‘Olatu berdea’ ekimena martxan paratu du Ados pilota elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 14:00

«Justifikaezina eta lotsagarria» iruditzen zaie ETBk binakako txapelketako partida bakar bat ere ez ematea

Ados Pilota elkarteak ‘Olatu berdea’ ekimena martxan paratu du, azken hilabeteetan jasandako oztopoei erantzun soziala eman asmoz. Asteburu honetan Beran hastekoa den binakako txapelketako partida bakar bat ere ez du emanen Euskal Telebistak, eta Ados elkarteko ordezkariei «justifikaezina eta lotsagarria» iruditzen zaie «urtean zehar 150 pilota partida antolatzen dituen emakume pilotari profesionalen elkarteari modu honetan bizkarra ematea».

Ados pilota 2021eko maiatzaren 24an sortu zen, emakume pilotariei profesionaltasunaren ateak irekitzeko asmoz. «Raketisten garaitik lortu gabeko erronkari bete betean heldu genion eta gaur harro esan dezakegu hasieratik ezarri genuen helburua bete dugula. Bai, Ados Pilota osatzen dugun pilotariek denboraldi osoko lan kontratua dugu. Baina hori bezain argi genuen emakumeen pilotak etorkizuna izan zezan aldi berean beharrezkoa zela pilota eskola sortzea. Esan eta egin, egun 6-15 bitarteko 30 neska entrenatzen ditugu».

Urte eta erdiko ibilbide honetan 150 partida baino gehiago antolatu eta jokatu dituzte. «150 partida horietatik iaz antolatu genuen Eusko Label binakako txapelketaren finala izan da ETBk telebistaz bota duen bakarra. Aurten irailean ETBri berriz ere gure proiektua aurkeztu eta babes hori handitzeko eskatu genion, gure partidu gehiago telebistaz ematea posible ote zen galdeginez. Gure harridurarako eta hiru hilabete geroago iaz eskaini ziguten partida bakar hori ere ez ematea erabaki dutela adierazi digute».

Eusko Label babeslearen galera

ETBren erabaki horrek bertzelako ondorioak ere ekarri dizkio Ados elkarteari: «Bigarren binakako txapelketa honetarako ere lotuta genuen Eusko Labelen babesa bertan behera geratzea ekarri du. Egoera honetaz jakitun izanda ere eta erabakia aldatzeko behin eta berriz eskatu arren, bide bazterrean utzi gaituzte».

«Injustizia ikaragarri honen aurrean», Ados pilota elkarteari «justifikaezina eta lotsagarria» iruditzen zaio «urtean zehar 150 pilota partida antolatzen dituen emakume pilotari profesionalen elkarteari modu honetan bizkarra ematea. Are gehiago, emakumeak burujabetzan sortutako elkarte bati oztopoak jartzea, erakunde gehienek emakume pilotaren kontura aberasten direnei alfonbra gorria jartzen dieten bitartean».

Oztopoak oztopo borrokan segituko dute, «emakume pilotariok merezi dugun eta nahi dugun etorkizuna erabakitzeko». Azkenik, herritarrei babesa eskatzen diete «olatu berdea martxan jarri eta bulegoetan kendu digutena elkartasun olatu bihurtzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun