Bertsolaritzara aro modernoa ailegatu zenetik ez da oholtzan bertsolari nafarrik izan, Miguel Arozamena lesakarra eta Bautista Madariaga aranztarrak izan ziren 1967an Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zuten azken nafarrak, duela 55 urte. Bertze garai batzuk ziren ordea, herrialdetako txapeldun eta txapeldun ordeak izaten baitziren finalean kantatzera gonbidatzen edo deitzen zituzten bertsolariak, eta beraz ez zen orain bezainbertzeko lehiarik izaten finalera sartzeko.
Eskualdera begira paratuz gero, aldiz, 1980ko txapelketan kantatu zuen finalean azkenengoz eskualdeko bertsolari batek: Senperen jaiotako Manuel Sein Xanpunek. Geroztik, jokatutako hamar txapelketetan ez da eskualdeko ez Nafarroako bertsolaririk izan finalean.
Baina, begira dezagun gibelera. Zein da Txapelketa Nagusiaren Historia? Zein izan dira orain arte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatu duten eskualdeko bertsolariak?
1935. urtean jokatu zuten bertsolari txapelketatzat hartzen den lehen lehia, Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolaturik, Donostiako Poxpolin antzokian. Antolatzaileek izendatutako mugaz bi aldetako 20 bertsolari lehiatu ziren, eta tartean zen Matxin Irabola, Senpereko Matxin izenez ezaguna zen bertsolaria. Inazio Eizmendi Basarri izan zen txapelduna, eta Senpereko Matxinek lortu zuen bigarren postua.
Hurrengo urtean, 1936an jokatutako txapelketan ere aritu ziren eskualdeko bertsolariak finalean. Berriz ere Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedik antolatu zuten lehia, baina hiru sailkapen saio jokatu zituzten. 30 bertsolarik hartu zuten parte, eta 10 sailkatu ziren finalera, tartean bi sunbildar: Ximun Ibarra Zubikoa, eta Juan Felix Iriarte Gainza. Jose Manuel Lujanbio Txirrita hernaniarrak lortu zuen txapela.
1980. urtean kantatu zuen eskualdeko bertsolari batek azkenekoz finalean: Xanpunek
Espainiako Gerra Zibila lehertu zen orduan, eta 24 urtez etena izan zuen txapelketak. 1960an jokatu zuten hirugarren edizioa, Euskaltzaindiak antolatuta. Herrialdeetako txapelketak jokatu ziren lehenik, eta egun bakarrean jokatu zuten Txapelketa Nagusia herrialdeetako irabazleekin Donostiako Victoria Eugenian. Urte hartan ere eskualdeko ordezkaritza izan zen: Andres Narbarte Xalto bertsolari goizuetarrak kantatu zuen. 26 urte beranduago Basarrik irabazi zuen berriz ere txapela, eta Xalto seigarren izan zen.
Bi urte beranduago, 1962an egin zuten hurrengo edizioa Euskaltzaindiak antolatuta.Herrialdeko txapelketetan 84 bertsolarik hartu zuten parte, eta horietatik 10 bertsolariak kantatu zuten finalean, Migel Arozamena lesakarrak tartean. Manuel Olaizola Uztapidek lortu zuen txapela.
Handik hiru urtetara, 1965an egin zuten hurrengo edizioa, Donostiako Anoeta pilotalekuan. Bertsolaritza indarra hartzen ari zen ordurako, eta 113 bertsolarik kantatu zuten herrialdetako txapelketetan. Txapelketa Nagusia egun bakarrera jokatu zuten urtarrilaren 1ean eta 10 bertsolarik jokatu zuten, tartean Xalto goizuetarrak. Uztapidek bigarren txapela eskuratu zuen egun hartan.
1967an egin zuten Euskaltzaindiak antolaturiko hirugarren txapelketa. Herrialdetan aukeratutako zortzi bertsolarik kantatu zuten Txapelketa Nagusian, azken edizio lehenengo biekin batera. Bortziritako bi bertsolari aritu ziren kantuan: Miguel Arozamena lesakarra bigarrenez, eta Bautista Madariaga aranztarra lehenengoz.
Bertsolaritzaren gertaraki ezagunenetako bat gertatu zen urte hartako finalean. Goizeko saioa bukatuta, arratsaldeko saiora Uztapide, Fernando Aire Xalbador, Jon Lopategi eta Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki sailkatu ziren eta epaileek buruz burukorako Uztapide eta Xalbadorren izenak eman zituztenean ikusleak haserretueta bost minutu eta erdiz txistuka arituz Xalbador sailkatu izanagatik protesta egin zuten. Iskanbila baretu zenean Xalbadorrek honako bertso hau bota zuen.
Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik:
txistuak jo dituzue bainan
maite zaituztet oraindik!
Urte batzuez txapelketarik jokatu gabe egon ondotik, 1980an bortzgarrenez antolatu zuen Euskaltzaindiak txapeleketa. Antolakuntza molde berri batez, antolatzaileek aukeratutako 16 bertsolarik jokatu zituzten bi kanporaketa, eta ondotik finalean 8 aritu ziren Donostian. Manuel Sein Xanpun Senpereko bertsolaria izan zen finalean aritu zen eskualdeko bertsolari bakara. Xabier Amurizak lortu zuen txapela, eta bera izan zen bertsolaritzaren eraldaketan pertsonari inportanteenetako bat. Amurizarekin batera hasi zen bertsolaritzaren aro modernoa: bertso eskolak sortu zituen, eta baita bertsoan aritzeko bertze modu bat ere.
Orain arte finalistarik ez aro modernoan
1982an egin zuten hurrengo txapelketa, eta ordurako aldatua zen antolatzeko modua ere. 67 bertsolarik hartu zuten parte, eta sailkapen saio ugariren ondotik, Donostian jokatu zuten finala. Berriz ere Amurizak lortu zuen txapela. Ordura arte ez bezala, dagoeneko ez zen eskualdeko bertsolaririk aritu finalean, parte hartu zuen bertsolari bakarra Xanpun izan zen, baina, ez zuen finalera sailkatzerik lortu.
Geroztik jokatutako txapelketa denetan —1986, 1989, 1993, 1997, 2001, 2005, 2009, 2013, 2017— ez da eskualdeko bertsolaririk ailegatu finalera. Baina, horrek ez du erran nahi ez dela eskualdeko ordezkaritzarik izan txapelketan: Josetxo Iantzi, Bautista eta Xalbador Madariaga, Xanpun, Manolo Arozena, Estitxu Arozena, Bittor Elizagoien, Amaia Telletxea, Xabier Legarreta Arano, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Ander Fuentes Itturri, Julen Zelaieta, Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta Etxabe, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Xabat Illarregi eta Joanes Illarregi aritu dira kantuan bertsolaritzaren aro modernoko Txapelketa Nagusietan. Eta orain 2022ko Txapelketa Nagusian Joanes baita finalean ere.
Hala ere, ez da ahantzi behar azken urteetan Saran bizi den baina sortzez hendaiarra den Amets Arzallus bertsolaria ere bihar kantuan izanen dela Iruñean. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta txapeldunorde izan zen 2009an. Gainerakoan, lau aldiz irabazia du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta beste horrenbestetan, Xilaba txapelketa.