Eguberrietako erremonte txapelketako finalerdiak asteburuan jokatuko dituzte Iruritan

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 15a, 12:30
Martikoko Mateo Vivar eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioko Jaime Agirre txapelketaren aurkezpenean. Erremontistak ez ziren aurkezpenean izan. Argazkia: Alicia del Castillo

Ortziralean Uterga eta Otano izanen dira aurrez aurre eta larunbatean Jabalera eta Ion, eta irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 22an Labriten

Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusiko aurkezpena egin zuten abenduaren 14an, asteazken arratsaldean Beran, Martiko enpresaren egoitzan. Osasun arrazoiengatik, badaezpada erremontistak ez ziren aurkezpenean izan, baina txapelketaren berri eman eta finalerdietako gurutzaketen zozketa egin zuten. Hain zuzen, bi finalerdiak Iruritan jokatuko dituzte abenduaren 16an eta 17an. Ortziralean 18:30ean Xanti Uterga doneztebarra Otanoren kontra ariko da eta larunbatean 18:00etan Aimar Jabalera doneztebarra eta Ion izanen dira aurrez aurre. Irabazleek abenduaren 22an, ortzegunean 18:30ean jokatuko dute finala Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Iruritako jaialdietako lehen partidetan, Nafarriak afizionatu mailako erremonte txapelketako partidak ere jokatuko dituzte. Ortziralean, Maylin II.a eta Leatxe, Iturregi eta Sagasetaren kontra ariko dira eta larunbatean, Pikabea eta Mitxeo, Iturregi eta Sagasetaren kontra. Abenduaren 22ko finalaren aitzinetik, Maylin II.a eta Leatxe, Pikabea eta Mitxeoren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun