Irachek dekalogo bat argitaratu du 2022ko kontsumoari buruzko hamar galdera ohikoenekin

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 18a, 10:00

Irache kontsumitzaileen elkarteko Alberto Lazkoz eta Susana Arizkun

Argindarraren eta gasaren fakturak, autoen erosketak, telefoniaren kontratuak edo hegaldietan sortzen diren arazoak dira gehien errepikatzen diren zalantzak

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak dekalogo bat argitaratu du herritarrek azken urtean gehien egin dituzten hamar galderei erantzuteko. Hauek dira hamar galdera horiek:


1 - Alda naiteke gasaren tarifa arautura merkatu libreko konpainia batekin kontratua indarrean izan arren?

Bai, kontsumitzaileak eskubidea du gasaren Azken Baliabideko Tarifara (TUR) aldatzeko, nahiz eta bertze konpainia batekin kontratua indarrean izan. Araututako tarifa hau, gaur gaurkoz, merkeagoa da merkatu librean eskaintzen direnak baino. TUR Azken Baliabideko Tarifara aldaketa doakoa izan behar du, eta orain dugun konpainiak ez du horretarako oztoporik jarri behar. Hala ere, kontua da kontsumitzaileak arazoak izaten ari direla tramitatu ahal izateko eta Irachek erreklamazioak bideratu ditu.

Kontsumitzaileak TURera aldatzeko eskaera egiten badu oraingo konpainiarekin duen kontratuaren lehen urtea bete baino lehen, zigor bat aplikatu ahal izanen diote. Zigor hori, gehienez ere, hornidurarako dagoen energia estimatuagatik kontratuan ezarritako prezioaren % 5 izanen da.


2 - Zergatik igo didate argiaren faktura?

Merkatu arautuan, energiaren kostua etengabe aldatzen da handizkako merkatuko prezioaren arabera. Horregatik, hilabete batetik bertzera faktura garestiagoa izan daiteke, egin dugun gastutik haratago.
 
Merkatu librean, aldiz, kontratuaren baldintzei erreparatu behar zaio. Ohikoa da kontsumitzaile batzuei prezioak igotzea kontratua luzatzean (normalean urtero), are gehiago handizkako merkatua gorantz badoa. Nolanahi ere, hilabete lehenago jakinarazi behar dizkiote bezeroei aldaketa horiek, eta orduan, inolako zigorrik gabe konpainia uzteko eskubidea du bezeroak. Hori bai, ez badu bere ezezkoaren berri ematen, prezio berriak aplikatuko dizkiote. Hainbat eta hainbat ez dira aldaketa horien jakitun, eta ordainagiri garestiago bat iristen zaienean harrituta gelditzen dira.
 

3 - Eska dezaket konpentsazio bat 2006 eta 2013 artean erositako autoagatik?

Bai, betiere nire autoa iruzurrean parte hartu zuten auto marken artekoa baldin bazen. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berriki emandako epai baten arabera, kaltetutako kontsumitzaileek 5 urte arteko epea dute erreklamatzeko. Horregatik, kontsumitzaile gehienek 2026ra arte dute kalteengatiko konpentsazioa eskatzeko. Irachek dei egiten die kaltetuak izan zitezkeenei erreklama dezaten; baita bere garaian epez kanpo egon zitezkeela uste zutelako halakorik ez egitea erabaki zutenei ere, urtebetekoa baino ez zela zirudienean. Oro har, kalkulatzen da garestitzea ordaindu zen prezioaren % 10 eta % 15 artekoa izan daitekeela, eta, erosketa bakoitzaren arabera, 1.500 eurotik 9.000 eurora bitartekoa izan daitekeela. Hori zehazteko, kasu bakoitza modu partikularrean aztertu beharko da.
 

4 – Bigarren eskuko autoak arazoak sortu dizkit. Badago berme-eperik saltzaileak bere gain hartu behar duenik?

Kontsumitzaileak bigarren eskuko auto bat erosi badu establezimendu batean, hiru urteko berme-epea du. Hala ere, saltzaileak eta kontsumitzaileak berme-epe laburragoa hitzar dezakete. Epe hori ezin da urtebetetik beherakoa izan.
 
Autoa partikular bati erosi baldin bazaio, eta ez enpresa bati, ezkutuko akatsen kontzeptura jo behar da; hau da, ibilgailuan akats larriren bat badago, eta akats hori ez bazegoen agerian eta erosleak ezin bazuen ezagutu transakzioaren momentuan. Erosketa Nafarroan egin bada, urtebeteko epea dago erreklamazioa egiteko.
 

5- Urte saila dira hipoteka sinatu nuela. Eska dezaket oraindik eskrituraren gastuak itzultzea?

Bai, 2015a baino lehen sinatu ziren hipoteka-gastuen klausula gehien-gehienak erabat deusezak ziren, auzitegiek zehaztu duten bezala. Hori dela eta, kontsumitzaileak eskubidea du erreklamazioa jarri gabekotzat hartzeko eta, ondorioz, ordaindu behar ez zituen ordainketak itzul diezaioten eskatzeko. Itzulketaren kopurua maileguaren zenbatekoaren arabera aldatuko da, ehunka eurotik hasi eta bi mila eurora arte.


6- Telefono eta Internet konpainiaz aldatu naiz. Zergatik daukat lehengo konpainiaren kargu bat?

Printzipioz, kontsumitzaileak eskubidea du telefoniako eta Interneteko enpresaz aldatzeko, nahi duenean. Hala ere, gogoan izan beharko du utzi nahi duen konpainiarekin hitzartutako iraupen-epearen barnean ari den aldaketa eskatzen. Jende aunitz ez da ohartzen horretaz, eta aldatzen denean, lehengo konpainiaren aldetik 200 eurotik gorako faktura hartzen du. Hori bai, iraupen-epe hori berariaz onartu behar da kontratuan, aplikatu zaion abantaila ekonomikoren bati erantzun behar dio, eta kargatutako zenbatekoak betetzeko gelditzen den denborarekiko proportzionala izan behar du. Egonaldi-epeak ezin dira bi urtetik gorakoak izan.
 

7- Autoaren asegurua garestitu zait; konpainiaz alda naiteke nahi dudanean?

Ez, aseguruak duen indarraldia akitu arte egon beharko da, eta gutienez hilabete bat lehenago idatzita abisatu beharko zaio utzi nahi den konpainiari. Oro har, aseguruak urtero berritzen dira. Hortaz, zein den iraupena ziurtatu behar dut, ikusi noiz duen mugaeguna, eta ez bada eurekin segitu nahi, gutienez hilabete bat lehenago jakinarazi idatzi baten bitartez. Funtsezkoa da idatziz eta modu frogagarrian egitea, hartara konpainiak gero ez dezan erran ez zuela baja-eskaerarik hartu. Horrela eginez gero, bertze aseguru-etxe batekin poliza bat negoziatzen has daiteke, eta lehengo polizaren baja gauzatzen denetik aitzinera sartuko da indarrean poliza berria.
 

8 - Oporretan gindoazen, eta lau orduz zain eduki gintuzten aireportuan, hegaldia atzeratu zelako. Zerbait eska dezaket?

Bai. Adibidez, Europar Batasunetik ateratzen diren hegaldietan edo Europar Batasuneko konpainietakoak diren hegaldietan, kontsumitzaileek hainbat eskubide dituzte aitortuta atzerapena gertatuz gero. Distantziaren arabera, jatekoa eta edatekoa eman beharko dute, eta hegaldia hurrengo egunera arte atzeratuko balitz, baita hoteleko gau bat ere. Gainera, atzerapena hiru ordutik gorakoa bada, bidaiari bakoitzeko 250, 400 edo 600 euroko konpentsazioa eska daiteke, bidaiaren distantziaren arabera.
 

9 – Garbigailu bat erosi dut Interneteko orri batean. Oraindik ez da etxera iritsi, eta orain damu naiz. Zerbait egin dezaket?

Bai, Europar Batasunean Internet bidez egindako erosketetan kontsumitzaileak hamalau egun natural ditu produktua etxean hartzen duenetik kontratuan gibelera egiteko, inolako arrazoirik eman gabe. Modu frogagarrian (burofaxa edo e-Posta ziurtatua bidaliz) jo behar du enpresarengana, eta kontratuan atzera egin nahi duela jakinarazi. Kontsumitzaileak produktua itzultzearen ondoriozko gastuak bakarrik ordaindu beharko ditu. Komenigarria da enpresa saltzaileak egoitza soziala non duen ikustea, atzerrian badago, itzultzeko zailtasunak handiagoak izan daitezkeelako. Legeak atzera egiteko eskubidearen salbuespen batzuk biltzen ditu, hala nola produktu pertsonalizatuak edo zaharkituak, bertzeak bertze.
 

10 - Bankuak komisioak igo dizkit.

Printzipioz, banku erakundeak libre dira beren komisioak ezartzeko, betiere benetan emandako zerbitzuei erantzuten badiete. Hori bai, aldatzen badizkizute edo berriak aplikatzen badizkizute, bi hilabete lehenago jakinarazi behar dizute. Erantzuten ez baduzu, onartu dituzula ulertuko dute eta hurrengoan kargatu eginen dizkizute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun