NNPEKren «funtzioak eta erabakitzeko ahalmena murriztuko duela» salatu dute.

50 erakunde eta elkarteren babesarekin karrikatara atera ziren atzo nekazari eta abeltzain ekologikoak. Tartean hauen babesa izan dute: Geltoki; Ekoalde; Hazialdeko; EHKO; Landare; ELA; LAB; STEILAS; Etxalde; Sustrai Erakuntza; Greenpeace; Ekologistak martxan; REAS; INTERECO; SEAE eta EAE, Valentzia eta Balear Uharteetako kontseilu ekologikoak… Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak azaroaren 16an aurkeztutako ekoizpen ekologikoa arautzen duen foru dekretua salatu eta ados ez daudela adierazi nahi izan dute.

NNPEK Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak hainbat arrazoirengatik nahi du foru dekretu hori geldiaraztea. Esplikatu duenez, «orain arte NNPEKk Nafarroan kontrol agintaritza bakarraren funtzioak bete ditu» eta «1996an sortu zenetik, 800 operadoreri baino gehiagori egiten dizkie ikuskapenak, baita sektore ekologikoaren sustapena eta egituraketa ere, tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasungarria lortzeko». Argi du «ekoizpen ekologikoaren ziurtapenak irabazi asmorik gabeko erakunde batek egindako jarduera izan behar duela, irizpide objektiboekin eta publikoekin, eta operadoreen ordezkaritza mantendu behar duela».

«Ekoizpen ekologikoaren ziurtapenak irabazi asmorik gabeko erakunde batek egindako jarduera izan behar du»

NNPEKren hitzetan, gobernuak garatutako foru dekretu berriak «erakunde pribatuek ekoizpen ekologikoa ziurtatzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiteko aukera ematen du». Horren harira, «ekoizpen ekologikoa ondasun publikoa» dela aldarrikatu du, «ingurumena eta landa garapena babesten laguntzen du eta modu horretan defendatu behar dugu».

Horrez gain, sinetsita dago NNPEKren «berezko funtzioak murrizten dituela eta bere kudeaketaren autonomia mugatzen» duela: «NNPEKren berezko eginkizunak ekologikoa sustatzera mugatzen ditu, aholkularitza eta formazioa bezalako bertze batzuk ezabatuz eta ziurtapen eta kontrol funtzioa Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ordezkaritzaren eta haren baldintzen mende jarriz».

Aldaketa horietako bat ere ez omen da Europako araudiak ezarritakoa, «gobernua NNPEKren borondatearen aurka egiten ari den murrizketak baizik». Onartu du 1999ko dekretua eguneratu behar dela, «baina ez zaigu zilegi iruditzen eguneratze hori aprobetxatzea ekoizpen ekologikoaren ziurtapena pribatizatzeko atea irekiko duten aldaketak egiteko eta NNPEKren funtzioak eta erabakitzeko ahalmena murrizteko».

«Bidezko elikadura sistema, osasungarri eta iraunkorretarako trantsizioa bultzatuko duen dekretua» exijitu du. Dekretuan «kontroleko agintaritza publiko bakarra NNPEKk izatea eta ziurtasun publikoa blindatzeko borondate politiko argia eta garbia erakustea» eskatu du eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari «solas egiteko» deia luzatu dio, «dekretu berria elkarrekin lantzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun