Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

Saio bikaina egin dute Amets Arzallusek eta Joanes Illarregik Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 19a, 15:30

13.300 lagun bildu ziren atzo Iruñeko Nafarroa Arenan aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaz gozatzera. Maialen Lujanbiok bere hirugarren txapela jantzi zuen, baina eskualdeko bi ordezkariak ere harro egoteko moduan dira. Saran bizi den Amets Arzallus bigarren gelditu zen eta Joanes Illarregi leitzarra ere ederki aritu zen bere lehenbiziko finalean. Zortzigarren postuan, kontent gelditu zen egindako lanarekin.
 
Argazkiak: Alberto Elosegi eta Gari Garaialde. Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Finalaren ondotik, egunaren balorazioa egin zuten zortzi bertsolariek. Amets Arzallusek «bertsoez haratago» doan zerbait dela nabarmendu zuen: «euskaraz bizi den herri baten ametsa bizirik eta pozez, eta etorkizunerako proiekzio eta baikortasunez ikusten den egun bat. Bertsolari bezala baino gehiago, euskaldun bezala horren parte sentitzen naiz. Zoritxarrez bizitzan ez dauzkagu hainbeste egun gisa honetako besta kolektibo haundiak eta baikorki aldarrikatzeko, eta pozik nago neure aletxoa jarri dudalako euskaraz bizi nahi duen herri horren bestan erregai bezala. Segituko dut horretan, segituko dugu horretan, bertsolari eta pertsona bezala ildo horretan sentitzen naizelako».

Joanes Illarregi ere kontent zegoen finalean egindako lanarekin. Atzoko eguna «bide luze baten bukaera bezala» ikusten zuela aitortu zuen, «ez bukaera bakarrik, nik uste borobiltze bat bezala». Pertsonalki nahi zuena lortu zuela adierazi zuen: «Holako oholtza haundi batean gorputzaldi eta alderdi on batekin kantatzea zen nahi nuena, plaza horrek niri gain hartu beharrean hor egoten jakitea. Horretan asmatu dut. Orain poza, esker onak eta zorion hitzak denentzako».

Goizez eta arratsaldez bertsoaz gozatzen

09:00etan ireki zituzten ateak 11:00etarako bete-betea zegoen. Aritz Bidegain Airek eman zuen ongietorria, eta berak deituta, jendearen txalo artean igo ziren zortzi bertsolariak oholtzara, Ion Zaldua Brit gai emailaren gibeletik, zozketak erabakitako ordenan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Nerea Ibarzabal Salegi, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Alaia Martin Etxebeste, Maialen Lujanbio Zugasti, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Beñat Gaztelumendi Arandia.

Epaile lanetan Ainhoa Sarasua Laskarai, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz aritu ziren.

Goizeko saioaren ondotik, eguerdian deskantsurako tartea ailegatu zen, eta bertsolariek aukeratuta Joanes Illarregik kantatu zuen goizeko saioa agurtzeko bertsoa. Arratsaldean, 16:00etan zabaldu zituzten ateak eta 17:00etarako berriz betea zen Nafarroa Arena. Giroa berotzen hasia zen ordurako eta publikoaren olatu tartean, oholtzara igo ziren berriz zortzi bertsolariak, aldi horretan, Alaitz Rekondo Ferrero gai-jartzaile lesakarrarekin. Hurrenkera honetan aritu ziren bertsotan: Alaia Martin Etxebeste, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maialen Lujanbio Zugasti, Beñat Gaztelumendi Arandia, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol eta Aitor Mendiluze Gonzalez.

Zortzi bertsolarietatik Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio sailkatu ziren buruz burukora, eta azkenik, Idoia Anzorandia Kareagak eman zuen saridunaren berri. Maialen Lujanbio da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Hernaniarraren bere hirugarren txapela jantzi zuen atzo (2009, 2017, 2022) Iñaki Muruaren eskuetatik.

Puntuazioa
  Zortziko haundia Zortziko ttikia Puntua emanda Seiko motza Ganbara Hamarreko ttikia Puntutan Banaka Iparragirre abila dela doinuan Zortziko ttikia Ganbarakoa hitza emanda Ganbarakoa gaia emanda Guztira
Maialen Lujanbio 200,00 191,50 175,50 193,00 197,00 196,50 187,50 214,50 205,00 203,00 67,00 209,50 2.240,00
Amets Arzallus 190,50 185,50 178,50 197,00 195,50 200,50 182,50 179,00 188,50 196,00 69,50 203,00 2.166,00
Aitor Mendiluze 176,50 186,00 187,00 185,00 188,00 187,00 196,50 201,00         1.507,00
Sustrai Colina 178,50 182,50 185,50 192,00 198,00 190,50 180,50 187,50         1.495,0
Alaia Martin 185,00 175,50 183,50 184,50 207,50 181,00 181,00 195,50         1.493,50
Beñat Gaztelumendi 177,50 178,00 185,50 179,50 186,00 187,50 175,50 174,00         1.443,50
Nerea Ibarzabal 175,00 173,50 175,50 179,00 192,50 159,50 182,50 198,00         1.435,50
Joanes Illarregi 170,00 176,00 179,00 177,50 179,50 181,50 172,50 185,50         1.421,50

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun